Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 24, 3-8.

Zinaitik jaustean,
Moisek jakinarazi ziozkan herriari Jaunaren hitzak eta lege guziak.
Herri guziak aho batez ihardetsi zion :
“ Jaunak erran guziak beteko ditugu.”
Moisek idatzi zituen Jaunaren hitz guziak.
Biharamun goizean, aldare bat egin zuen mendi zolan,
eta hamabi harri ezarri Izraelgo hamabi leinuen izenean.
Gero Izraeldar gazte batzueri manatu zioten erre-opariak egiteko,
eta zezenak Jaunari eskaintzeko bake-opari bezala.
Moisek odolaren erdia hartu eta untzietan ezarri zuen,
eta beste erdia aldare gainean ixuri.
Batasunaren liburua hartu zuen eta herriari irakurtu.
Herriak ihardetsi zuen :
“ Jaunak erran guziak beteko ditugu eta eginen.”
Moisek odola hartu zuen eta herria ihinztatu, erranez :
“ Hau da Batasunaren odola,
Jaunak bere hitz guzien bidez zuekin egiten duen Batasunarena.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

115. Salmoa
Zeru kalitza dut hartuko,
Jaun izenari kantuz ari.

Zer dut Jaunari bihurtuko
Hainbertze baitaut eman neri ?
Zeru kalitza dut hartuko,
Jaun izenari kantuz ari.

Jainkoarentzat gauza gaitza
Bere sainduen heriotza.
Zuri naiz, Jauna, dena zuri,
Ez dut orai nik deus lokarri.

Nik zor eskerrak sarri zuri,
Jaun izenari kantuz ari.
Nik zer eskerrak Jainkoari !
Jaunaren haurrak, bil kantari.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 9, 11-15.

Etortzekoak diren ontasunen apez nagusia da Kristo.
Hura sartu den etxola lehengoa baino handiagoa eta hobea da ;
ez da giza eskuz egina,
erran nahi baita, ez da mundu huntakoa.
Hartan gaindi sartu da behin betiko zeruko saindutegian,
ez akerren eta zezenen odola ixuriz, bainan bere odola ;
eta hola betiko erospena ardietsi dauku.
Beraz akerren eta zezenen odolak, edo ur sakratuak,
kutsaturik direnen gainerat ihinztatuz geroz,
axaleko garbitasuna emanez, horiek sagaratzen baditu,
zenbatez gehiago Kristoren odolak :
betiereko Izpirituak gidaturik,
Jesusek bere burua eskaini zion Jainkoari itzalgabeko oparitzat ;
eta haren odolak garbituko du gure kontzientzia
heriotzerat deramaten egintzetarik,
Jainko biziari kultua emaiteko gai izan gaitezen.
Horrengatik Kristo Batasun berri baten bitartekoa da,
bere heriotzeaz
lehen Batasunaren denboran egin hutsak barkatu baititu ;
horrela, deituak direnek ukan dezakete
hitzemana den betiereko ondarea.

 

Lauda Sion Salvatorem (ad libitum – bertsio laburra ikus : *** Huna aingeru ogia…)

Aipa, Zion, Eroslea,
aipa Artzain eta Jauna
kantuz errepiketan.

Ahal oroz berma zaite :
goresmener nausi baita,
ez daite aski gorets.

Goraipatu dehar dena
da egun Ogi bizia
eta bizitzailea.

Azken afarian baitzen
hamabi apostoluer
zinez emana izan.

Laudorio eta kantu,
bozkario eta ospe :
pitz ditela bihotzak.

Besta handia da egun :
gaur da mahain sainduaren
sakramendua egin.

Errege mahain berrian,
lege berriko Bazkoak
lehengoa itzaltzen.

Zaharra joan da,
berria jin, itzala joan da,
egia jin, gaua joan du argiak.

Kristo egun moldatua
egiteko manatu du
hartaz berriz oroituz.

Harek manatu bezala,
ogi-arnoak ditugu
Gorputz saindu egiten.

Hau dakite fededunek :
ogia dela Gorputzen
eta arnoa Odol.

Ezin ikus daiten horrek
lekuko du sinestea,
nahiz harrigarri den.

Bi itxura moten pean,
iduriz bi, izaitez bat,
jainkozko gauzak daude.

Janari ala edari
hor dugu osoan Kristo
bi itxuren azpian.

Hartuz ez da zatikatzen
hausten ala porroskatzen :
osokian hartzen da.

Batek dauka, milek ere,
milek zenbat, batek hanbat :
janez ez da suntsitzen.

Onek bere, tzarrek ere,
ez ondorio berekin :
pizten du, ala hiltzen.

Tzarrak hiltzen, onak pizten :
ogi beraren jatetik,
horrak bi ondorio.

Sakramendua hauts eta,
ez dudan sar, bainan oroit,
hanbat badela zatian
osokian bezenbat.

Ez da deus hautsia denik,
itxura du puskatua :
Kristo bera berdin dago
heinez eta izaitez.

*** Huna aingeru ogia,
zerurakoen janari.
semen ogi garbia
ez bota zakurreri.

Geroko hunen iduri
Izaak zen hiltzen ari,
Bazkotan Bildotsa jana,
zerutik jausten mana.

Artzain ona, gure jana,
barkamendu, Jesus, eman.
Haz gaitzazu, zain gaitzazu :
zabal gure zoriona
bizien erresuman.

Denak jakin, denak egin
detzazkezun janaria,
eman guri mahain xuri
eman zu zauden loria
zure zerukoekin.
Amen. Alleluia !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Ni naiz ogia, dio Jaunak,
Ogi bizia zeruetarik etorria.
Hau jaten duten fededunak
Biziko dire betiere.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 14, 12-16. 22-26.

Altxagarrigabeko Ogien bestako lehen eguna zen,
Bazko-bildotsaren hiltzeko eguna.
Dizipuluek Jesusi erraiten diote :
“ Non nahi duzu prestaketak egin ditzagun zure bazko-afarirako ?”
Bere dizipuluetarik biga igortzen ditu, erranez :
“Zoazte hirirat, eta pegar bat ur deraman gizon bat
etorriko zaitzue biderat : jarraik hari.
Eta sartuko den etxeko nagusiari errozue :
Hau dio Irakasle jaunak :
non da nere dizipuluekin Bazkoa jateko tokia ?
Hark gaineko gela handi bat erakutsiko dautzue, apaindua eta prest.
Presta zazue han behar dena.”
Joan ziren dizipuluak, eta hirirat heltzean,
Jesusek erran bezala aurkitu zuten dena,
eta Bazko-afaria prestatu zuten.
Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen,
eta, benedizione-otoitza eginik, zatitu zuen,
eta eman zioten, erranez :
“ Har zazue, hau nere gorputza da.”
Gero, kalitza hartu eta eskerrak erranik, eman zioten,
eta guziek hartarik edan zuten.
Eta erran zioten :
“ Hau nere odola da, Batasunaren odola, guzientzat ixuria.
Egiaz diozuet : ez dut gehiago arnorik edanen,
Jainkoaren erreinuan arno berria edanen dutan egun hura arte.”
Salmoak kantatu ondoan, Olibetako mendirat atera ziren.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, Mezetako deiak, B, 2

Haurrideak, gure begi-bihotzak zabal ditzagun gizon guzien ganat, heientzat baitu Jesusek amodioz eta libroki bere bizia eman.

1. Gure girixtino haurrideentzat : beti gehiago Jaunaren hitzaz eta haren ogiaz gose izan diten fededunak, egin dezagun otoitz.

2. Beren bizia Ebanjelioaren gatik emaiten dutenentzat, Jaunaren amodioaren lekuko suharrago izan diten, egin dezagun otoitz.

3. Ezkonduentzat, beren hitzari leial egonez, Jaunaren amodioaren seinale izan diten ; fraile eta serorentzat, seinale izan diten Jaunaren amodioa oroz gainetik dela, egin dezagun otoitz.

4. Goseak, gerlak, zuzengabekeriak, eritasunak joak direnentzat : bake-egileak eta maitasun emaileak kausi ditzaten beren ondoan, egin dezagun otoitz.

Jainko Jauna, gizon guzien Aita, entzun, otoi, gure galdeak.
Eta zure Izpirituaz egin gaitzazu zure Amodioaren lekuko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du