Izai profetaren liburutik 62, 1-5.
Zionengatik ez naiz ixilduko,
Jerusalemengatik ez naiz geldirik egonen,
haren zuzentasuna, goiz-argia bezala, agertu arte,
eta haren salbamenduak, argiak bezala, distiratu arte.
Herriek ikusiko dute zure zuzentasuna,
eta errege guziek zure ospea.
Izen berria ezarriko zaizu, Jaunak berak emana.
Jaunaren eskuan korona eder izanen zira,
zure Jainkoaren esku zabalean errege korona.
Ez zaituzte gehiago deituko “Utzia”,
ez eta zure lurraldea “Basamortua”,
“ Ene atsegina” deituko zaituzte,
eta “Ene emazte” zure lurraldea,
Jaunak zure baitan izanen baitu atsegin,
eta zure lurraldea emaztetzat hartuko.
Mutila neskatxarekin ezkontzen den bezala,
hala ezkonduko da zurekin zure eraikitzailea ;
senarra emaztearekin pozten den bezala,
hala poztuko da Jainkoa zurekin.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
95. Salmoa
Gorarik aipa herriz herri
Zoin den Jainkoa miragarri !
Kanta Jaunari herriz herri,
Kanta guziek kantu berri.
Kanta Jaunaren izenari,
Mundu guzia jauz kantari.
Aipa noiz nahi munduari
Zoin den orotan salbagarri.
Hura goraipa herriz herri,
Eman lurrez lur haren berri.
Ekar Jaunari, kantuz ekar,
Herri guziek ospe, indar.
Jaunak izena hain du azkar,
Zor goresmenak kantuz ekar.
Mundu guzirat has oihuka :
Jainko da Jauna, ezin uka.
Harek mundua xutik dauka :
Herriak zuzen derabilzka.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 12, 4-11.
Haurrideak,
ainitz gisetako dohainak badira, bainan Izpiritu bera.
Ainitz gisetako zerbitzuak, bainan Jaun bera.
Ainitz gisetako egintzak, bainan Jainko bera,
guzietan guzia egiten duena.
Bakotxari guzien onerako emana zaio
Izpirituaren agertzeko dohaina.
Bati zuhurtziaz hitz egitea emana zaio Izpirituaren bidez ;
beste bati, Izpiritu beraren arabera, jakitatez hitz egitea ;
beste bati, Izpiritu beraren baitan, sineste-dohaina ;
beste bati, Izpiritu bakarraren baitan, sendatzeko dohaina ;
bati, mirakuiluak egiteko ahala ;
beste bati profeta egitea,
beste bati izpiritu faltsuak eta egiazkoa berextea,
besteari hizkuntza arrotzez mintzatzea ;
eta beste bati hizkuntza horren erran-nahia adiaraztea.
Horiek guziak, ordea, Izpiritu bakar eta berak egiten ditu,
bere dohainak nahi duen bezala bakotxari emanez.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Boztu, Batasun berriagatik :
Boztu, Bildotsak eztei-afarira deituak !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 2, 1-11.
Ezteiak izan ziren Galileako Kanan,
eta Jesusen ama han zen.
Jesus eta haren dizipuluak ere ezteietarat gonbidatuak ziren.
Eta arnoa eskastu baitzen, amak erran zion Jesusi :
“ Arnorik ez dute.”
Jesusek ihardetsi :
“ Emaztea, zer nahi duzu ?
Nere orena ez da oraino etorria.”
Jesusen amak erran zioten zerbitzarieri :
“ Erranen dautzuena egizue.”
Baziren han harrizko sei untzi,
Juduek beren garbiketen egiteko erabili ohi zituztenak,
bakotxa ehun bat litrokoa.
Jesusek zerbitzarieri erran zioten :
“ Bete untziak urez.”
Eta gaineraino bete zituzten.
Orduan erran zioten:
“ Erauts, orai, eta ereman mahaizainari.”
Eta heiek ereman zioten.
Mahaizainak ur arnotua jastatu zuen, nondik zen jakin gabe ;
zerbitzariek, bai, bazakiten, berek erautsia baitzuten ura.
Orduan, mahaizainak dei egiten dio ezkonberriari eta erraiten dio :
“ Denek arno ona emaiten dute lehenik,
eta, jendea edana delarik, txarragoa.
Zuk, aldiz, orai arte atxiki duzu arno ona.”
Hau izan zen Jesusek egin zuen lehen ezaugarria.
Galileako Kanan egin zuen.
Hola agertu zuen bere aintza,
eta dizipuluek haren baitan sinetsi zuten.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du