Lehen irakurgaia

Jonas profetaren liburutik 3, 1-5. 10.

Jauna Jonasi mintzatu zitzaion, erranez :
“ Xuti eta zoaz Ninibe hiri pagano handirat,
eta predika han nik emaiten dautzutan mezua.”
Jonas xutitu zen eta Niniberat joan, Jaunak manatu bezala.
Ninibe hiri izigarri handia zen :
hiru egun behar ziren alde batetik besterat iragaiteko.
Jonas hirian sartu zen eta egun baten bidea egin zuen,
mezu hau hots eginez :
“ Oraino berrogei egun eta Ninibe suntsitua izanen da.”
Berehala Ninibetarrek sinetsi zuten Jainkoaren baitan.
Barurako deia oihukatu zuten,
eta denak, handi eta ttipi, dolu-jantziz estali ziren.
Ikusi zuen Jainkoak Ninibetarrek egiten zutena,
eta beren bide makurretarik baztertzen zirela,
eta heieri egin mehatxua ez zuen bete.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

24. Salmoa
Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri,
Emazu ere xendren berri !

Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri :
Emazu ere xendren berri.
Zure egia igor zadazu aitzindari,
Dena bainago beti zuri.

Zer amodio duzun guretzat, orroit, Jauna,
Zer sekulako bihotz ona.
Ez gogoan har nere gazteko bekatuak,
Nere gaitz ezin ukatuak.
Neurri gabeko bihotz onean har nezazu,
Osoki ona baitzare zu.

Ona da ona eta zuzena Jainko Jauna :
Harek zuzentzen makur dena.
Apalak ditu zuzen zuzenik joanarazten,
Beren bidean ibil diten.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 7, 29-31.

Haurrideak, hau erran behar dautzuet : epea laburra da.
Beraz, ezkonduak bizi daitezela ezkonduak ez balira bezala ;
nigar egiten dutenak, nigar egiten ez balute bezala ;
bozkarioz daudenak, hala ez balaude bezala ;
erosten dutenak, deusik ez balute bezala ;
mundu huntako gauzez baliatzen direnak,
baliatzen ez balira bezala.
Mundu hau, orai ageri zaikun itxuran, itzaltzera baitoa.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Hurbil duzue Jaungoikoaren Erreinua :
Sinets Kristoren Berri Ona !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 14-20.

Joanes Bataiatzailea preso sartu zutenean,
Jesus Galilearat joan zen
Jainkoaren Berri Ona predikatzera.
Erraiten zuen : “ Betea da denbora,
eta hurbildua Jainkoaren erregetza.
Bihozberri zaitezte eta sinets Berri Ona.”
Galileako itsasbazterretik iragaitean,
Jesusek Simun eta haren anaia Andres ikusi zituen
sareak uretarat botatzen, arrantzaleak baitziren.
Jesusek erran zioten :
“ Zatozte nere ondotik, eta giza arrantzale eginen zaituztet.”
Heiek, berehala sareak utzirik, jarraiki zitzaizkion.
Urruntxeago, Jesusek ikusi zituen
Jakobe, Zebedeoren semea eta Joani haren anaia,
beren untzian sare antolatzen ari.
Berehala Jesusek dei egin zioten.
Beren aita Zebedeo eta mutilak untzian utzirik,
Jesusen ondotik joan ziren.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Gure Jainkoa guziz ona da. Egin diezogun otoitz gizon guzien salbamenduarentzat.

1. Elizarentzat: heldu den Erreinua predika dezan, ez hitzez bakarrik, bainan bere biziaz lehenik, berak bihotz-berritzearen etsenplua emanez, egin dezagun otoitz.

2. Apostoluak bezala, beren haurrideen zerbitzari izaiterat deituak direnentzat: ukan dezaten indar, denak utzirik, bozkariotan Jaunari jarraikitzeko, egin dezagun otoitz.

3. Jauna ezagutzen ez dutenentzat: Jaunak igor dezoten Jonasen iduriko profeta bat, bere amodioaren mezulari, egin dezagun otoitz.

4. Betiereko biziaz axolarik gabe bizi direnentzat, nigarretan daudenak eta pobreak ahantzirik:
Jaunak idek ditzan heien bihotzak haurrideen amodioari, egin dezagun otoitz.

5. Jaunaren amodioak hemen bildu gaituenentzat: jakin dezagun gure biziko denbora behar bezala baliatzen, haren hobeki maitatzeko.

Jainko gure Aita, entzun, otoi, gure galdeak:
Jesusek deitzen baigaitu gizon-arrantzale izaiterat, emaguzu hari jarraikitzeko grazia.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du