Apostoluen Egintzetarik 10, 34. 37-43.
Petri Zezarerat etorri zen, ehuntari erromano baten etxerat.
Hunela mintzatu zen :
“ Badakizue zer gertatu den Galileatik hasi eta Judea osoan,
Joanesek predikatu bataioaren ondotik :
Nazareteko Jesus,
Jainkoak kontsekratu zuen Izpiritu Sainduaz,
eta indarrez bete.
Bazabilan ongia eginez,
eta debruak bere meneko zauzkan guziak sendatuz,
Jainkoa berekin baitzuen.
Eta gu, Apostoluak,
harek Juduen lurraldean eta Jerusalemen
egin dituen guzien lekuko gira.
Hil dute zur batetik dilindan.
Bainan Jainkoak piztu du hirugarren egunean.
Eta eman dio agertzeko ahala, ez herri guziari,
bainan Jainkoak aitzinetik hautatu lekukoeri, guri,
hura hiletarik piztu ondoan,
harekin jan eta edan duguneri.
Manatu dauku herriari predika diezogun,
eta lekuko izan gaitezen
hura dela Jainkoak bizien eta hilen juje ezarri duena.
Profeta guziek aitormen hau egiten dute hartaz :
Haren baitan sinesten duten guziek
haren bitartez bekatuen barkamendua ukaiten dutela.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
117. Salmoa
Hau da eguna, Jaunarena,
Gaur piztu baita Jesus Jauna.
Jaunari kanta, ona baita,
Amodioa betiko baitu betikoa.
Jainkozaleek, gora kanta :
Amodioa betikoa du betikoa.
Jainko eskua, esku gaitza :
Jainko eskuak, esku azkarrak, zer laguntza.
Joan zait hiltzeko oren beltza :
Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza.
Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.
(hautura)
Jondoni Paulok Koloziarreri 3, 1-4.
Haurrideak,
Kristorekin piztu zireztenaz geroz,
bila-zkitzue gain hartako gauzak,
han baitago Kristo, Jainkoaren eskuinaldean jarria.
Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, eta ez lurrekoetarat.
Hilak zirezte, alabainan,
eta zuen bizia Kristorekin gordea dago Jainkoaren baitan.
Kristo, zuen bizia, agertuko denean,
zuek ere, orduan, harekin agertuko zirezte, ospe betean.
EDO :
Jondoni Paulok Korintiarreri 5, 6-8.
Haurrideak,
badakizue altxagarri pixka batek ore guzia harrotzen duela.
Kenazue altxagarri zaharra, eta izan ore berri,
altxagarri gabeko Bazko-ogia bezala zireztenak,
Kristo gure Bazko-bildotsa opari eskainia izan baita.
Ospa dezagun beraz Bazko-besta,
ez altxagarri zaharrarekin,
tzarkeriazko eta gaixtakeriazko altxagarriarekin,
bainan altxagarri gabeko ogiarekin,
bihotz-garbitasunaz eta egiaz.
Bigarren irakurgaiaren ondotik kantatzen da :
Victimae Paschali
Bazkotako Bildotsari
kantuz has, fededunak.
Ardientzat Bildotsa,
bekatorentzat Kristo
hil da gu baketuz Aitarekin.
Hiltze ta biziaren
gudu miresgarria :
Bizien nausia hilik bizi.
« Errazu, Maria,
nun zer duzun ikusi ? »
« Bizi denaren hobia,
eta piztu Kristoren loria.
Aingeruak eta
hil-oihalak lekuko.
Piztu da Kristo, pitz gaiten :
zuen beha dago. »
Zinez Kristo piztu zaiku,
hiletarik piztu :
Nausitu Errege, guri barka.
Amen. Alleluia.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Bazko Bildotsa Bazkoz hila,
Kristo guretzat eskaini da.
Egin dezagun denek besta
Jaunaren baitan, alleluia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 20, 1-9.
Astearen lehen egunean,
Maria Madalena hilobirat joan zen
goizean goizik, iluna zelarik oraino,
eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, lasterka joan zen Zimun Petriren
eta Jesusek maite zuen beste dizipuluarenganat.
Eta erran zioten :
“ Jauna hilobitik ereman dute,
eta ez dakigu non ezarri duten.”
Petri atera zen beraz, bai eta beste dizipulua,
eta joan ziren hilobirat.
Biak elkarrekin lasterka zoatzin,
bainan beste dizipulua Petri baino lasterrago zoan,
eta lehenago heldu zen hilobirat
Ukurturik oihalak zabal-zabala ikusi zituen,
bainan ez zen sartu.
Etorri zen ere Zimun Petri haren ondotik, eta hilobian sartu zen.
Zabal-zabala ziren oihaleri so egin zioten,
bai eta Jesusek buru gainean izan zuen hil-oihalari ere ;
hau ez zen beste oihalekin batean zabal-zabala,
bainan berex, biribilkaturik leku batean.
Orduan, sartu zen beste dizipulua ere, hilobirat lehen heldu zena.
Ikusi eta sinetsi zuen.
Alabainan, ordu arte dizipuluek ez zuten konprenitu
Liburu Sainduak diona,
Jesusek hilen artetik piztu behar zuela.
Har daiteke ere Bazko gaueko ebanjelioa, urtearen araberakoa. Edo Bazko arratseko mezan :
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 13-35.
Jesus hil eta hirugarren egunean,
bi dizipulu bazoatzin Emauz deitu herrixka baterat,
Jerusalemetik bi orenen bidean,
Eta elkarrekin mintzo ziren Jerusalemen gertatu guziez.
Solasean eta eztabadan ari zirela,
Jesus bera hurbildu zitzaioten, eta heiekin batean zoan.
Bainan heien begiak itsu zauden, eta ez zuten ezagutzen.
Jesusek erran zioten :
“ Zertaz mintzo zinezten bidean ?”
Orduan gelditu ziren, begitartea ilun.
Bietarik batek, Kleofas deituak, ihardetsi zion :
“ Jerusalemen zirenetarik bakarra bide zira,
egun hauetako gertakarien berri ez dakiena.”
Jesusek erran zioten :
“ Zer gertakari ?”
Heiek ihardetsi
“ Nazareteko Jesusi gertatua:
gizon hori profeta ahaltsua zen egitez eta hitzez,
Jainkoaren eta herri guziaren aitzinean.
Apezburuek eta gure buruzagiek eman dute,
hiltzera kondenatzeko, eta gurutzefikatu dute.
Guk uste ginuen, harek zuela libratuko Izrael.
Bainan, horiek hola, horra hirugarren eguna hori gertatu dela.
Egia erran, gure arteko emazte batzuek harritu gaituzte :
goizean goizik joan dira hilobirat
eta haren gorputza ez dute aurkitu ;
bainan etorri zaizkigu erranez agertze bat izan dutela :
aingeruak, Jesus bizi dela baitzioten.
Guretarik zenbait hilobian izan dira
eta emazteek erran bezala aurkitu dute guzia :
bainan bera ez dute ikusi.”
Orduan, Jesusek erran zioten :
“ Oi zentzugabeak ! Zein nagia den zuen bihotza
profetek erran guzien sinesteko !
Mesiasek ez ote zituen horiek guziak jasan behar
bere aintzan sartzeko ? ”
Eta Moisenganik hasi eta profetaz profeta
Liburu sainduek hartaz erran guzia argitu zioten.
Zoatzin herrixkarat hurbildu zirenean,
Jesusek urrunago joaitera egin zuen.
Bainan geldiarazi beharrez ari zitzaizkion, ziotela :
“ Zaude gurekin, iluntzera doa, eta eguna jadanik apaldua !”
Eta sartu zen heiekin egoiteko.
Mahainean heiekin jarri zelarik,
Jesusek ogia hartu zuen, benedikapen-otoitza erran,
zatitu, eta heieri eman zioten.
Orduan begiak ideki zitzaizkioten, eta ezagutu zuten ;
bainan Jesus itzali zitzaioten.
Elkarri erran zuten :
“Ez ginuena gure baitan bihotza sutan,
bidean mintzo zitzaikularik, Liburu Sainduak argituz ? ”
Eta berehala altxatu ziren eta Jerusalemerat itzuli.
Han hameka apostoluak eta hauen lagunak
bildurik aurkitu zituzten, ziotela :
“ Egia da! Jauna piztu da eta Zimuni agertu zaio.”
Bi dizipuluek bidean gertatua kondatu zioten,
eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Haurrideak, otoitz kartsu batean itzul gaiten Bazkoz Piztu denaren alde, bizia emaiten duen Bizidunaren alde.
1. Girixtino izena duten guzientzat: azkar dadin guzien fedea eta bere fruitua eman dezan bizitze saindu baten lekukotasunean, egin dezagun otoitz.
2. Egiaren bila dabiltzanentzat, dudetan direnentzat: Kristoren argiak ken ditzan heien bihotzetako ilunbeak, egin dezagun otoitz.
3 Neke eta atsegabetan direnentzat: esperantzak argi ditzan heien bihotz ilunduak, egin dezagun otoitz.
4. Gau huntan bataiatuak izan direnentzat: beren haurride girixtinoen baitan kausi dezaten laguntza eta sustengu, egin dezagun otoitz.
Zaude gurekin, Jesus berpiztua,
eta emaguzu haurride guziekin partekatzea
gure fedea eta bozkarioa. Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.
Parropia bakotxak egokitu behar du