Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 6, 1-2a. 3-8.

Ozias erregea hil zen urtean,
Jauna ikusi nuen tronu gora batean jarria ;
haren jauntziaren hegalak Tenplua betetzen zuen.
Zerafin batzu zituen gain aldetik.
Elkarri oihuz ari ziren, ziotela:
“ Saindu, saindu, saindua, diren guzien Jauna !
Lur osoa betetzen du haren aintzak.”
Oihu hortara, ateen kontzak dardaratu ziren,
eta Tenplua kez bete zen.
Orduan erran nuen :
“ Zorigaitz neri ! Galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut,
eta ezpain kutsatuak dituen herrian bizi bainaiz :
eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien Jauna ! ”
Zerafinetarik bat etorri zitzaitan hegaldaka,
aldaretik suhatzekin hartu ikatza sutan zaukala eskuetan.
Ikatzarekin ahoa hunkitu zautan, erranez :
“ Hunek hunkitu dauzkitzu ezpainak,
eta orai kendu zaizu hobena, barkatu bekatua.”
Orduan Jaunaren mintzoa entzun nuen erraiten :
“ Nor igorriko dut ? Nor izanen dugu mandatari ? ”
Eta nik ihardetsi :
“ Huna ni ! Igor nezazu ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

137. Salmoa
Gaur aingeruen aitzinean,
dugun Jaunari esker eman !

Eskerrak zuri, eskerrak, Jauna, bihotz osoz
Otoizka entzun nauzulakotz.
Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko,
Tenplo alderat belauniko.

Eskerrak zuri, on baitzare, on eta zuzen :
Zuk hitza funski atxikitzen.
Nik zuri oihu egin orduko, zuk ni entzun :
Zer indar gaitzaz bete nauzun.

Eskerrak zuri, lurreko jaunek orok betan,
Zuk hitzemanak aditzean.
Jaunak eginez guziak kantuz badabiltza :
Bai Jainko Jaunak ospe gaitza.

Zure eskua luzatuz nauzu beti zaintzen,
Zu, behar deno, zain egonen.
Zuk duzu, Jauna, betiereko bihotz ona,
Sekulan ez utz hasi lana.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15,1-11

Haurrideak,
irakatsi nautzuen Berri Ona oroitarazten dautzuet ;
onartu zinuten, hari atxikiak zaudezte.
Eta harek salbatzen zaituzte,
nik irakatsi nautzuen bezala begiratzen baduzue ;
bestela alferrik sinetsi duzue.
Lehen lehenik, hau ekarri dautzuet,
nihaurek ukan nuena:
Kristo gure bekatuengatik hil da, Liburu Sainduek erran bezala ;
ehortzi dute eta hirugarren egunean piztu da,
Liburu Sainduek erran bezala.
Petriri agertu zaio, eta gero Hamabieri.
Gero, aldian bostehun baino gehiago haurrideri agertu zaiote ;
heietarik gehienak bizirik dira oraino, zenbait hil badira ere :
Gero, Jakoberi agertu zaio, eta ondotik apostolu guzieri.
Azkenekotz, neri ere agertu zait,
tenorea baino lehen sortu haurra bezalakoa naizen huni.
Alabainan, Apostoluetan ttipiena naiz,
apostolu izenik ere merezi ez duena,
Jainkoaren Eliza pertsegitu dutalakotz.
Bainan, naizen hau, Jainkoak bere graziaz egin nau,
eta haren grazia ez da fruiturik gabea izan nere baitan.
Beste guziek baino lan gehiago egin dut :
egia erran, ez nik, bainan Jainkoaren graziak nerekin.
Dena den, bai heiek eta bai nik, hori dugu predikatzen,
eta hori da zuek sinetsi duzuena.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 1-8 .11

Haurrideak,
irakatsi nautzuen Berri Ona oroitarazten dautzuet ;
onartu zinuten, hari atxikiak zaudezte.
Eta harek salbatzen zaituzte,
nik irakatsi nautzuen bezala begiratzen baduzue;
bestela alferrik sinetsi duzue.
Lehen lehenik, hau ekarri dautzuet,
nihaurek ukan nuena:
Kristo gure bekatuengatik hil da, Liburu Sainduek erran bezala;
ehortzi dute eta hirugarren egunean piztu da,
Liburu Sainduek erran bezala.
Petriri agertu zaio, eta gero Hamabieri.
Gero, aldian bostehun baino gehiago haurrideri agertu zaiote;
heietarik gehienak bizirik dira oraino, zenbait hil badira ere:
Gero, Jakoberi agertu zaio, eta ondotik apostolu guzieri.
Azkenekotz, neri ere agertu zait,
tenorea baino lehen sortu haurra bezalakoa naizen huni.
Dena den, bai heiek eta bai nik, hori dugu predikatzen,
eta hori da zuek sinetsi duzuena.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Zatozte nerekin, dio Jaunak
Eta giza arrantzale eginen zaituztet.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 5 , 1-11.

Behin, Jesus Genezaret aintzira bazterrean gelditua zen ;
jendea gainean zuen Jainkoaren hitza entzuteko.
Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldituak :
arrantzaleak untzitik jautsi eta sareen garbitzen ari ziren.
Igan zen txalupa heietarik baterat, Zimunenerat,
eta leihorretik pixka bat urruntzeko galdegin zion.
Gero, jarri eta untzitik jendeari irakasten ari izan zen.
Mintzaldia bururatu zuenean, Zimuni erran zion :
“ Jo zabalerat, eta bota sareak arrantzarako.”
Zimunek ihardetsi zion :
“ Irakasle jauna, gau guzian eginahalak egin eta,
deusik ez dugu hartu ;
halere, zuk diozunaz geroz, botako ditut sareak.”
Hala egin zuten, eta arrainketa gaitza harrapatu,
sareak urratzen ari baitziren.
Beste untziko laguneri keinu egin zioten, laguntzerat etortzeko ;
etorri ziren, eta bi untziak bete zituzten hondatzerainokoan.
Hori ikustearekin,
Zimun Petri Jesusen oinetarat erori zen, erranez :
“ Urrun zaite niganik, Jauna, bekataria bainaiz.”
Alabainan, lazturak hartuak zituen, hura eta harekilako guziak,
holako arrainketa harturik.
Eta berdin, Jakobe eta Joani, Zebedeoren semeak, Petriren lagunak.
Jesusek erran zion Petriri :
“ Ez beldur izan,
hemendik aitzina giza arrantzale izanen zira.”
Orduan, untziak leihorrerat atera zituzten,
eta denak utzirik, jarraiki zitzaizkion.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du