Hasiera liburutik 18, 20-32.
Abrahamen hiru bisitariak Zodomarat abian ziren.
Jaunak erran zuen :
“ Izigarria da Zodoma eta Gomorraren kontrako oihua,
eta zein handia hiri horien bekatua.
Jautsiko naiz eta ikusiko dut egia ala gezurra den :
gezurra bada, onartuko dut.
Bi gizonak joan ziren Zodomako alderat ;
Abraham, berriz, Jaunaren aitzinean xutik gelditu zen.
Hurbildurik, erran zuen :
“ Zinez zuzena ere galdu behar ote duzu bekatariarekin batean ?
Beharbada, badira berrogeita hamar gizon zuzen hirian ?
Horiek ere galdu behar ote ditutzu ?
Ez ote diozu barkatuko hiriari berrogeita hamar zuzenengatik ?
Otoi, otoi, ez horrelakorik !
Zer? zuzena bekatariarekin hilarazi,
zuzena bekataria bezala erabili ? zer izigarrikeria !
Lur guziaren jujeak ez ote du zuzenki jujatuko ? ”
Jaunak ihardetsi zion :
“ Zodomako hirian berrogeita hamar zuzen aurkitzen baditut,
hiri osoari barkatuko diot heiengatik.”
Abrahamek berriz :
“ Ausartzia da hauts eta errauts naizen hau nere Jaunari mintzatzea.
Beharbada, berrogeita hamar gizon zuzenetarik bost faltako dira.
Bost horiengatik hiri osoa suntsituko ote duzu ? ”
Jaunak orduan :
“ Ez dut suntsituko, hirian berrogeita bost aurkitzen baditut.”
Abraham berriz ere mintzatu zen :
“ Beharbada, ez da izanen berrogei baizik.”
Jaunak ihardetsi :
“ Berrogei horiengatik ez dut eginen.”
Abrahamek erran zuen :
“ Ez bedi hasarre nere Jauna, mintzo banaiz oraino :
beharbada hogeita hamar izanen dira.”
Jaunak ihardetsi :
“ Hogeita hamar aurkitzen baditut, ez dut eginen.”
Abrahamek orduan :
“ Zinez ausartzia da nere Jaunari mintzatzea !
Beharbada, ez da izanen hogei baizik .”
Jaunak ihardetsi :
“ Ez dut suntsituko hogei horiengatik.”
Abrahamek :
“ Ez bedi hasarre nere Jauna, beste behin mintzo banaiz !
Beharbada, ez da izanen hamar baizik.”
Eta Jaunak ihardetsi :
“ Ez dut hiria suntsituko, hamar horiengatik.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
137. Salmoa
Jauna, nik oihu egitean,
Beti dautazu esku eman.
Eskerrak zuri, eskerrak, Jauna, bihotz osoz,
Otoizka entzun nauzulakotz.
Aingeruak so,zaitut zu kantuz aipatuko,
Tenplo alderat belauniko.
Eskerrak zuri on baitzare, on eta zuzen :
Zuk hitza funski atxikitzen.
Nik zuri oihu egin orduko, zuk ni entzun :
Zer indar gaitzaz bete nauzun.
Zoin gora Jauna : maitatzen ditu apalduak,
Urrundik uzten hanpatuak.
Oren beltzetan nabilanean, zu nerekin :
Etsaiek deusik ezin egin.
Zure eskua luzatuz nauzu beti zaintzen :
Zu, behar deno, zain egonen.
Zuk duzu, Jauna, betiereko bihotz ona,
Sekulan ez utz hasi lana.
Jondoni Paulok Koloziarreri 2, 12-14.
Haurrideak,
bataioaren bidez, Kristorekin hobiratuak izan zirezte,
eta harekin piztu,
Kristo hilen artetik piztu zuen Jainkoaren indarrean
sinetsi baituzue.
Lehen hilak zinezten zuen bekatuengatik,
eta ebakitugabeak zineztelakotz.
Bainan Jainkoak bizia eman dautzue Kristorekin batean,
bekatu guziak barkaturik.
Manamenduengatik lehertzen gintuen
gure zorraren ageria suntsitu du :
ezeztatu du Kristoren gurutzean itzatuz.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Seme-alaba egiten gaituen Izpiritua lagun
Jainkoa deitzen dugu : Aita.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 11, 1-13.
Behin, Jesus otoitzean ari zen leku batean.
Gelditu zenean, bere dizipuluetarik batek erran zion :
“ Jauna, irakasaguzu otoitz egiten,
Joanesek bere dizipulueri irakatsi zioten bezala.”
Jesusek erran zioten :
“ Otoitz egitean errazue :
Aita, saindu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua.
Emaguzu egun oroko behar dugun ogia.
Barka gure bekatuak,
guk ere gure zordun guzieri barkatzen diegunaz geroz.
Eta ez gu tentaldirat ereman.”
Gero erran zioten:
“ Eman dezagun, zuetarik batek adiskide bat baduela,
eta gauerditan datorkiola, erranez :
‘ Adiskidea, prestazkidatzu hiru ogi,
lagun bat etorri zait bidaiaz, eta deusik ez dut hari eskaintzeko.’
Eman dezagun besteak barnetik ihardesten diola :
‘ Utz nezazu bakean ; orai, atea hetsia dut,
eta haurrak eta nihaur ohean gira.
Ez naiteke jeiki zuri emaiteko.’
Nik diozuet : adiskidea duelakotz ez bada ere,
nardagarria delakotz, jeiki eta emanen dio behar duen guzia.
Eta nik diozuet : galda eta emanen zaitzue,
bila eta aurkituko duzue ;
jo atea, eta zabalduko zaitzue.
Eskatzen duenak ukaiten du, bilatzen duenak aurkitzen,
eta atea jotzen duenari zabaltzen zaio.
Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu,
eta arrainaren orde sugea emanen dionik ?
Edo arroltzea eskatu eta, harrulia emanen dionik ?
Beraz, zuek, gaixtoak izanik ere,
zuen haurreri gauza onen emaiten baldin badakizue,
zenbatez gehiago Aita zerukoak ez diote
Izpiritu Saindua emanen eskatzen dioteneri ! ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du