Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 2, 1-11.

Mendekoste eguna etorri zenean,
toki berean bildurik zauden dizipulu guziak.
Bat-batean harrabotsa izan zen zerutik, haize azkar baten ufa iduria,
eta heiek zauden etxe guzia bete zuen.
Orduan, suzko mihiak bezalako batzu agertu zitzaizkioten,
eta bakotxaren gainean bana gelditu.
Denak Izpiritu Sainduaz bete ziren,
eta hizkuntza arrotzez mintzatzen hasi,
Izpirituak bakotxari emaiten zion bezala.
Egun heietan Judu jainkozale ainitz bazen Jerusalemen,
zerupean diren herrialde guzietarik etorriak.
Harrabots hura entzutean, jendetza handia bildu zen harat,
eta harriturik zauden,
nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen.
Harriturik eta xoraturik, erraiten zuten :
“ Mintzo diren horiek, ez ote dira denak Galilearrak ?
Gutarik bakotxak nolaz entzuten ditu bere ama-hizkuntzan?
Badira gurekin Partiar, Mediar, eta Elamdarrak ;
Mesopotamian, Judean eta Kapadozian,
Itsas Beltzaren hegietan, Azian bizi direnak ere ;
badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto
eta Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta Erromatarrak ere ;
eta denek , Judu eta judu-berri, Kretar eta Arabiar,
gure hizkuntzetan aditzen ditugu Jainkoaren miragarriak aipatzen.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

103. Salmoa
Jainkoa, zure Izpiritua igor guri,
Mundu guzia dadin berri !

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari :
Handi zare zu handi, Jainkoa, izigarri !
Zein diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna,
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.

Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa,
Zuk hatsa kenduz, heien gorputza zer errautsa !
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.

Jainko Jaunari betiereko laudorio,
Moldatu hoitan duela beti bozkario.
Nik diotana izan bekio laketgarri:
Jainkoa baitan duket nik beti boz-iturri.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 8-17.

Haurrideak,
haragiaren arabera dabiltzanek, Jainkoari ezin kausi.
Zuek, aldiz, ez zabiltzate haragiaren arabera,
bainan Izpirituaren arabera,
Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz.
Norbaitek Kristoren Izpiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Bainan zuen baitan balinbada Kristo,
zuen gorputza hila izana gatik ere bekatuaz,
Izpirituak bizia emaiten dautzue, zuzentasunari esker.
Jesus hilen artetik piztu duenaren Izpiritua zuen baitan bizi bada,
hilen artetik Jesus piztu zuenak
zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu
zuen baitan bizi den Izpirituaren bitartez.
Zorretan gaude beraz, haurrideak, bainan ez haragiaren alderat,
haren arabera bizitzeko.
Horrela bizi bazirezte, hilen zirezte ;
bainan, Izpirituaren bidez
giza egintza gaixtoak hiltzen baditutzue, biziko zirezte.
Jainkoaren Izpirituak gidatzen dituenak,
heiek dira Jainkoaren seme.
Ez duzue ukan esklabo egiten zaituzten izpiritua,
oraino beldurrean bizitzeko ;
seme egiten zaituzten Izpiritua duzue ukan :
eta Izpiritu horren bidez “ Abba ! Aita! ” erranez
oihu egiten diogu Jainkoari.
Beraz, Izpiritu Sainduak berak aitortzen dio gure izpirituari
Jainkoaren haur girela.
Eta haur bagira, ondoko ere gira,
Jainkoaren ondoko eta Kristorekin batean ondoko ;
harekin sofritzen badugu, aintzan ere harekin izaiteko.

Gero kanta dezakegu :

Veni Sancte Spiritus (K 1)

Zato, Izpiritua
eta guri zerutik
igor zure argia.

Zato beharren aita,
zato dohain emaile
zato bihotz argia.

Minen eztitzailea,
arimen baitan zauden
arintzaile gozoa.

Lan aldietan pausu,
kar aldietan bake,
nigar minetan gozo.

Oi argi dohatsua,
bete bihotz barnea
fededun guzieri.

Zure laguntza gabe
ez da deus gizonean
deus hobengabe denik.

Garbi lohitsu dena,
ihinzta idor dena,
senda zaurturik dena.

Hunki gogor dagona,
susta hotzik dagona,
xuxen makur doana.

Eman fededuneri,
dena zuri baitaude,
zazpi dohain sainduak.

Eman merezimendu,
eman hiltze saindua,
eman zeruratzea.
Amen. Alleluia !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia
Etor, Jaunaren Izpiritua, etor zaite !
Zutan sineste duten bihotzak, otoi, bete !
Eta pitzazu heien baitan Amodiozko zure sua !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 15-16. 23b-26.

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean
Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Maite banauzue, nere manamenduak begiratuko ditutzue.
Nik Aita otoiztuko dut,
eta beste Laguntzaile bat emanen dautzue,
betiko zuekin izanen dena : Egiaren Izpiritua.
Maite nauenak begiratuko du nere hitza ;
nere Aitak maitatuko du,
harenganat etorriko gira
eta haren baitan eginen gure egoitza.
Maite ez nauenak ez ditu nere hitzak begiratzen.
Eta entzuten duzuen hitza ez da nerea :
igorri nauen Aitarena da.
Horiek oro erraiten dauzkitzuet, zuekin naizen artean.
Bainan Aitak Laguntzailea, Izpiritu Saindua
igorriko dautzue nere izenean,
eta harek dena irakatsiko dautzue,
eta nik erran guzia orroitaraziko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.