Apostoluen Egintzetarik 15, 1-2. 22-29.
Judeatik jautsi ziren jende batzu Antiokiako haurrideeri
irakaspen hunen emaiten hasi ziren :
“ Moisenganik den ohiduraren arabera ez bazirezte ebakitzen,
ez zaitezkete salba.”
Hortarik, gatazka sortu zen,
eta Paulok eta Barnabek eztabada gogorra izan zuten heiekin.
Orduan, Paulo eta Barnabe eta beste batzu
Jerusalemerat iganen zirela erabaki zen,
Apostolu eta Zaharrenganat, auzi horren xuritzera.
Han, Apostoluek, Zaharrek, Eliza osoarekin batean, erabaki zuten
beren arteko batzu hautatu,
eta Paulo eta Barnaberekin Antiokiarat igortzea.
Judas, Barsabas deitua, eta Silas hautatu zituzten,
haurrideen artean itzal handiko gizonak biak.
Eta gutun hau eman zioten eremaiteko :
“ Apostoluek, eta Zaharrek, zuen anaiek,
Antiokiako, Ziriako eta Ziliziako pagano izan haurrideeri, agur !
Jakin dugu, gureetarik zenbaitek, guk manatu gabe,
beren hitzez durduzatu eta nahasi zaituztetela.
Horrengatik, aho batez erabaki dugu ordezkari batzu hautatzea
eta zuenganat igortzea Barnabe eta Paulo gure haurride maiteekin,
beren bizia Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan
eman duten horiekin.
Hor igortzen dauzkitzuegu, bada, Judas eta Silas,
gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten.
Izpiritu Sainduak eta guk erabaki dugu zueri zamarik ez ezartzea,
behar beharrezkoak diren hauk baizik :
ez dezazuen jan idoloeri eskaini haragirik,
ez odolik, ez odol-hustu gabeko abererik ere,
eta utz ditzazuen legearen kontrako sexu-harremanak.
Ongi eginen duzue holakoetarik begiratzen bazirezte.
Izan ongi ! ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
66. Salmoa
Gorarik aipa herriz herri !
Zein den Jainkoa miragarri !
edo : Alleluia.
Urrikal, otoi, guri Jainkoa, egin ongi,
Zure zeruko begitarteaz eman argi.
Zure bidea mundu guziak, ai, balaki,
Zutan balaki salbamendua nolaz aurki.
Has beite denak bozkariatzen, loriatzen,
Mundu guzia baitabilazu beti zuzen.
Jende guziak baitabilzkitzu beti zuzen,
Eta munduan herriak oro zuk bidatzen.
Herri guziek zuri, Jainkoa, laudorio.
Herri guziek zuri, denek bat, amodio !
Guri Jainkoak diezagula egin ongi,
Mundu zabalak duela Jauna buruzagi !
Jondoni Joaniren Apokalipzatik 21, 10-14. 22-23.
Nik, Joanik, aingeru bat ikusi nuen:
Mendi handi eta gora baterat ereman ninduen izpirituz;
Jerusalem hiri saindua erakutsi zautan
zerutik Jainkoaganik jausten,
Jainkoaren aintzaz argitua.
Haren distira harribitxi eder baten idurikoa zen,
jaspe harria bezain gardena.
Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi aterekin,
eta ate gainetan hamabi aingeru, eta hamabi izen idatziak,
Izraelen semeen hamabi leinuen izenak.
Hiru ate ekialderat zauden, hiru iparralderat,
hiru hegoalderat, eta hiru mendebalerat.
Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen ,
eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi Apostoluen izenak.
Ez nuen tenplurik ikusi,
zeren Jauna, Jainko ahalguziduna
eta Bildotsa baitira hango Tenplu.
Hiriak ez du argituko duten iguzki ez ilargi beharrik,
Jainkoaren aintzak baitu argitzen,
eta Bildotsa du argi-untzi.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Bereekin da piztu den Jauna,
uzten diote bere bakea.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 23-29.
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Maite nauenak begiratuko du nere hitza ;
nere Aitak maitatuko du,
harenganat etorriko gira eta haren baitan eginen gure egoitza.
Maite ez nauenak ez ditu nere hitzak begiratzen.
Eta entzuten duzuen hitza ez da nerea :
igorri nauen Aitarena da.
Horiek oro erraiten dauzkitzuet, zuekin naizeno.
Bainan Aitak Laguntzailea, Izpiritu Saindua
igorriko dautzue nere izenean,
eta harek dena irakatsiko dautzue, eta nik erran guzia oroitaraziko.
Bakea uzten dautzuet, nere bakea emaiten;
ez dautzuet munduak bezala emaiten.
Ez durduza, ez beldur izan.
Entzun duzue erran dautzuetana :
Banoa, bainan berriz etorriko nitzaitzue.
Maite baninduzue, bozkaria zintezkete,
Aitarenganat noalakotz, Aita ni baino gehiago baita.
Hori orai erran dautzuet, gertatu aitzin,
gertatuko denean sinets dezazuen.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(P. Andiazabal apeza, “Mezetako deiak”, C urtea – sail berria)
Jainkoari ager ditzogun Elizaren galdeak, eta gizon guzientzat duen grina.
1. Jainkoaren eskuak mundua zaintzen du. Oraiko nahasmenduen artean, Elizak azkar begira ditzan fedea eta esperantza, egin dezagun otoitz.
2. Bakotxak berea duelarik bilatzen, mundua berexia dago. Etsaigo guzien gatik, gizonek ez dezaten ahantz elgar maitatzea, egin dezagun otoitz.
3. Gerla eta hiltzeek beldurra sortzen dute. Gizonek jakin dezaten halere behar diren karguak beren gain hartzen, egin dezagun otoitz.
4. Aste huntan joan zaizkigu Jaunak idek dakioten zorionaren atea, egin dezagun otoitz.
5. Aitak maite gaitu giren bezala. Gure atsegabe eta atseginetan beti gure bihotza idek diezogun gure ganat jin nahi duen Jesusi, egin dezagun otoitz.
Jauna, emozute zure haurrer ohartzea beren gain dutela zuk heien esku utzi duzun mundua, denetarat heda ditzaten zuk eman ontasunak.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du