Bestak / Irailaren 14a – Gurutze Sainduaren gorestea

Testu guziak telekargatu Iruzkinak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Nunbreak liburutik 21, 4b-9.

Izrael herria, basamortuan zoala, bideaz asperturik,
Jainkoaren eta Moisen kontra marmarikan hasi zen :
“ Zertarako atera gintuzun Egiptotik ?
Basamortuan hiltzeko ?
Ez dugu ogirik, ez urik,
eta asperturik gaude mana delako janari txar hunekin.”
Orduan Jaunak herriari igorri ziozkan suge pozointsuak,
eta hek ausiki-eta, Izraeldar asko hil zen.
Herriak Moisenganat jo zuen, eta erran zion :
“ Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure kontra marmarikan ariz.
Otoitz egiozu Jaunari sugeak gureganik urrun ditzan.”
Moisek otoitz egin zuen herriaren alde,
eta Jaunak erran zion :
“ Egizu brontzezko suge bat eta ezar haga baten muturrean :
ausikiak diren guziek beha diezotela eta biziko dira.”
Moisek brontzezko suge bat egin zuen
eta hagaren muturrean ezarri.
Norbait suge batek ausikia zenean,
eta brontzezko sugeari so egiten zionean, bizirik gelditzen zen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

77. Salmoa
Gogoan atxik guretzat Jaunak egin lanak.
edo :
Gurutzearen bidez daukuzu eman bizia !

Gure denboran aditu eta ikasiak,
Aitzinekoek guri kondatu zer guziak,
Heien semeri ez daiteke utz ixilean :
Ondokoeri nahi ditugu denak erran.

Jaunak hiltzean, hasten ziren bai haren bila,
Itzultzen ziren Jaunari deika, dei-ahala.
Orroitzen ziren heien harroka Jauna dela,
Zaintzalerik ez, Jaun zerukoa den bezala.

Agoan denek bazabilaten ele zuri,
Bainan gezurra beren mihiak erran hori.
Heien bihotza etzen harekin zuzen ari,
Etzauden barnez, etzauden zinez Jainkoari.

Halere Jauna berriz eztitzen zitzaioten :
Barkatzen zuen eta ez denak hilarazten.
Noizbait zen orroit zer den gizona : gorputz ahul,
Joaki den hats bat, bai joaki eta ezin itzul.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 2, 6-11.

Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki eta,
ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
Aitzitik, bere nahitara hustu da,
esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu.
Gizaki bezala agertuz,
apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak
eta izen guzietan gorena eman dio,
Jesusen izenaren ohoretan,
zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Ahuspez agur, zuri, Kristo, esker on eta laudorio :
Gurutzearen bidez duzu mundu guzia zuk salbatu.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3, 13-17.

Nehor ez da zerurat igan,
zerutik jautsi dena baizik, Gizonaren Semea.
Moisek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala,
hala altxatua izan behar du Gizonaren Semeak,
sinesten duten guziek haren bidez betiko bizia izan dezaten.
Alabainan, Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu :
haren baitan sinesten duenik nehor gal ez dadin,
bainan betiereko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren jujatzeko,
bainan haren bidez mundua salbatua izan dadin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.