Zamuelen lehen liburutik 3, 3-10. 19.
Zamuel gaztea lo zen
Jainkoaren kutxa zagon Jaunaren saindutegian.
Jaunak dei egin zion Zamueli, eta hunek ihardetsi :
“ Hemen nauzu !”
Lasterka joan zen Eli apezarenganat, eta erran zion :
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Elik ihardetsi zion :
“ Ez dautzut nik dei egin. Zoazi berriz etzatera.”
Haurra joan zen etzatera.
Jaunak berriz dei egin zion Zamueli.
Eta Zamuel jeiki zen. Elirenganat joan eta erran zion :
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Elik ihardetsi:
“ Ez dautzut nik dei egin, seme. Zoazi berriz etzatera.”
Zamuelek ez zuen oraino Jauna ezagutzen,
eta Jaunaren hitza ez zitzaion oraino ezaguna.
Hirugarren aldiz, Jaunak dei egin zion Zamueli :
Hau jeiki zen. Elirenganat joan eta erran zion :
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Orduan ohartu zen Eli, Jauna ari zitzaiola deika mutikoari
eta erran zion Zamueli :
“ Zoazi etzatera, eta norbaitek berriz dei egiten badautzu, erran :
‘ Mintza, Jauna, zure zerbitzaria entzuten dago.’ ”
Zamuel itzuli zen bere tokirat eta etzan.
Jaunak, hurbildurik, dei egin zion beste aldietan bezala :
“ Zamuel ! Zamuel ! ”
Eta Zamuelek ihardetsi:
“ Mintza, zure zerbitzaria entzuten dago.”
Zamuel handitu zen.
Jauna berekin zuen,
eta Jaunaren hitz bakar bat ere ez zen bete gabe gelditu.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
39. Salmoa
Huna bai Jauna, hemen nauzu, ni :
Zure errana dut egin nahi.
Beha nindagon, Jauna beha :
Eta ukurtuz entzun daut entzun intziria.
Kantu berri daut ahoratu,
Jainko Jaunaren alderateko esker-kantu.
Ez duzu nahi eskaintzarik ;
Bainan banauzu bi beharriak zabaldurik.
Eskaintzak oro deus dauzkatzu.
Nik zuri beraz: Huna heldu naiz, hemen nauzu.
Nitaz diozu liburuan,
Ibil nadien egun guziez zuk nahian.
Zure legea dut gozoa,
Zure legea dut bihotz barne barnekoa.
Zoin zaren zuzen diot, Jauna,
Goraki diot biltzar handian, dakizuna
Ez dut nik gorde bihotzean :
Zure egia, zure laguntza ditut erran.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 6, 13-15. 17-20.
Haurrideak
gure gorputza ez da lizunkeriarako,
bainan Jesus Jaunarentzat, eta Jauna gorputzarentzat.
Eta Jainkoak, Jauna piztu duenak,
gu ere piztuko gaitu bere indarraz.
Ez ote dakizue zuen gorputzak Kristoren menbro direla ?
Jaunari juntatzen dena, harekin izpiritu bakar bat egiten da.
Ihes egiozue lizunkeriari.
Gizakiak egiten dituen beste bekatu guziak
gorputzetik kanpo gelditzen dira ;
bainan lizunak bere gorputzaren kontra egiten du bekatu.
Ez ote dakizue ?
Zuen baitan den eta Jainkoarenganik duzuen
Izpiritu Sainduaren tenplua da zuen gorputza.
Ez zirezte zihauren jabe,
Jaunak kario erosi baitzaituzte.
Goretsazue, bada, Jainkoa zuen gorputzaz.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jesu Kristoren baitan kausitu dugu Mesias,
Haren bidez etorri zaizkigu grazia eta egia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 1, 35-42.
Han zagon Joanes bere bi dizipulurekin ;
Jesus handik iragaiten ikusirik, erran zuen :
“ Huna Jainkoaren Bildotsa.”
Bi dizipuluak, hori entzunik, Jesusi jarraiki zitzaizkion.
Itzuli zen Jesus,
eta jarraikitzen zitzaizkiola ikusirik, erran zioten :
“ Zeren bila zabiltzate ?”
Heiek ihardetsi :
“ Rabbi (erran nahi baita: Irakasle), non egoiten zira ?”
Jesusek erran zioten:
“ Zatozte eta ikusiko duzue.”
Joan ziren, non bizi zen ikusi,
eta harekin egon ziren egun hartan.
Arratsaldeko lauak aldea zen.
Joanes Bataiatzailea entzun
eta Jesusi jarraiki zitzaizkion bietarik bat
Andres zen, Zimun Petriren anaia.
Lehenik, bere anaia Zimun aurkitu zuen, eta erran zion:
“ Aurkitu dugu Mesias” (erran nahi baita Kristo).
Eta Jesusenganat ereman zuen.
Jesusek behatu eta erran zion :
“ Zimun zira zu, Joanesen semea ; Kefas deituko zira,
(erran nahi baita Petri, edo Harria).
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Dei egiten zion Jainkoari Zamuelek ihardetsi zion: “Mintza, Jauna zure zerbitzaria entzuten dago” Jesusen izenean guk erraiten ahal dugu orai: “Entzun, Jauna, zure zerbitzariak mintzo zaizkitzu!”
1. Kristok molde berezi batez bere zerbitzurat deitu diten apezentzat, eta Jaunaren etxean egoitea hautatu duten fraile eta serorentzat, leial iraun dezaten, egin dezagun otoitz.
2. Beren bizian zer egin ezin atxemanez, argi bila dabiltzanentzat, Jaunak argi ditzan, egin dezagun otoitz.
3. Beren haurrideen zerbitzari jarri direnentzat, heien gidatzeko Kristori buruz, fidantziarekin bete dezaten beren saila, egin dezagun otoitz.
4. Guhaurentzat, Jesusen dizipulu izaiterat deituak baigira gure urrats guzietan, ukan dezagun hortako behar den kuraia, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita, zure graziari esker dute apostoluek zure Semearen deia entzun.
Emaguzu guri ere berdin egitea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du