Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 10, 25-26. 34-35. 44-48.

Petri Zezarearat heldu zelarik,
Kornelio, erromano ehuntaria, biderat atera zitzaion
eta oinetarat ahuspez eman.
Bainan Petrik altxarazi zuen, erranez :
“ Xuti zaite, gizon hutsa naiz ni ere”.
Gero, han zaudeneri erran zioten :
“ Orai zinez ikusten dut Jainkoak ez duela berexgorik egiten,
bainan hura adoratzen dutenak eta zuzen dena egiten
onartzen dituela, edozein jendaldetan ”.
Petri mintzo zelarik oraino,
Izpiritu Saindua jautsi zen Hitza entzuten ari ziren guzien gainerat.
Petrirekin etorri fededun Juduak harritu ziren,
Izpiritu Sainduaren dohaina paganoen gainerat ere
jautsi zela ikustean.
Alabainan, entzuten zituzten hizkuntza arrotzez mintzatzen
eta Jainkoaren handiesten.
Orduan, Petrik erran zuen :
“ Nork uka diezokete bataioko ura
Izpiritu Saindua guk bezala ukan duteneri ? ”
Eta manatu zuen Jesu Kristoren izenean bataia zitzaten.
Orduan zenbait egun han egoiteko galdegin zioten Petriri.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

97. Salmoa
Salbatzaile da jeiki Jauna,
Herri guziek dakitena.

edo : Alleluia.

Kanta Jaunari kantu berri,
Harek eginak oro baitira miragarri.
Berez bere da nausi jarri,
Bere besoaz jaun agertu da munduari.

Salbatzaile da jeiki Jauna :
Ikusi dute zein ona dugun, zein zuzena.
Izraelentzat zer laguna :
Erakutsi du bere betiko bihotz ona.

Lur guziak du ikusia
Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari lur guzia :
Pitz eta kanta, lurrak Errege Jauna baitu.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 4, 7-10.

Maite maiteak, elkar maita dezagun,
maitasuna Jainkoaganik baidator.
Maitatzen duten guziak Jainkoaganik sortuak dira,
eta Jainkoa ezagutzen dute.
Maitatzen ez duenak ez du Jainkoa ezagutzen,
Jainkoa maitasuna baita.
Huna nola agertu den Jainkoak guretzat duen maitasuna :
Jainkoak bere Seme bakarra mundurat igorri du,
gu haren bidez bizi gaitezen.
Huna zertan den maitasuna :
Ez dugu, guk, Jainkoa maitatu, harek gaitu maitatu,
eta bere Semea igorri du, gure bekatuen barkamen-oparitzat.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jaunak manamendu berria eman dauku :
Elkar maita zazue nik maitatu bezala.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15, 9-17

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Aitak ni maitatu nauen bezala, maitatu zaituztet nik ere.
Zaudezte nere maitasunean.
Nere manamenduak betetzen baditutzue,
nere maitasunean egonen zirezte,
ni ere, Aitaren manamenduak bete ditudalakotz,
haren maitasunean nagon bezala.
Hau erran dautzuet, nere bozkarioa zuen baitan izan dezazuen,
eta zuen bozkarioa bete-betea izan dadin.
Hau da nere manamendua :
elkar maita zazue, nik maitatu zaituztedan bezala.
Nehork ez du maitasun handiagorik
bere bizia adiskideentzat emaiten duenak baino.
Zuek nere adiskideak zirezte, nik manatua egiten baduzue.
Ez zaituztet gehiago zerbitzari deitzen,
zerbitzariak ez baitaki Nagusiak zer egiten duen.
Adiskide deitzen zaituztet,
nere Aitarenganik ikasi dutan guzia ezagutarazi baitautzuet.
Ez nauzue zuek ni hautatu,
nik zaituztet zuek hautatu eta ezarri :
joan zaitezten, eta fruitua, fruitu iraunkorra, eman dezazuen.
Orduan, nere izenean Aitari eskatuko duzuen guzia emanen dautzue.
Hau manatzen dautzuet : elkar maita zazue.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Aitari hel-araz diezogun gure otoitza Jesusen bidez.

1. “Ez nauzue zuek hautatu bainan nik”. Girixtinoak ez diten debaldetan hautatuak izan, bainan beren fruitua nasaiki eman dezaten, egin dezagun otoitz.

2. Maitatzale guziak Jainkoaren ganik sortuak dira. Zinezko amodioek leialtasunean iraun dezaten eta handi diten, egin dezagun otoitz.

3. Maitasunik ez duenak ez du Jainkoa maite. Gaizki maitatuak direnentzat, mesprexatuak, bazterrerat utziak, aitaren edo amaren amodiorik ezagutu ez dutenentzat, egin dezagun otoitz.

4. “Elgar maita zazue, nik maitatu bezala”. Nola hel holako amodiorat? Jaunaren ganik ukan dezagun gure bizia emaiteraino maitatzeko ahala, egin dezagun otoitz.

Jauna, zure amodioa emaiten daukuzu eta gure otoitzak entzuten.
Eskerrak zuri Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du