Hasiera liburutik 14, 18-20.
Lau errege garaiturik, Abraham itzuli zenean,
Melkizedek, Zalemeko erregeak ogia eta arnoa ekarri zituen,
Goi-goiko Jainkoaren apeza baitzen.
Abraham benedikatu zuen, erranez :
“ Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak
benedika dezala Abraham :
eta benedikatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa,
zure etsaien garaile egin zaituelakotz.”
Eta Abrahamek harrapakin guzien hamarrena eman zion.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
109. Salmoa
Apez zare zu sekulako,
Melkizedeken araberan.
Nere jaunari Jaunak dio : “ Jar eskuinean,
Nik eman arte zuri etsaiak zangopean.”
Jaunak eginen Ziondik zu Jaun mundu huntan :
“ Etsai ditutzun jenden erdian zu Jaun izan.”
Jaun zare sortzez piztu baitzare zeruetan,
Argitu aitzin sortua zaitut nere baitan.
Zin egina du Jainkoak eta behingoan :
“ Apez zare zu Melkizedeken araberan.”
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 11, 23-26.
Haurrideak,
Jaunarenganik ikasia irakatsi dautzuet :
Jesus Jaunak, saldu zuten gau hartan, ogia hartu zuen,
eta eskerrak emanez, zatitu zuen, eta erran :
“ Hau nere gorputza da, zuentzat emana.
Egizue hau nere orroigarri.”
Afal ondoan, gauza bera egin zuen kalitzarekin, erranez :
“ Kalitza hau Batasun berria da ene odolean.
Edanen duzuen aldi oroz, egizue nere orroigarri.”
Beraz, ogi hau jaten,
eta kalitza huntarik edaten duzuen bakotxean,
Jaunaren heriotzea iragartzen duzue, bera etorri arte.
Lauda Sion Salvatorem (ad libitum – bertsio laburra ikus : *** Huna aingeru ogia…)
Aipa, Zion, Eroslea,
aipa Artzain eta Jauna
kantuz errepiketan.
Ahal oroz berma zaite :
goresmener nausi baita,
ez daite aski gorets.
Goraipatu dehar dena
da egun Ogi bizia
eta bizitzailea.
Azken afarian baitzen
hamabi apostoluer
zinez emana izan.
Laudorio eta kantu,
bozkario eta ospe :
pitz ditela bihotzak.
Besta handia da egun :
gaur da mahain sainduaren
sakramendua egin.
Errege mahain berrian,
lege berriko Bazkoak
lehengoa itzaltzen.
Zaharra joan da,
berria jin, itzala joan da,
egia jin, gaua joan du argiak.
Kristo egun moldatua
egiteko manatu du
hartaz berriz oroituz.
Harek manatu bezala,
ogi-arnoak ditugu
Gorputz saindu egiten.
Hau dakite fededunek :
ogia dela Gorputzen
eta arnoa Odol.
Ezin ikus daiten horrek
lekuko du sinestea,
nahiz harrigarri den.
Bi itxura moten pean,
iduriz bi, izaitez bat,
jainkozko gauzak daude.
Janari ala edari
hor dugu osoan Kristo
bi itxuren azpian.
Hartuz ez da zatikatzen
hausten ala porroskatzen :
osokian hartzen da.
Batek dauka, milek ere,
milek zenbat, batek hanbat :
janez ez da suntsitzen.
Onek bere, tzarrek ere,
ez ondorio berekin :
pizten du, ala hiltzen.
Tzarrak hiltzen, onak pizten :
ogi beraren jatetik,
horrak bi ondorio.
Sakramendua hauts eta,
ez dudan sar, bainan oroit,
hanbat badela zatian
osokian bezenbat.
Ez da deus hautsia denik,
itxura du puskatua :
Kristo bera berdin dago
heinez eta izaitez.
*** Huna aingeru ogia,
zerurakoen janari.
semen ogi garbia
ez bota zakurreri.
Geroko hunen iduri
Izaak zen hiltzen ari,
Bazkotan Bildotsa jana,
zerutik jausten mana.
Artzain ona, gure jana,
barkamendu, Jesus, eman.
Haz gaitzazu, zain gaitzazu :
zabal gure zoriona
bizien erresuman.
Denak jakin, denak egin
detzazkezun janaria,
eman guri mahain xuri
eman zu zauden loria
zure zerukoekin.
Amen. Alleluia !
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ni naiz ogia, dio Jaunak, Ogi bizia zeruetarik etorria.
Hau jaten duten fededunak biziko dira betiere.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 11b-17.
Jesus Jainkoaren erreinuaz mintzo zitzaion jendeari,
eta beharra zutenak sendatu zituen.
Apaltzen hasia zen eguna.
Hurbildurik, Hamabiek erran zioten Jesusi :
“ Igor zazu jendea,
inguruko herri eta baserrietarat ostatu eta jateko bila joan daitezen,
hemen bazterleku batean baigira.”
Bainan Jesusek erran zioten :
“ Zihaurek emozuete jatera.”
Heiek, orduan :
“ Ez dugu gehiago bost ogi eta bi arrain baizik…
non ez giren guhaur joaiten
jende horien guzientzat jateko erostera.”
Bost mila gizon inguru bazen.
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Jarrarazkitzue berrogeita hamarnaka.”
Hala egin zuten : denak jarrarazi.
Jesusek, bost ogiak eta bi arrainak hartu,
eta begiak zerurat altxaturik, benedikatu zituen, zatitu,
eta bere dizipulueri eman ziozkaten, jendeari eskaintzeko.
Asetzeraino jan zuten denek,
eta ondarrak bildu ziren: hamabi saski bete.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du