Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 50, 4-7.

Jainko Jaunak ikasle onaren mintzoa eman daut,
jakin dezadan nik ere akituari hitz pizgarria emaiten.
Hitzak iratzartzen nau goiz guziez,
goiz guziez iratzartzen, ikasle onak bezala entzun dezadan.
Jainko Jaunak beharria ideki daut :
eta nik ez diot kontra egin, ez dut gibelerat jo.
Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri,
eta matelak, bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri.
Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik.
Jauna dut laguntzaile ; horrengatik ez naiz laztu ;
horrengatik begitartea harria bezala gogor egin dut,
eta badakit ez naizela ahalgetuko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

21. Salmoa
Nere Jainkoa, nun zaude nun ?
Nitaz urrikal, otoi, entzun !

Ikus orduko, guziek neri trufa, irri,
Ezpain muturrez eta buruaz keinuz ari :
“ Jaunari zagon, libra dezala, bego hari ;
Ken dezala, ken, maite duenez hor ageri.”

Zakur salbaiak ni nolaz irets badabilzka,
Gaizki egile osteak dauzkat inguruka.
Esku zangotan egin dautate zilo neri,
Hezurrak ditut guziak oro nik ageri.

Jauntzi zatiak hartu dauzkitet beren sari,
Egina dute soingainekoaz : “Ea , nori ? “
Nitarik, otoi, ez egon, Jauna, beti urrun !
Nere laguntza, zatozkit laster nere lagun !

Zure izena aipatuko dut anaieri,
Bil egunean emanez dener zure berri.
Jainkozaleek, eskerrak eman Jainkoari,
Izraeldarrek, beldurrez, maitez has kantari !


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 2, 6-11.

Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki eta,
ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
Aitzitik, bere nahitara hustu da,
esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu.
Gizaki bezala agertuz,
apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak
eta izen guzietan gorena eman dio,
Jesusen izenaren ohoretan,
zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo, guri mintza, argi gure bihotza !
Kristo gurutzeraino zaiku apaldu ;
Horra zertako den emana denak baino gorago.

Ebanjelioa

PROZESIONEAN

Hauta daiteke hemen diren bi ebanjelioetarik bat.

1 Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 19, 28-40.

Jesus bere dizipuluen aitzinean zoan Jerusalemerat igaiteko.
Oliamendi ondoko Betfage eta Betaniarat hurbildu zenean,
bere dizipuluetarik biga igorri zituen, erranez :
“ Zoazte aitzinean duzuen herri hortarat ;
sartzean, astokume bat estekan aurkituko duzue,
nehor oraino gainean jarri ez zaiona.
Laxa zazue eta ekar.
Norbaitek zergatik laxatzen duzuen galdegiten badautzue,
erranen duzue : Jaunak behar du. ”
Joan ziren dizipuluak,
eta Jesusek erran bezala aurkitu zuten dena.
Astokumearen laxatzen ari zirela, jabeek galdatu zioten :
“ Zergatik laxatzen duzue astokumea ? ”
Ihardetsi zuten :
“ Jaunak behar baitu.”
Jesusi ekarri zioten
eta, beren soingainekoak astokumeari bizkarrean ezarririk,
Jesus gainerat iganarazi zuten.
Eta, bazoala, beren soingainekoak bidean hedatzen zituzten.
Oliamenditik behererat hartzera zoalarik,
dizipulu-talde guzia, bozkarioz beterik,
Jainkoa ozenki goresten hasi zen
ikusi zituzten mirakulu guziengatik :
“ Benedikatua Jaunaren izenean datorren Erregea !
Bakea zeruan eta aintza zeru gorenetan !”
Jendeen artetik farisau batzuek erran zioten Jesusi :
“ Irakasle jauna, larderia itzazu dizipuluak ! ”
Bainan ihardetsi zioten :
“ Nik diozuet : hauek ixiltzen badira,
harriek oihu eginen dute.”

2 Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 12, 12-16.

Egun batzu Bazko besta aitzin,
bestarat etorria zen jendalde handiak jakin zuen
Jesus Jerusalemerat heldu zela.
Palmondo adarrak harturik, biderat atera zitzaizkion,
eta oihuka hasi :
“ Hozanna ! Benedikatua Jaunaren izenean datorren a!
Benedikatua Izraelgo erregea !”
Asto ttipi bat aurkiturik, Jesus gainean jarri zen,
Liburu Sainduak dion bezala :
Ez izan beldurrik, Zion hiria !
Huna heldu zure erregea, astokume baten gainean jarria.
Dizipuluek ez zuten orduan gertakari hori konprenitu,
bainan gero, Jesusen aintza agertu zenean,
oroitu ziren Liburu Sainduak zion hura bera
egin ziotela Jesusi.

MEZAN

Jesu Kristo gure Jaunaren Pasionea san Luken liburutik 22, 14 – 23, 56.

Ohart huni : 3 seinale hauek diote nor den mintzo : Kristo ; Kondalaria ; Besteak.

Bazko afariaren ordua etorri zenean,
Jesus mahainean jarri zen apostoluekin.
Erran zioten :
“ Nahikari bizia nuen Bazko-afari hau zuekin jateko,
sofritu aitzin.
Zeren nik diozuet : ez dut gehiago Bazkorik ospatuko,
Jainkoaren Erresuman bere beterat helduko den arte.”
Orduan kalitza bat harturik, eskerrak bihurtu zituen eta erran :
“ Har zazue eta elkarren artean parteka.
Zeren nik diozuet : hemendik aitzina
ez dut gehiago arnorik edanen,
Jainkoaren Erreinua etorri arte.”
Gero, ogia harturik, eskerrak bihurtu ondoan,
zatitu eta eman zioten, erranez :
“ Hau nere gorputza da, zuentzat emana.
Egizue hau nere orroigarri.”
Berdin egin zuen kalitzarekin afal ondoan, erranez :
“ Kalitza hau Batasun berria da
zuentzat ixurtzen den nere odolean.
Bainan horra : nerekin mahainean dago
saltzen nauenaren eskua.
Gizonaren Semea badoa, erabakia den bezala,
bainan dohakabea hura saltzen duena ! ”
Orduan, apostoluak elkarren artean galdezka hasi ziren,
nor izan ote zitekeen hori eginen zuena.
Heien artean eztabada izan zen, heietarik zein zitekeen handiena.
Jesusek erran zioten :
“ Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte beren herriak,
eta boteredunek ongi-egile deituak izaitea maite dute.
Zuentzat ez da hola :
zuen artean handiena, gazteena bezala izan bedi,
eta buruzagia zerbitzaria bezala.
Alabainan, zein da handiena ? Ez ote mahainean dena ?
Eta ni, zuen artean, zerbitzaria bezala naiz.
Zuek enekin egon zirezte nere frogaldietan.
Eta nik Erreinua emaiten dautzuet,
Aitak neri eman dautan bezala.
Nere mahainean janen eta edanen duzue nere Erreinuan,
eta tronuetan jarriko zirezte, Izraelgo hamabi leinuen juje.
Simun, Simun, Satanek beretzat nahi zaituzte,
bahean pasatzeko, ogia bezala.
Bainan, nik otoitz egin dut zure alde,
zure fedea itzal ez dadin.
Eta zuk, niganat itzuliko zirenean, sendo itzazu anaiak.”
Petrik erran zion :
“ Jauna, zurekin, prest naiz preso joaiteko eta hiltzeko ere.”
Jesusek ihardetsi :
“ Nik diozut, Petri, gaur oilarrak kantu egin aitzin,
hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula.
Gero erran zioten :
“ Moltsarik, zakurik eta oinetakorik gabe igorri zintuztedanean,
zerbaiten faltarik izan ote zinuten ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Deuseren.”
Jesusek berriz :
“ Orai, aldiz, moltsa duenak har dezala,
eta berdin zakua duenak
eta ezpatarik ez duenak, soingainekoa sal dezala,
ezpata erosteko.
Zeren, nik diozuet, nere baitan bete beharra da
Liburu Sainduak diona : Gaizkiletzat hartu dute.
Eta hala da, nitaz izkiriatua beteko da .”
Heiek erran zioten :
“ Jauna, huna hemen bi ezpata.”
Jesusek ihardetsi :
“ Aski da .”
Atera zen Jesus, eta ohi zuen bezala, Oliamendirat joan,
eta dizipuluak jarraiki zitzaizkion.
Harat heltzean, Jesusek erran zioten :
“ Otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko.”
Gero, heienganik harri ukaldi baten heintsuan baztertu zen.
Belauniko, hunela otoitz egiten zuen :
“ Aita, nahi baduzu, urrunt zazu niganik kalitza hau :
halere, ez bedi egin nere nahia, bainan zurea.”
Orduan, aingeru bat agertu zitzaion zerutik, indar emaiten ziona.
Hersturak harturik, are gehiago otoitz egiten zuen ;
eta izerdia zarion xortaka lurrerat, odola bezain lodi.
Otoitzetik xutiturik, dizipuluenganat joan zen ;
atsegabez lokarturik aurkitu zituen,
eta erran zioten :
“Nola zaudezte lo ?
Jeiki eta otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko.”
Jesus mintzo zelarik oraino, jendetza bat agertu zen.
Hamabietarik bat, Judas deitua, heien buru zen.
Jesusenganat hurbildu zen, musu emaitera.
Jesusek erran zion :
“ Judas, musu batez duzu saltzen Gizonaren Semea ! ”
Zer zoan gertatzera ikusirik, Jesusen inguruan zirenek erran zioten :
“ Jauna, ezpataz eman behar diogu? ”
Heietarik batek apez nagusiaren mutila jo zuen,
eta eskuineko beharria moztu zion.
Bainan Jesusek erran zuen :
“ Bego ! Aski da.”
Eta beharria hunkiturik, sendatu zuen.
Orduan, haren kontra etorriak ziren apezburu,
tenpluko goardien buruzagi, eta zaharreri erran zioten :
“Gaixtagin baten bila bezala etorri zirezte,
ezpata eta makilekin.
Egunero, zuekin nintzen Tenpluan,
eta ez duzue eskurik altxatu nere kontra.
Bainan orai da zuen ordua, ilunbearen nagusialdia.”
Jesus hartu eta apez nagusiaren etxerat ereman zuten.
Petri urrundik jarraiki zitzaion.
Ezkaratzean sua piztu eta haren inguruan jarri ziren,
eta heien artean jarri zen Petri ere.
Neskato batek, Petri suaren ondoan jarririk ikustearekin,
behatu zion eta erran :
“ Hau ere harekin zen.”
Bainan harek ukatu zuen :
“ Emaztea, nik ez dut ezagutzen.”
Handik berehala, beste batek ikusi zuen eta erran :
“ Zu ere horietarik zira.”
Eta Petrik :
“ Ez, ez naiz hala.”
Orentsu baten buruan, beste batek aitzina :
“ Bai, hau ere harekin zen, galilearra da eta .”
Petrik ihardetsi zuen :
“ Gizona, ez dakit zertaz ari ziren.”
Ordu berean, mintzo zelarik oraino, oilarrak kantu egin zuen.
Itzuli eta Jaunak Petriri behatu zion,
eta Petri Jaunak erranaz orroitu zen :
“ Gaur oilarrak kantu egin aitzin, hiru aldiz ukatuko nauzu.”
Kanporat aterarik, nigar egin zuen saminki.
Jesus preso zaukatenek trufaka eta joka zerabilaten.
Begiak estalirik, galdatzen zioten :
“ Asma zak, profeta: nork jo hau ? ”
Eta beste laido ainitz erraiten zioten.
Argitu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apezburu
eta lege-irakasleak bildu ziren,
eta Jesus Biltzar Nagusirat ereman zuten.
Erran zioten :
“ Mesias bazira, erraguzu.”
Ihardetsi zioten :
“Erraiten badautzuet, ez duzue sinetsiko,
eta galderik egiten badautzuet, ez dautazue ihardetsiko.
Bainan oraidanik Gizonaren Semea
Jainko ahalguzidunaren eskuinean jarriko da.”
Orduan, denek erran zioten :
“ Beraz, Jainkoaren Semea zira ? ”
Ihardetsi zioten :
“ Zuek diozue, ni naiz.”
Heiek, orduan :
“ Ba ote dugu lekuko beharrik oraino ?
Guhaurek entzun dugu beraren ahotik.”

Xutitu ziren denak, eta Jesus Pilatorenganat ereman zuten.
Eta salatzen hasi zitzaizkion :
“ Gizon hau gure nazionearen nahaspilatzen hatxeman dugu :
enperadoreari zergen ordaintzea debekatzen du,
eta bera Mesias, errege, dela erraiten”.
Pilatok galdegin zion :
“ Zu zira Juduen erregea ?”
Jesusek ihardetsi :
“ Zuk diozu.”
Pilatok apezburu eta jendaldeari erran zioten :
“ Nik ez diot gizon huni hobenik aurkitzen kondenatzeko.”
Bainan heiek behin eta berriz :
“ Herriaren asaldatzen ari da bere irakaspenekin
Judea osoan barna, Galileatik hasi eta hunaraino.”
Hori entzutearekin,
gizon hura Galilearra ote zen galdegin zuen Pilatok.
Eta, Herodesen menekoa zela jakinik, hari igorri zion,
hura ere Jerusalemen baitzen egun heietan.
Jesus ikusteaz biziki bozkariatu zen Herodes,
aspaldi ikusi nahi baitzuen, hartaz entzuna zuenagatik,
eta mirakuilu zerbaiten egiten ikusiko zuela uste baitzuen.
Galde ainitz egin zion,
bainan Jesusek ez zion hitzik ere ihardetsi.
Apezburu eta lege-irakasleak han ziren, gogor salatzen zutela.
Herodesek, bere soldaduekin,
mespretxu eta trufaka erabili zuen Jesus.
Jantzi eder bat soinean emanik, Pilatorenganat igorri zuen.
Egun hartan, Herodes eta Pilato adiskidetu ziren,
aitzinean etsai baitziren.
Pilatok, apezburu, buruzagi eta herria berriz bildurik,
erran zioten :
“ Gizon hau ekarri dautazue herriaren nahasle bezala.
Bainan, galdeak egin diozkat zuen aitzinean,
eta salatzen ditutzuen hobenetarik
bat ere ez diot aurkitu gizon huni.
Herodesek ere ez, gibelerat igorri daukunaz geroz.
Hunek ez du, beraz, heriotzea merezi duenik deus egin.
Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
Bainan denak batean oihuka hasi ziren :
“ Ken hori, eta libra zaguzu Barrabas.”
Barrabas hura, hirian gertatu nahasmendu
eta gizon hiltze baten gatik preso sartua zuten.
Jesus libratu nahiz, Pilato berriz mintzatu zitzaioten.
Bainan heiek oihuka :
“ Gurutzerat! Gurutzerat hori ! ”
Pilatok hirugarren aldikotz erran zioten :
“ Zer gaizki egin du, bada, gizon hunek ?
Ez diot deus aurkitu hiltzea merezi duenik.
Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
Bainan heiek are gehiago oihuka ari ziren,
gurutzera zezan eskatuz ;
eta gero eta azkarrago ziren oihuak.
Orduan, Pilatok erabaki zuen eskatzen zutena emaitea.
Nahasmendua eta gizon-hiltzeagatik preso zena libratu zuen,
heiek eskatu bezala,
eta Jesus beren esku utzi zioten.

Jesus bazeramatela, landetarik etxerat zoan bat, Simun Zirenekoa
hartu zuten, eta gurutzea bizkarrerat eman,
Jesusen ondotik ereman zezan.
Herriko jendalde handia jarraiki zitzaion,
bai eta emazte ainitz ere, bularra joz eta nigarrez harengatik.
Itzulirik, Jesusek erran zioten :
“ Jerusalemeko emazteak, ez nigar egin neregatik !
Egizue nigar zihaurengatik eta zuen haurrengatik.
Zeren, hara heldu egunak erranen baita :
‘ Dohatsu agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak,
eta hazi ez duten bularrak ! ’
Orduan, hasiko dira mendieri erraiten :
‘ Eror zaitezte gure gainerat ’,
eta mendixkeri : ‘ Gorde gaitzazue ! ’
Alabainan, egur hezeari hori egiten bazaio,
zer ez ote eiharrari ? ”
Jesusekin batean bi gaizkile ere ereman zituzten hiltzera.
Buruhezur edo Galbario deitu lekurat heldu zirenean,
Jesus gurutzitzatu zuten,
bi gaizkileekin, bat eskuinean eta bestea ezkerrean.
Jesusek hunela zion :
“ Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.”
Jesusen soinekoak partekatzeko, xotxak atera zituzten.
Herria han zagon, beha.
Buruzagiek, berriz, trufatzen zuten, erranez :
“ Besteak salbatu ditu : salba dezala bere burua,
Jainkoaren Mesias, Hautetsia, baldin bada.”
Soldaduek ere trufa egiten zioten ;
hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, erranez :
“ Juduen erregea baldin bahaiz, salba zak heure burua.”
Izkribu bat ere bazen haren gainekaldean :
“ Hau Juduen erregea da.”
Gurutzetik dilindan zauden gaizkileetarik bat
Jesusi laidoka ari zitzaion erranez :
“ Ez ote haiz Mesias ?
Salba zak heure burua, eta gu hirekin ! ”
Bainan besteak erasiatu zuen :
“ Ez duk beraz Jainkoaren beldurrik, gaztigu bera jasaiten eta ?
Gurea zuzena duk, egin dugunak merezitua ukaiten diagu.
Bainan hunek ez dik deus gaizkirik egin.”
Eta erraiten zuen :
“ Jesus, orroit zaite nitaz, errege etorriko zirenean.”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Egiaz diozut : gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira.”
Jadanik eguerdi aldea zen :
ilunbea egin zen herri osoan hiruak arte, iguzkia gorde baitzen.
Tenpluko oihala erditik urratu zen.
Orduan Jesusek oihu handi batean erran zuen :
“ Aita, zure eskuetan ezartzen dut ene izpiritua.”
Eta hori erran eta azken hatsa eman zuen.

(Hemen apur bat belauniko)

Erromatar ehuntariak, zer gertatu zen ikusirik,
Jainkoa goretsi zuen, erranez :
“ Zinez, gizon hau zuzena zen.”
Ikuskizun hortarat bildu jende guzia, gertatua ikusirik,
bularra joz itzuli zen hirirat.
Jesusen ezagun guziak, bai eta Galileatik
jarraiki zitzaizkion emazteak, urrundik so zauden.
Orduan, Josep deitu gizon bat etorri zen,
kontseilukoa, gizon ona eta zuzena ;
harek ez zituen onetsi besteen xede eta egintzak.
Judeako Arimatea herrikoa zen,
eta Jainkoaren erreinua noiz etorriko beha zagon.
Josep, beraz, Pilatorenganat joan zen
eta Jesusen gorputza eskatu zion.
Jesus gurutzetik jautsi zuen, hil-mihise batez inguratu,
eta harrian zilatu eta oraino nehor ehortzi gabeko hilobi batean ezarri.
Ostirala zen, eta larunbatako argiak jadanik piztuak ziren.
Jesusekin Galileatik etorri emazteak
Josepen ondotik joan ziren.
Hilobiari behatu zioten
eta Jesusen gorputza nola ezartzen zuten ikusi.
Gero gibelerat itzuli ziren,
eta usain gozozko gantzugailuak prestatu zituzten.
Larunbatean, atseden hartu zuten, manatua den bezala.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristo gure Jaunaren Pasionea san Luken liburutik 23, 1-49.

Ohart huni : 3 seinale hauek diote nor den mintzo : Kristo ; Kondalaria ; Besteak.

Xutitu ziren denak, eta Jesus Pilatorenganat ereman zuten.
Eta salatzen hasi zitzaizkion :
“ Gizon hau gure nazionearen nahaspilatzen hatxeman dugu :
enperadoreari zergen ordaintzea debekatzen du,
eta bera Mesias, errege, dela erraiten”.
Pilatok galdegin zion :
“ Zu zira Juduen erregea ?”
Jesusek ihardetsi :
“ Zuk diozu.”
Pilatok apezburu eta jendaldeari erran zioten :
“ Nik ez diot gizon huni hobenik aurkitzen kondenatzeko.”
Bainan heiek behin eta berriz :
“ Herriaren asaldatzen ari da bere irakaspenekin
Judea osoan barna, Galileatik hasi eta hunaraino.”
Hori entzutearekin,
gizon hura Galilearra ote zen galdegin zuen Pilatok.
Eta, Herodesen menekoa zela jakinik, hari igorri zion,
hura ere Jerusalemen baitzen egun heietan.
Jesus ikusteaz biziki bozkariatu zen Herodes,
aspaldi ikusi nahi baitzuen, hartaz entzuna zuenagatik,
eta mirakuilu zerbaiten egiten ikusiko zuela uste baitzuen.
Galde ainitz egin zion,
bainan Jesusek ez zion hitzik ere ihardetsi.
Apezburu eta lege-irakasleak han ziren, gogor salatzen zutela.
Herodesek, bere soldaduekin,
mespretxu eta trufaka erabili zuen Jesus.
Jantzi eder bat soinean emanik, Pilatorenganat igorri zuen.
Egun hartan, Herodes eta Pilato adiskidetu ziren,
aitzinean etsai baitziren.
Pilatok, apezburu, buruzagi eta herria berriz bildurik,
erran zioten :
“ Gizon hau ekarri dautazue herriaren nahasle bezala.
Bainan, galdeak egin diozkat zuen aitzinean,
eta salatzen ditutzuen hobenetarik
bat ere ez diot aurkitu gizon huni.
Herodesek ere ez, gibelerat igorri daukunaz geroz.
Hunek ez du, beraz, heriotzea merezi duenik deus egin.
Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
Bainan denak batean oihuka hasi ziren :
“ Ken hori, eta libra zaguzu Barrabas.”
Barrabas hura, hirian gertatu nahasmendu
eta gizon hiltze baten gatik preso sartua zuten.
Jesus libratu nahiz, Pilato berriz mintzatu zitzaioten.
Bainan heiek oihuka :
“ Gurutzerat! Gurutzerat hori ! ”
Pilatok hirugarren aldikotz erran zioten :
“ Zer gaizki egin du, bada, gizon hunek ?
Ez diot deus aurkitu hiltzea merezi duenik.
Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
Bainan heiek are gehiago oihuka ari ziren,
gurutzera zezan eskatuz ;
eta gero eta azkarrago ziren oihuak.
Orduan, Pilatok erabaki zuen eskatzen zutena emaitea.
Nahasmendua eta gizon-hiltzeagatik preso zena libratu zuen,
heiek eskatu bezala,
eta Jesus beren esku utzi zioten.

Jesus bazeramatela, landetarik etxerat zoan bat, Simun Zirenekoa
hartu zuten, eta gurutzea bizkarrerat eman,
Jesusen ondotik ereman zezan.
Herriko jendalde handia jarraiki zitzaion,
bai eta emazte ainitz ere, bularra joz eta nigarrez harengatik.
Itzulirik, Jesusek erran zioten :
“ Jerusalemeko emazteak, ez nigar egin neregatik !
Egizue nigar zihaurengatik eta zuen haurrengatik.
Zeren, hara heldu egunak erranen baita :
‘ Dohatsu agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak,
eta hazi ez duten bularrak ! ’
Orduan, hasiko dira mendieri erraiten :
‘ Eror zaitezte gure gainerat ’,
eta mendixkeri : ‘ Gorde gaitzazue ! ’
Alabainan, egur hezeari hori egiten bazaio,
zer ez ote eiharrari ? ”
Jesusekin batean bi gaizkile ere ereman zituzten hiltzera.
Buruhezur edo Galbario deitu lekurat heldu zirenean,
Jesus gurutzitzatu zuten,
bi gaizkileekin, bat eskuinean eta bestea ezkerrean.
Jesusek hunela zion :
“ Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.”
Jesusen soinekoak partekatzeko, xotxak atera zituzten.
Herria han zagon, beha.
Buruzagiek, berriz, trufatzen zuten, erranez :
“ Besteak salbatu ditu : salba dezala bere burua,
Jainkoaren Mesias, Hautetsia, baldin bada.”
Soldaduek ere trufa egiten zioten ;
hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, erranez :
“ Juduen erregea baldin bahaiz, salba zak heure burua.”
Izkribu bat ere bazen haren gainekaldean :
“ Hau Juduen erregea da.”
Gurutzetik dilindan zauden gaizkileetarik bat
Jesusi laidoka ari zitzaion erranez :
“ Ez ote haiz Mesias ?
Salba zak heure burua, eta gu hirekin ! ”
Bainan besteak erasiatu zuen :
“ Ez duk beraz Jainkoaren beldurrik, gaztigu bera jasaiten eta ?
Gurea zuzena duk, egin dugunak merezitua ukaiten diagu.
Bainan hunek ez dik deus gaizkirik egin.”
Eta erraiten zuen :
“ Jesus, orroit zaite nitaz, errege etorriko zirenean.”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Egiaz diozut : gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira.”
Jadanik eguerdi aldea zen :
ilunbea egin zen herri osoan hiruak arte, iguzkia gorde baitzen.
Tenpluko oihala erditik urratu zen.
Orduan Jesusek oihu handi batean erran zuen :
“ Aita, zure eskuetan ezartzen dut ene izpiritua.”
Eta hori erran eta azken hatsa eman zuen.

(Hemen apur bat belauniko)

Erromatar ehuntariak, zer gertatu zen ikusirik,
Jainkoa goretsi zuen, erranez :
“ Zinez, gizon hau zuzena zen.”
Ikuskizun hortarat bildu jende guzia, gertatua ikusirik,
bularra joz itzuli zen hirirat.
Jesusen ezagun guziak, bai eta Galileatik
jarraiki zitzaizkion emazteak, urrundik so zauden.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Jesusen Gurutzearen oinetan gaudela,
gogoan izan ditzagun bereziki
herraren, biolentziaren eta injustiziaren pean dauden guziak.

1. Egungo egunean beren zuzenbide eta ohorean joak direnentzat, egin dezagun otoitz.

2. Fedearen, egiaren edo zuzentasunaren gatik pertsekutatuak eta torturatuak direnentzat, egin dezagun otoitz.

3. Beren haurrideak torturatuz beren ohorea galtzen dutenentzat, eta bertzen oinazetan beren atsegina bilatzen dutenentzat, egin dezagun otoitz.

4. Gurutzea Elizak beti ezagutu du, eta behar du ekarri mendez mende :
girixtino guziak gurutzean hil denaren zinezko dizipulu izan gaiten beti, egin dezagun otoitz.

Jauna, emozu Elizari beti bihotzean izaitea
Jesusen sendimendu berak oraiko gaitzen aintzinean.
Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du