Zamuelen lehen liburutik 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23.
Zaul erregea abiatu zen, hiru mila gizon hautuzko berekin zituela,
Dabiden bila Zif basamortuan.
Dabid eta Abixai, haren laguna, gauaz heldu ziren
Zaulen soldado taldea zagon lekurat ;
Zaul lo aurkitu zuten kanpalekuaren erdian etzana,
lantza lurrean sartua buru ondoan ;
Abner eta gudariak erregearen inguruan zauden lo.
Orduan Abixaik erran zion Dabidi :
“ Gaur, Jainkoak zure esku ezarri dautzu etsaia.
Utz nezazu lantza ukaldi batez lurrari jostera ;
ez dut bietan jo beharrik izanen.”
Bainan Dabidek Abixairi erran zion :
“ Ez hil !
Ez litzateke gaztigurik gabe geldituko
Jaunaren gantzutuari eskua gainean ezarriko liokeena.”
Orduan, Dabidek Zaulen buru ondoan zen lantza,
eta ur-untzia hartu zituen, eta biak joan ziren.
Ez zituen nehork ikusi, ez zen nehor ohartu, ez eta atzarri ere.
Lo zauden denak, Jaunak igorri misteriozko lozorroak harturik.
Dabid bestalderat joan zen, eta mendi gainean gelditu, urrun.
Dabidek deitu zuen Zaul eta oihu egin :
“Errege, huna hemen zure lantza.
Etor bedi mutil gazte bat haren bila !
Jaunak bakotxari berea ordainduko dio,
bere zuzentasunaren eta leialtasunaren arabera.
Gaur, Jaunak nere eskuetan jarria zintuen,
bainan nik ez diot eskurik gainean ezarri nahi izan
Jaunaren gantzutuari.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
102. Salmoa
Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren izenari !
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari.
Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare, ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori,
Emaiten dautzu amodioa minen sari.
Ona da Jauna, eta guzien urrikari,
Ez hasarrekor, bainan bihotzen altxagarri.
Gaizkien arau etzaiku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri :
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Hala da Jauna jainkozaleen urrikari.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a 15, 45-49.
Haurrideak, Liburu Sainduak dio :
Lehen gizakia, Adam, izaki bizidun izan zen ;
azkeneko Adam, Kristo, aldiz, izpiritu bizi-emailea da.
Ez zen izpirituzkoa izan lehena, bainan gizakia,
gero bakarrik, izpirituzkoa.
Lehen gizona lurreko errautsetik hartua izan zen ;
bigarrena, berriz, zerutik dator.
Lurtarrak, lurrez egin Adamen idurikoak dira :
zerutarrak, zerutik etorri den Kristoren idurikoak.
Eta lurtarraren iduriko giren bezala,
zerutarraren iduriko ere izanen gira.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jaunak eman dauku manu berria :
Denek elkar maita zazue, nik manatu bezala.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 6, 27-38.
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Entzuleak, nik diozuet :
Maita zuen etsaiak, egin ongia hastio zaituzteteneri.
Benedika madarikatzen zaituztetenak,
Otoitz egin zuetaz gaizki erranka ari direnen alde.
Matela batean jotzen zaituenari, eskain bestea ere.
Soingainekoa kentzen dautzunari, ez errefusa soinekoa ere.
Eskatzen dautzunari emozu,
eta zurea kentzen dautzunari, ez gibelerat galdegin.
Eta besteek zueri egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteeri.
Maite zaituztetenak bakarrik maite baditutzue,
zer esker on zor zaitzue ?
Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak.
Eta ongia egiten dautzueteneri bakarrik egiten badiozuete ongia,
zer esker on zor zaitzue ?
Bekatariek ere egiten dute beste hainbeste.
Eta ordaina hartzekotan bakarrik emaiten baduzue maileguz,
zer esker on zor zaitzue ?
Bekatariek ere bekatarieri prestatzen diete,
beste hainbeste hartzekotan.
Ez! Zuek maita zuen etsaiak,
egin ongia eta eman maileguz, ordainaren beha egon gabe.
Orduan, handia izanen da zuen saria,
eta Goi-goikoaren seme izanen zirezte,
ona baita Hura eskergabeentzat eta gaixtoentzat.
Izan zaitezte urrikalkor, zuen Aita urrikalkor den bezala.
Ez juja, eta ez zaituzte jujatuko ;
ez kondena, eta ez zaituzte kondenatuko.
Barka, eta barkatuko zaitzue.
Emazue, eta emanen zaitzue:
neurri ona, betea, higitua, altzorat gaindika emana.
Alabainan, besteentzat erabiltzen duzuen neurria
erabiliko dute ere zuentzat.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du