Erregeen bigarren liburutik 5, 14-17.
Naaman jeneral Ziriarra lepraduna zen.
Jordan ibairat jautsi zen, eta zazpi aldiz mainatu,
Jainkoaren gizonak, Elizeo profetak, manatu bezala ;
orduan haragia haurtxoarena bezala gelditu zitzaion :
lepratik garbi zen.
Jainkoaren gizonarenganat itzuli zen bere lagun-talde osoarekin ;
eta haren aitzinean xutik, erran zion :
“ Orai badakit ez dela munduan Jainkorik Izraelena baizik.
Otoi, onar zazu zure zerbitzari hunen eskaintza.”
Bainan Elizeok ihardetsi zion :
“ Zerbitzari nauen Jainkoaren biziaz, ez dut hartuko.”
Naamanek hartzeko eta hartzeko erranik ere, ez zuen hartu nahi izan.
Orduan Naamanek erran zion :
“ Ezetz denaz geroz, utzazu bederen zure zerbitzaria
bi mandok ereman dezaketen lurra hartzera ;
gaurtik aitzina ez baitio zure zerbitzariak
erre oparirik eta sakrifiziorik neholako jainkori eskainiko,
Jaunari baizik.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
97. Salmoa
Herri guzien salbagarri
Hara gaur non den Jauna jeiki.
Kanta Jaunari kantu berri,
Harek eginak oro baitire miragarri.
Berez bere da nausi jarri,
Bere besoaz jaun agertu da munduari.
Salbatzaile da jeiki Jauna :
Ikusi dute zoin ona dugun, zoin zuzena
Izraelentzat zer laguna,
Erakutsi du bere betiko bihotz ona.
Lur guziak du ikusia
Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari lur guzia :
Pitz eta kanta, bai bozkaria, bai loria.
Jondoni Paulok Timoteori 2a : 2, 8-13.
Gogoan izan Jesu Kristo, Dabiden ondokoa :
hiletarik piztua da, hortan da nere Ebanjelioa.
Horrengatik naiz oinazetan, gaizkile bezala katez lotua.
Bainan Jainkoaren hitza ez da katez lotua.
Horrengatik dena jasaiten dut Jainkoak hautatu dituenen onerako,
heiek ere ardiets dezaten Jesu Kristorenganik dugun salbamendua,
betiereko aintzarekin.
Sinesgarria da hitz hau :
Harekin hiltzen bagira, harekin biziko gira;
Harekin sofritzen badugu, harekin izanen gira errege.
Ukatzen badugu, harek ere ukatuko gaitu.
Gu leialak ez bagira ere, hura leial dago,
ez baitezake bere burua uka.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Bai ona baita, denek eskerrak Jainkoari,
Gizonarentzat egin du ainitz miragarri.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 17, 11-19.
Jesus, Jerusalemerako bidean, Zamaria eta Galilean barna zoan.
Herrixka batean sartzean, hamar lepradun atera zitzaizkion biderat.
Urrunetik oihuka hasi ziren :
“ Jesus, Irakasle, urrikal zakizkigu ! ”
Heiek ikusi eta, Jesusek erran zioten :
“ Zoazte, ager zaitezte apezeri.”
Eta zoatzilarik, garbi gelditu ziren.
Heietarik bat, sendatua zela oharturik,
gibelerat itzuli zen, Jainkoa ozenki goresten zuela.
Jesusen oinetarat ahuspez erori zen, eskerrak emanez.
Zamariarra zen.
Orduan Jesusek erran zuen :
“ Ez ote dira hamarrak garbi gelditu ? Non dira beste bederatziak ?
Ez da izan arrotz hau baizik Jainkoaren gorestera etorri denik ? ”
Jesusek erran zion :
“ Xuti zaite eta zoazi : zure fedeak salbatu zaitu.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du