Lehen irakurgaia

Jeremi profetaren liburutik 38, 4-6. 8-10.

Jerusaleme setiatua zelarik, Jeremi preso zaukaten
buruzagiek erran zioten Zedeziaz erregeari :
“ Hil behar da gizon hori :
bere hitzez, herrian gelditzen diren gudariak
eta herritar guziak ez ditu etsiarazten baizik.
Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.
Erregeak ihardetsi zioten:
“ Zuen esku duzue: erregeak ez dezake deus zuen kontra ! ”
Hartu zuten, beraz, Jeremi, eta presondegi atari ondoko
Melkias printzearen putzuan sartu zuten, sokaz jautsiz.
Putzu hortan ez zen urik, lohia baizik,
eta Jeremi lohian sarturik gelditu zen.
Jauregiko aitzindari bat, Ebed-Melek etiopiarra,
erregearenganat joan zen, eta erran zion :
“ Errege nere jauna, gaizki jokatu dira gizon horiek
Jeremi profetarekin : putzurat bota dute, eta han goseak hilen da.”
Orduan, erregeak manu hau eman zion Ebed-Melek etiopiarrari :
“ Har zurekin hiru gizon , eta atera zazu Jeremi profeta putzutik,
hil baino lehen.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

39. Salmoa
Entzun, Jainkoa, otoi, entzun !
Zatozkit, Jauna, laster lagun !

Beha nindagon, Jauna, beha :
Eta ukurtuz entzun daut entzun intzirea.
Harek zilotik nau atera,
Lohi putzuen barnetik eman argitara.
Harri gainean nau ezarri,
Nere urratsak nausi dabiltzan guzieri.

Kantu berri daut ahoratu,
Jainko Jaunaren alderateko esker-kantu.
Ainitzek dute ikusiko,
Eta beldurrez Jaunaren baitan sinetsiko.

Dohakabe naiz, ezindua,
Bainan Jainkoak niganat luze du eskua.
Zu zaitut lagun, zu laguntza :
Zatozkit laster, ez otoi, Jauna, otoi, luza !

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 12, 1-4.

Haurrideak,
hainbeste fedearen lekukoz inguraturik gaude.
Gu ere, libra gaitezen traba guzietarik,
eta hertsatzen gaituen bekatutik,
eta egin dezagun etsitu gabe galdegina zaikun lasterketa.
Beha diezogun fedearen iturri eta betetzaile den Jesusi.
Hunek, eskainia zitzaion zorionari uko eginik,
gurutzean hiltzea onartu zuen,
heriotze ahalgegarria zela konduan hartu gabe,
eta orai Jainkoaren tronuaren eskuinaldean jarria dago.
Gogoan erabil zazue
bekatarien aldetik halako etsaigoa jasan zuen hura,
nekatu eta etsi ez dezazuen.
Ez duzue orai arte bizia galtzeraino gogor egin
bekatuaren kontrako borrokan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesus, artzain onak, bere ardiak ezagutzen ditu
Eta ardiek ezagutzen dute : heientzat eman du bizia.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 49-53.

Jesusek erran zioten dizipulueri :
“ Lurrari su baten ekartzera etorria naiz,
eta zenbat nahiko nukeen jadanik piztua balitz.
Bataio batez bataiatua izan behar dut,
eta zer hersturan naizen hori bete arte !
Munduari bakearen ekartzera etorria naizela uste ote duzue ?
Ezetz diozuet, izaitekotz berexgoaren ekartzera.
Zeren hemendik aitzina, etxe bateko bost lagun berexiko baitira :
hiru biren kontra eta bi hiruren kontra ;
berexiko dira aita semearen kontra eta semea aitaren kontra,
ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra,
amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du