Lehen irakurgaia

Erregeen lehen liburutik 17, 17-24.

Eli profeta egoiten zen etxeko anderearen semea eri zen ;
gaitza hain bortitza izan zen, non haurra hil baitzen.
Emazteak erran zion Eliri :
“ Zer ari zira hemen, Jainkoaren gizon ?
Etxerat etorria ote zaitut
nere bekatuen orroitzapenaren berritzera,
eta nere semearen hiltzera ? ”
Elik ihardetsi zion : “ Emadazu semea ! ”
Hartu zion haurra altzotik,
ereman zuen goiti, bera bizi zen gelarat, eta bere ohean etzan.
Gero, hunela dei egin zion Jaunari :
“Jauna, ene Jainkoa, bere etxean hartu nauen alargun hau
atsegabetu behar ote duzu, semea hilaraziz ? ”
Hiru aldiz etzan zen haurraren gainean,
eta oihu egin zion Jaunari, erranez :
“ Jauna, ene Jainkoa, otoi, itzul-ozu bizia haur huni ! ”
Entzun zuen Jaunak Eliren deia ;
itzuli zitzaion haurrari hatsa : bizi zen.
Elik, orduan, hartu zuen haurra,
goiko gelatik jautsi eta amari eman zion, erranez :
“ Huna, bizi da zure semea ! ”
Emazteak ihardetsi zion :
“ Orai badakit Jainkoaren gizona zirela,
eta, zure ahoan, Jaunaren hitza egia dela.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

29. Salmoa
Jaunari kantu, zerutik gaitu eskuz hartu.

Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna,
Egin dut oihu eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik,
Zaindua nauzu hil-ziloraino lerratzetik.

Jainko Jaunari haren gizonak has kantari :
Eman gogotik eskerrak haren izenari.
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute,
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.
Gauerakoan soari nigar jauzten zaio,
Eta goizean zerurainoko bozkario.

Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik, betiko bozez nauzu jauntzi.
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu,
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Galaziarreri 1, 11-19.

Haurrideak, jakin behar duzue,
nik iragartzen dutan Ebanjelioa ez dela gizakien asmakizuna.
Ez dut gizaki batenganik ukan edo ikasi :
Jesu Kristok daut agertu.
Entzun duzue, hain segur, zein zen nere jokabidea judaismoan :
zein gogorki persegitzen nuen Jainkoaren Eliza,
hura suntsitu nahiz.
Judaismoaren baitan,
nere adineko herritar ainitz baino aitzinago nindoan,
arbasoen ohiduren alde nehor baino kartsuago.
Bainan Jainkoak, sortu baino lehen hautatua ninduen
eta bere graziaz dei egina zautan.
Gogoko izan zuen bere Semea neri agertzea,
nik hura iragar nezan pagano herrietan.
Ordu berean, nehori kontseilurik galdatu gabe,
eta ni baino lehen apostolu zirenengana Jerusalemerat igan gabe,
berehala Arabiarat joan nintzen, eta gero, berriz Damazerat itzuli.
Handik hiru urteren buruan,
Jerusalemerat igan nintzen Petriren ezagutza egitera,
eta hamabost egun egin nituen harekin.
Beste apostolurik ez nuen ikusi, Jakobe, Jaunaren anaia baizik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Profeta handi bat agertu zaiku :
Jainkoa etorri da bere herriaren salbatzera.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 7, 11-17.

Jesus bazoan Naim deitu herrirat.
Harekin zoatzin dizipuluak eta jendeketa handia.
Herriko aterat hurbildu zenean, hil bat zeramaten ehorztera.
Ama alargun baten seme bakarra zen,
eta jendeketa handia amarekin zoan.
Ikusi zuenean, Jauna urrikaldu zitzaion, eta erran zion:
“ Ez egin nigarrik ! ”
Hurbildurik, kutxa hunkitu zuen ;
hilketariak gelditu ziren, eta Jesusek erran zuen :
“ Mutiko gaztea, nik diozut: jeiki ! ”
Orduan hila jeiki zen, jarri eta solasean hasi.
Eta Jesusek amari eman zion.
Beldurrak hartu zituen denak
eta Jainkoa goresten zuten, erranez :
“ Profeta handi bat atera da gure artean,
Jainkoa etorri da bere herriaren salbatzera.”
Eta solas hori zabaldu zen
Judea osoan eta inguruko herrialde guzietan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du