Zamuelen bigarren liburutik 5, 1-3.
Izraelgo leinu guziak Hebronerat Dabidenganat etorri ziren,
eta erran zioten :
“ Gu ere zure odolekoak gaitutzu.
Lehenago ere, Zaul gure errege zenean,
zuk gidatzen zinituen Izraelen joan-etorriak.
Gainera, zuri erran dautzu Jaunak :
‘ Zu izanen zira Izrael nere herriaren artzaina,
zu izanen zira Izraelen buruzagia.’ ”
Etorri ziren, beraz, Izraelen buruzagi guziak
Dabid erregearenganat, Hebronerat.
Dabid erregeak hitzarmena egin zuen heiekin
Hebronen Jaunaren aitzinean.
Eta heiek Dabid gantzutu zuten, Izraelgo errege izaiteko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
121. Salmoa
Jauna, zu zira, zu, bakearen Erregea.
Piztu naiz, piztu, baitut entzun :
Goazen Jaunaren etxeraino,
Hara nun orai bagaitutzun
Jerusaleme atetan so.
Jerusaleme, hiri gaitza,
Denen biltzaile den bihotza.
Jaunaren haurrak, haurrak oro,
Horrat doatzi lerro lerro.
Jaun izenari zor bezala,
Kantatu behar diotela.
Hor du zuzenak zuzen-alki,
Dabid semeak hor egoki.
Jerusalemek otoi ! bake
Zuri daudenak bozik beude.
Bake dadila zure baitan,
Egun gozoak jauretxetan.
Jondoni Paulok Koloziarreri 1, 12-20.
Haurrideak,
eskerrak emazkizue Jainko Aitari, gai egin baitzaituzte
argian parte hartzeko herri sainduaren ondarean.
Ilunbeen menetik atera gaitu,
eta bere Seme maitearen erreinurat aldatu :
hunen baitan dugu librantza, bekatuen barkamendua.
Semea, Jainko ikusezinaren iduria da,
kreatura guzietan lehen sortua.
Haren bidez dira eginak gauza guziak, zeru-lurretan,
ageri direnak eta ez direnak,
ahaldun, nagusi, aitzindari eta boteredunak.
Haren bidez eta harentzat kreatuak izan dira denak.
Guziak baino lehenagokoa da bera,
eta guziek haren baitan diraute.
Bera da gorputzaren, Elizaren, burua.
Bera da hastapena, hilen artetik lehen sortua,
guzietan lehena izan dadin.
Jainkoak nahi izan baitu betearen betea haren baitan egoitea,
eta haren bitartez guziak berekin adiskidetzea,
bai lurrekoak eta bai zerukoak,
haren gurutzeko odolaz bakea eginik.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Benedikatua gure aita Dabiden erreinua,
mende berrien Erresuma !
Benedikatua Jaunaren izenean datorrena !
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 23, 35-43.
Jesus gurutzitzatu zutenean,
herria han zagon beha.
Buruzagiek trufatzen zuten, erranez :
“ Besteak salbatu ditu : salba dezala bere burua,
Jainkoaren Mesias, Hautetsia, baldin bada.”
Soldaduek ere trufa egiten zioten ;
hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, erranez :
“ Juduen erregea baldin bahaiz, salba zak heure burua.”
Izkribu bat ere bazen haren gainekaldean :
“ Hau Juduen erregea da.”
Gurutzetik dilindan zauden gaizkileetarik bat
Jesusi laidoka ari zitzaion, erranez :
“ Ez ote haiz Mesias ?
Salba zak heure burua, eta gu hirekin ! ”
Bainan besteak erasiatu zuen :
“ Ez duk, beraz, Jainkoaren beldurrik,
gaztigu bera jasaiten eta ?
Gurea zuzena duk, egin dugunak merezitua ukaiten diagu.
bainan hunek ez dik deus gaizkirik egin .”
Eta erraiten zuen :
“ Jesus, orroit zaite nitaz, errege etorriko zirenean ! ”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Egiaz diozut : gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du