Zamuelen lehen liburutik 1, 20-22. 24-28.
Egun heietan,
haurdun gelditu zen Ana, eta seme bat izan zuen.
Zamuel eman zion izena, erranez : “ Jaunari eskatua diot.”
Elkana, haren senarra, bere etxeko guziekin igan zen tenplurat,
Jaunari urteko oparia egitera, eta bere botua betetzera.
Ana, aldiz, ez zen igan.
Bere senarrari erran zion :
“ Haurrari bularra kenduko diotanean, eremanen dut.
Jaunari eskainiko zaio, eta han egonen da betiko.”
Bularra kendu zionean Zamueli,
Anak Zilon den Jaunaren etxerat ereman zuen.
Ereman zituen ere hiru urteko zezen bat,
zaku bat irin eta zahagi bat arno.
Zezena oparitako hil zuten, eta haurra Eli apezari ereman.
Eta Anak erran zion :
“ Otoi, entzun ene jauna !
Bai, jauna, ni naiz hemen zure ondoan
Jaunari otoizka egon nintzen emaztea.
Haur hau eskatzen nion,
eta Jaunak eman daut eskatzen niona.
Horrengatik Jaunari emaiten diot:
Bere biziko egun guzietan Jaunari emana dago.”
Eta han Jauna adoratu zuten.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
83. Salmoa
Zauden egoitza, zoin gozoa,
zeruetako Jaungoikoa !
Noiz hura ikus, hura goza .
Egarriz eta minez noa.
Bihotz, gorputzek, ai zer boza !
Bizi baitzaitut, han, Jainkoa!
Xoriak badu gau-egoitza,
Ainarak umen ohanzñoa.
Nik aldaretan dut gozoa,
Zauden etxean, Jaungoikoa.
Dohatsu zure etxekoak :
Badaude beti zuri kantuz.
Dohatsu zuhauk lagunduak :
Bozik dabiltza zuri buruz.
Ukurtuz adi, Jaungoikoa,
Nere otoitzen dei beroa
Behazu, Jauna, deika dago
Zure Kristoren behakoa.
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3, 1-2. 21-24.
Maite maiteak,
ikusazue zenbaterainoko maitasuna agertu daukun Aitak,
Jainkoaren haur izena eman baitauku,
eta hala gira.
Huna zergatik munduak ez gaituen ezagutzen :
Jainkoa ere ez baitu ezagutu.
Maite maiteak, orai Jainkoaren haurrak gira,
bainan zer izanen giren, ez da oraino agertua.
Badakigu : Jainkoaren Semea agertuko denean,
haren iduriko izanen gira, den bezala ikusiko baitugu.
Nere maiteak, gure bihotzak kondenatzen ez bagaitu,
fidantzia osoan jo dezakegu Jainkoarenganat.
Eta eskatu guzia ardiesten dugu harenganik,
haren manamenduak begiratzen baititugu, eta atsegin zaiona egiten.
Eta huna Jainkoaren manamendua :
sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan,
eta elkar maita, manatu daukun bezala.
Haren manamenduak begiratzen dituena
Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.
Eta gure baitan dagolako seinalea hau da :
Berak eman daukun Izpiritua.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zinez Jainko gordea zira,
Jainko gizonen artean, Jesus Salbatzailea !
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 41-52.
Jesusen burasoak Jerusalemerat joaiten ziren urte guziz
Bazko-bestakari.
Jesusek hamabi urte bete zituenean,
harat igan ziren, besta hortan ohi den bezala.
Besta egunak bururaturik, etxera abiatu zirenean,
Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, burasoek jakin gabe.
Ustez eta bideko lagunen artean zen,
egun baten bidea egin ondoan,
haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean.
Ez baitzuten aurkitu, Jerusalemerat itzuli ziren, hura bilatuz.
Hiru egunen buruan, Tenpluan aurkitu zuten,
irakasleen erdian jarria, heieri beha eta galdeka.
Entzule guziak miretsirik zauden,
haren adimendu eta ihardespenengatik.
Ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak erran zion :
“ Haurra, zergatik egin daukuzu holakorik ?
Horra nolako atsegabetan ibili giren aita eta biak zure bila !”
Harek erran zioten :
“ Zergatik zinabiltzaten nere bila?
Ez ote zinakiten nere Aitaren etxean egon behar dutala ?”
Bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
Jesus heiekin Nazareterat jautsi zen,
eta heien menpeko zagon.
Haren amak gertakari horiek guziak bihotzean begiratzen zituen.
Jesus goiti ari zen, bai zuhurtziaz, bai gorputzez,
Jainkoaren eta gizakien begietan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Bihotz beraz, Jesusekin batean, otoitz egin diezogun Jainkoari, Aita baten gisa maite dituen gizakientzat
1. Familia saindua bake-leku bat da. Munduan heda eta finka dadin bakea, egin dezagun otoitz.
2. Familia saindua zerbitzu-leku bat da. Elizaren baitan handi dadin denen zerbitzari izaiteko lehia, egin dezagun otoitz.
3. Familia saindua otoitz-leku bat da. Girixtinoek gero ta gehiago jakin dezaten otoitz egiten, egin dezagun otoitz.
4. Familia saindua maitasun-leku bat da . Gure herriko familia guzientzat, egin dezagun otoitz.
Jainko Aita, zu bakarrik zira zinezko familia guzien iturria.
Zure Izpirituaren bidez egizkitzu, otoi, gure giza-familiak zure Semearen iduriko, orai eta menderen mendetan.
Parropia bakotxak egokitu behar du