Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 14, 21b-27.

Paulo eta Barnabe Ikoniorat eta Pizidiako Antiokiarat itzuli ziren.
Dizipuluen bihotzak azkartzen zituzten,
eta fedean irautera sustatzen, erranez :
“Herstura ainitzetarik pasatu behar dugu
Jainkoaren Erreinuan sartzeko.”
Eliza bakotxean Zaharrak izendatu zituzten,
eta, otoitz eta barur egin ondoan,
Jaunaren eskuetan utzi zituzten, haren baitan sinetsi baitzuten.
Gero, Pizidian barna, Panfiliarat heldu ziren.
Pergen Hitza predikatu ondoan, Ataliarat jautsi ziren.
Han untzia hartu zuten Ziriako Antiokiarat joaiteko,
handik abiatuak baitziren ;
hiri hortan Jainkoaren graziari gomendatuak izanak ziren,
bururatu berri zuten lanaren egiteko.
Harat heldu ondoan, Eliza bildu zuten,
eta Jainkoak heien bidez egin guzia kondatu zioten,
bai eta paganoeri federako atea nola ideki zioten ere.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

144. Salmoa
Zure izena dut goretsiko mendez mende :
Zu zaitut Jainko, zu Errege.

edo : Alleluia.

Eztia eta guziz ona da gure Jauna,
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna,
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.

Zuhauk eginek Jauna goraipa zaitzatela,
Zure gizonek eskerrak zuri, zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala.

Jakin dezaten denek zu baitan den indarra,
Zure betiko erresuman den ospe hura.
Zuk erresuma, mendez mendeko erresuma,
Zure eskua noiz artekoa ezin asma.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 21, 1-5.

Nik, Joanik, zeru berria eta lur berria ikusi nituen,
itzaliak baitziren lehengo zerua eta lehengo lurra,
eta itsasorik ere ez zen.
Hiri saindua ikusi nuen, Jerusalem berria
zerutik Jainkoaganik jausten, prest-presta
andregaia bere senarrarentzat bezala apaindua.
Eta mintzo ozen bat entzun nuen Jainkoaren tronutik erraiten :
“ Huna Jainkoaren bizilekua gizonen artean ;
heiekin biziko da, heiek izanen ditu bere herri,
eta Jainkoa bera izanen dute berekin.
Heien begietako nigarrak xukatuko ditu
eta ez da gehiago heriotzerik izanen, ez dolurik, ez nigarrik,
ez atsegaberik, lehengo mundua itzalia baita.”
Orduan Tronuan jarririk zagonak erran zuen :
“Hara, gauza guziak berri egiten ditut.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jainkoa amodioa da :
Elkar maita dezagun, maite gaituen bezala.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 13, 31-33a. 34-35.

Judas azken afaritik atera zenean, Jesusek erran zuen :
“ Orai berean Gizonaren Semea goretsia da,
eta Jainkoa ere goretsia da haren baitan.
Jainkoa goretsia bada haren baitan,
Jainkoak ere goretsiko du bere baitan ;
eta berehala goretsiko du.
Haurtxoak, apur bat oraino zuekin nago.
Manamendu berri bat emaiten dautzuet :
elkar maita zazue.
Nik maitatu zaituztedan bezala, zuek ere elkar maita zazue.
Huntarik ezagutuko dute guziek nere dizipulu zireztela,
elkar maite baduzue.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.