Bestak / Ekainaren 29a – Jondoni Petri eta Paulo apostoluak – Bezpera arratseko Meza

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 3, 1-10.

Petri eta Joani Tenplurat zoatzin arratsaldeko otoitzerat.
Hain xuxen, gizon bat ekartzen zuten, sortzetik maingua.
Egunero, Ate-eder deitu Tenpluko atean ezartzen zuten,
Tenplurat sartzen zireneri amoina eskatzeko.
Petri eta Joani Tenplurat sartzen ikusirik, amoina galdegin zioten.
Orduan Petrik behatu zion, Joanirekin batean, eta erran zion :
“So egiguzu ! ”
Hura beha jarri zitzaioten, heienganik zerbait izanen zuelakoan.
Petrik erran zion :
“ Ez dut zilarrik, ez urrerik, bainan dutana emaiten dautzut :
Jesu Kristo Nazaretarraren izenean , jeiki eta ibil zaite.”
Eta, eskuineko eskutik harturik, jeikiarazi zuen.
Bat-batean, gizonaren oinak eta aztal-beharriak azkartu ziren.
Jauzian xutitu zen eta bazabilan.
Apostoluekin Tenpluan sartu zen,
ibil eta jauzi, Jainkoa goresten zuela.
Herri guziak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goresten.
Alabainan ezagutzen zuten : Tenpluko Ate-eder ondoan jarririk
amoina eske egoiten zen hura.
Jendea harriturik eta aztoraturik gelditu zen gertatu zitzaionaz.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

18. Salmoa
Lurrez lur doa heien mintzoa,
Munduan barna heien errana.

Zeru zeruek aipatzen dute Jainko Jauna,
Izartegiak haren lana.
Goizak goizari erraiten dio : hark egina,
Gauak gauari berri ona.

Goizak errana eta gauaren berri ona,
Adi daiteken errexena.
Mundu guzirat badoa heien hitz ozena,
Lurrez lur heiek diotena.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Galatiarreri 1, 11-20.

Haurrideak, jakin behar duzue,
nik iragartzen dutan Ebanjelioa ez dela gizakien asmakizuna.
Ez dut gizaki batenganik ukan edo ikasi :
Jesu Kristok daut agertu.
Entzun duzue, hain segur, zein zen nere jokabidea judaismoan :
zein gogorki persegitzen nuen Jainkoaren Eliza,
hura suntsitu nahiz.
Judaismoaren baitan,
nere adineko herritar ainitz baino aitzinago nindoan,
arbasoen ohiduren alde nehor baino kartsuago.
Bainan Jainkoak, sortu baino lehen hautatua ninduen
eta bere graziaz dei egina zautan.
Gogoko izan zuen bere Semea neri agertzea,
nik hura iragar nezan pagano herrietan.
Ordu berean, nehori kontseilurik galdatu gabe,
eta ni baino lehen apostolu zirenengana Jerusalemerat igan gabe,
berehala Arabiarat joan nintzen, eta gero, berriz Damazerat itzuli.
Handik hiru urteren buruan,
Jerusalemerat igan nintzen Petriren ezagutza egitera,
eta hamabost egun egin nituen harekin.
Beste apostolurik ez nuen ikusi, Jakobe, Jaunaren anaia baizik.
Jainkoa dut lekuko, izkiriatzen dautzuetana ez da gezurra.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Badakizkatzu denak, Jauna :
Maite zaitut nik, dakizuna !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 21, 15-19.

Itsas-bazterrean apostoluekin jan-eta,
Jesus piztuak erran zion Zimun-Petriri:
“ Zimun, Joanesen semea, maite ote nauzu horiek baino gehiago ? ”
Ihardesten dio :
“ Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek orduan :
“ Alha nere bildotsak.”
Bigarren aldikotz erraiten dio :
“ Zimun, Joanesen semea, maite ote nauzu ? ”
Petrik ihardesten dio :
“ Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek orduan :
“ Zaint nere ardiak.”
Hirugarren aldikotz erraiten dio :
“ Zimun, Jaoanesen semea, maite ote nauzu ? ”
Petrik pena hartu zuen,
hirugarren aldikotz galdatu baitzion maite zuenez,
eta erran zion :
“ Jauna, denak badazkitzu, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek erraiten dio :
“ Alha nere ardiak.
Egiaz egiaz diozut : gazteago zinelarik,
zuhaurek ezartzen zinuen gerrikoa,
eta nahi zinuen tokirat joaiten zinen ;
zahartzean, ordea, besoak altxatuko ditutzu,
eta beste batek ezarriko dautzu gerrikoa,
eta nahiko ez duzun tokirat eremanen zaitu.”
Jesusek hori erran zuen,
adiarazteko nolako heriotzeaz Petrik aintza emanen zion Jainkoari.
Gero erran zion ere :
“ Jarraik neri.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du