Jondoni Joaniren Apokalipza liburutik 7, 2-4. 9-14.
Nik, Joanik,
aingeru bat ikusi nuen iguzki aldetik igaiten,
Jainko biziaren zigilua zaukala,
eta ozenki oihu egin zioten
lurraren eta itsasoaren hondatzeko ahala
eman zitzaioten lau aingerueri, erranez :
“ Ez honda lurra, ez itsasoa, ez eta zuhaitzak,
gure Jainkoaren zerbitzariak zigiluz kopetan markatu arte.”
Eta entzun nuen zigiluz markatuak zenbat ziren :
ehun eta berrogeita lau mila,
hamabi mila Izraeldar leinu bakotxatik.
Gero, jendetza handia ikusi nuen, nehork ezin kondatuzkoa,
nazione, arraza, herri eta hizkuntza guzietako jendea,
Tronuaren eta Bildotsaren aitzinean xutik,
soineko xuritan, eta palma-adarrak eskuetan.
Eta ozenki oihu egiten zuten :
“ Salbamendua tronuan jarria dagon
gure Jainkoarena eta Bildotsarena.”
Tronuaren, zaharren eta lau bizidunen inguruan
xutik zauden aingeruak,
ahuspez erori ziren Tronuaren aitzinean,
eta Jainkoa adoratu zuten, erranez :
“ Amen ! Gorespena, aintza, zuhurtzia eta esker ona,
ohorea, ahalmena eta indarra
gure Jainkoari menderen mendetan ! Amen ! ”
Orduan, Zaharretarik bat mintzatu zitzaitan, erranez :
“ Soineko xuriz jantziak diren horiek
nor dira eta nondik heldu dira ? ”
Nik ihardetsi :
“ Ene Jauna, zuk badakizu.”
Harek erran zautan :
“ Horiek herstura handitik heldu dira :
beren soinekoak garbitu dituzte eta xuritu Bildotsaren odolean.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
23. Salmoa
Kantuz daudela Zuri Jauna
Badabiltzanak zure bila.
Jainkoarenak mundua eta mundukoak,
Bai lurra eta lurrekoak.
Harek du lurra itsas gainean ezarria
Ibai artean hor jarria.
Nor iganen da Jainko Jaunaren mendiraino ?
Dagon tokian nor sartuko ?
Eskuak eta bihotza garbi dabilana,
Gezurretarat ez doana.
Eginen dio Jaun zerukoak ongi hari,
Emanen dio Jaunak sari.
Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza,
Holakoak bai badabiltza.
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3, 1-3.
Maite maiteak,
ikusazue zenbaterainoko maitasuna agertu daukun Aitak,
Jainkoaren haur izena eman baitauku, eta hala gira.
Huna zergatik ez gaituen munduak ezagutzen :
Jainkoa ere ez baitu ezagutu.
Maite maiteak, orai Jainkoaren haurrak gira,
bainan zer izanen giren ez da oraino agertua.
Badakigu : Jainkoaren Semea agertuko denean,
haren iduriko izanen gira, den bezala ikusiko baitugu.
Haren baitan holako esperantza duena
garbi bilakatzen da, hura garbi den bezala.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Etor ni ganat, lan eta minek lehertuak,
Denak izanen baitzarezte nik altxatuak.
Jesu Kristoren ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 1-12.
Jendaldea ikustean, Jesus mendirat igan zen.
Jarri zelarik, dizipuluak hurbildu zitzaizkion.
Orduan, ahoa idekirik, irakasten hasi zitzaioten :
“ Dohatsuak bihotzez behartsuak direnak,
berena baitute zeruetako Erreinua.
Dohatsuak eztiak,
hitzeman lurraren jabe izanen baitira.
Dohatsuak nigarretan direnak,
kontsolatuak izanen baitira.
Dohatsuak zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
Dohatsuak urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
Dohatsuak bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
Dohatsuak bakegileak,
Jainkoaren seme deituak izanen baitira.
Dohatsuak zuzentasunarengatik gaizki eabiliak,
heiena baita zeruetako Erreinua.
Dohatsuak zuek, laidoztatzen eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
zernahi gaixtakeria gezurrez erranen dutenean zuetaz, neregatik.
Bozkaria eta loria zaitezte,
handia izanen baita zuen saria zeruetan.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Pierre Andiazabal apeza, “Mezetako deiak”, B, 2)
Fedean gure haurride diren zeruko sainduak ospatzen ditugularik, hek bezala itzul gaiten Jesus Jaunari buruz, Dohatsu bakarrari buruz.
1. Kristoren urratsak segitzen dituzten guzientzat, bihotzez ezti eta umil den Jaunari egin diezogun otoitz.
2. Zuzentasun, bake eta amodiozko mundu bat xutik ezarri nahiz lanean ari direnentzat, egiazko bakearen Egileari egin diezogun otoitz.
3. Beren gorputzean, bihotzean edo gogoan sofritzen dutenentzat, gure nigar eta oinazeen berri dakien Jaunari egin diezogun otoitz.
4. Haren gatik eta Ebanjelioaren gatik pairatzen duten Kristoren dizipuluentzat, zuzentasunaren gatik pairatu duen Jaunari egin diezogun otoitz.
5. Gure arbaso eta aintzineko guzientzat, herioan gaindi bizirat iragan den Jaunari egin diezogun otoitz.
Jesus Jauna, zure Izpirituak egin gaitzala
bihotzez behartsu, zuzentasunez gose eta bake egile,
zure Berri ona orotan heda dadin.
Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.
(P. Andiazabal apeza, “Mezetako deiak”, C urtea – sail berria)
Populu, arraza, mintzaira guzietako oste gaitza dago Jainkoaren aintzinean, gizon guzien beharrak Jainkoari agertzen ari. Junta gaiten heien guzien otoitzari.
1. Jesu Kristoren Elizarentzat, ukan dezan dohatsu izaiteko dohaina, bereziki pobre eta umil, denen zerbitzari izanez, egin dezagun otoitz.
2. Gizonen zuzengabekeriaz sofritzen duten guzientzat, Ebanjelioaren gatik sofritzen dutenenzat, ukan dezaten indar eta iraupen, eta ardiets Jaunak hitzeman saria, egin dezagun otoitz.
3. Hemen Jaunaren amodioak bildu gaituen guzientzat: hari esker ereman dezagun bizitze zuzen bat, munduari erakusteko Jaunaren saindutasuna, egin dezagun otoitz.
4. Jaunak egun batez bil gaitzan guziak, gu eta gure aintzinekoak, adixkide eta haurride, denak betiereko zorionean, egin dezagun otoitz.
Jainko guziz saindua,
beha hemen neketan dabiltzan zure haurreri:
Emaguzu esperantza, guk ere goretsiko zaitugula menderen mendetan.
Hazilaren 2a
FEDEDUN HIL GUZIEN ORROITZAPENA
Jauna, noren ganat ginoazke? Zuk dauzkatzu betiereko biziaren hitzak ! Sinesteak emaiten daukun bakean, egin dezagun otoitz.
1. Doluan direnentzat, maite zuten norbait berriki galdurik; beren penetan itoak daudenentzat, esperantzarik gabe, egin dezagun otoitz.
2. Gizonen gogorkeriaren gatik kuraia galdu dutenentzat, beren burua abandonatua senditzen dutenentzat, etsimendutan direnentzat, egin dezagun otoitz.
3. Bakarrik hiltzen direnentzat, edo esperantzarik gabe; geroko bizian sinesterik ez dutenentzat, egin dezagun otoitz.
4. Nehork gogoan ez dituen hilentzat, ahantziak edo otoitzik gabe; gerlaren gatik edo bideko ixtripuetan hil direnentzat, egin dezagun otoitz.
Jesus Jauna, hitzeman daukuzu
zutan sinesten duena biziko dela.
Azkar zazu gure esperantza ikusiko dugula zure argia,
oraidanik eta menderen mendetan.
Parropia bakotxak egokitu behar du