Lehen irakurgaia

Lebitarren liburutik 13, 1-2. 45-46.

Jaunak erran zioten Moisi eta Aaroni :
“ Norbaiti larruazalean ateratzen bazaio
handitsu, zornadura edo bixika bat,
legenarena bezalako zauria sortuz,
ereman bezate Aaron apezarenganat,
edo haren seme apez batenganat.
Legenak joa denak, arropa urratuak ibiliko ditu,
buru-ilea nahasia eta aurpegia erdi estalia,
eta oihu eginen du : “ Kutsatua, kutsatua !”
Zauriak iraunen dion artean, kutsatua izanen da.
Horrengatik bakarrik biziko da, kanpalekutik berex.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

31. Salmoa
Zuk nauzu, Jauna, beiratuko
salbamendua dut gerriko.

Dohatsu zinez bere gaizkitik garbi dena,
Baitu guzien barkamena.
Dohatsu zinez hoben gabetu den gizona,
Hak adiskide baitu Jauna.

Aitortu dautzut egina nuen bekatua,
Ez dut erdizka salatua.
Erran dut erran : “Aitortuko dut nik egina,
Barka zadazun, Jainko Jauna”.

Eta zuk, Jauna, kendu dautazu bekatua,
Behin, betikotz barkatua.
Gizon zuzenak, pitz, Jauna baitan, bozkaria !
Bihotz garbiak, hau loria !


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 10, 31-11, 1.

Haurrideak,
dezazuen jan, edan edo beste edozer egin,
egizue dena Jainkoaren aintzarako.
Ez izan erorbide, ez Juduentzat, ez paganoentzat,
ez Jainkoaren Elizarentzat.
Nik bezala egizue :
gauza guzietan deneri atsegin emaitera entseiatzen naiz;
ez dut nere ona bilatzen, besterena baizik, salba daitezen.
Nik bezala egizue,
Kristok bezala egiten baitut nihaurek.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Profeta handi bat agertu zaiku,
eta jautsi zaio Jainkoa bere jendeari.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 40-45.

Lepradun bat otoizka etorri zitzaion Jesusi,
eta belaunikaturik, erran zion :
“ Nahi baduzu, garbi nezakezu.”
Jesusek, urrikaldurik, eskua luzatu eta hunkitu zuen, erranez :
“ Nahi dut, izan zaite garbi.”
Ordu berean, joan zitzaion lepra, eta garbi gelditu zen.
Berehala Jesusek igorri zuen, eta larderiatu, erranez :
“ Kasu ! Nehori deusik ez erran, bainan zoazi, apezari ager zaite.
Eta eskain zure garbiketaren ordainez
Moisek Legean manatua, froga bat izan dezaten.”
Hura aldiz, atera orduko, hasi zen berria kridatzen eta zabaltzen.
Eta geroztik, Jesus ez zaitekeen agerian sar herri batean :
kanpoan egoiten zen bazterlekuetan.
Halere , nonahitik jendea etortzen zitzaion.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

” Nahi baduzu, garbi nezakezu.”
Fede berarekin bat egin dezagun otoitzean, Jaunari galdatuz beti segi dezan gutartean bere salbamendua.

1. Eliza katolikoarentzat: Jaunak garbi begira dezan urguluaren lepratik eta diruaren kutsutik, egin dezagun otoitz.

2. Munduko lepradun guzientzat, hetaz urrikaldurik Jaunak senda dezan heien bihotzeko zauria, egin dezagun otoitz.

3. Mundu huntan bazterrerat utziak direnentzat, pobre, desterratu, eri handi eta bertze: Jaunak eman diezagun heien maitatzeko eta laguntzeko ahala, egin dezagun otoitz.

4. Hemen bilduak girenentzat: jan, edan ala zernahi, jakin dezagun gauza guzien egiten, Jaunak nahi duen bezala eta haren osperako, egin dezagun otoitz.

Jainko guziz on eta gorputz-arimen sendatzailea,
segi zazu gure baitan hasi duzuna,
munduak jakin dezan zutan duela salbamendua.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du