Lehen irakurgaia

Zuhurtzia liburutik 7, 7-11.

Otoitz egin dut, eta adimendua emana izan zait.
Eskatu dut, eta zuhurtziazko izpiritua etorri zait.
Errege-makil eta alkiak baino nahiago izan dut ;
haren aldean aberastasuna ezdeusentzat hartu dut.
Harribitxi preziatuenarekin ez dut parekatu ;
munduko urre guzia , haren aldean, legar-izpi bat besterik ez da,
eta zilarra , haren aitzinean, lohiaren pareko.
Osagarria eta edertasuna baino maiteago izan dut ;
argia baino nahiago izan dut, haren distira ez baita nehoiz itzaltzen.
Harekin etorri zaizkit ontasun guziak,
eta haren eskuetarik ezin kondatuzko aberastasunak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

89. Salmoa
Guretzat izan amodio, dugun bizian bozkario.

Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul : noiz arte, Jauna, zaude urrun ?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun.

Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Jasan egun beltz bezenbat eman egun goxo,
Zorigaitz urte bezenbat orai bake oso.

Zureen baitan ager dadila zuk egina,
Heien semetan zure osperik argiena.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona :
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 4, 12-13.

Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
bi ahoko ezpata baino zorrotzagoa ;
arima eta izpiritua berexteraino sartzen da,
presunaren zokorik gordeeneraino,
eta barneko pentsamendu eta asmo guziak ikertzen ditu.
Ez da munduan deus ikus ez dezakeenik,
haren aitzinean dena biluzirik eta agerian dago haren begietan ;
hari konduak eman beharko diozkagu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Dohatsu bihotz barnez behartsuak,
Heiena baita zeruetako Erresuma !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 17-30.

Jesus bidean abiatzera zoala, norbait etorri zitzaion lasterka,
eta aitzinean belaunikaturik galdatu zion :
“ Jaun irakasle ona, zer egin behar dut
betiereko bizia ondarez ukaiteko ? ”
Jesusek erran zion :
“ Zergatik erraiten dautazu ona ?
Nehor ez da ona, Jainkoa baizik.
Badazkitzu manamenduak :
Ez nehor hil, ez egin adulteriorik, ez ebats,
ez egin gezurrezko lekukotasunik,
ez egin kalterik, zure aitamak ohora.”
Harek, orduan :
“ Irakasle jauna, horiek oro begiratu ditut gazte-gaztedanik.”
Jesusek behatu zion, eta maitatzen hasi.
Erran zion :
“ Gauza bat bakarra duzu eskas:
Zoazi, ditutzun guziak sal eta eman behartsueri,
eta altxorra izanen duzu zeruan ;
gero zato eta jarraik neri.”
Hitz horiek entzutean, ilundu zen gizona,
eta atsegabeturik joan, ontasun handien jabe baitzen.
Orduan, Jesusek, ingurura behatuz, erran zioten dizipulueri :
“ Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan ! ”
Hitz horiek harriturik utzi zituzten dizipuluak.
Bainan Jesusek berriz ere :
“ Ene haurrak, bai neke dela Jainkoaren erreinuan sartzea !
Kamelua orratzaren begitik pasatzea errexago da,
aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.”
Dizipuluek, are gehiago harriturik, elkarri zioten :
“ Nor salba daiteke, orduan ?”
Heieri behatuz, Jesusek berriz :
“ Gizakiarentzat ezinezkoa da,
bainan Jainkoarentzat ez, denak baitezazke Jainkoak.”

Orduan Petri hasi zitzaion Jesusi erraiten :
“ Hara : guk denak utzi ditugu zuri jarraikitzeko.”
Jesusek erran zuen :
“ Egiaz diozuet: nigatik eta Ebanjelioagatik
etxea, anaiak, arrebak, ama, aita,haurrak edo lurrak uzten dituenak,
ehunetan gehiago ukanen du orai , mundu huntan berean :
etxe, anaia, arreba, ama, haur eta lur, pertsekuzioneekin batean,
eta datorren munduan, betiereko bizia.”

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 17-27.

Jesus bidean abiatzera zoala, norbait etorri zitzaion lasterka,
eta aitzinean belaunikaturik galdatu zion :
“ Jaun irakasle ona, zer egin behar dut
betiereko bizia ondarez ukaiteko ? ”
Jesusek erran zion :
“ Zergatik erraiten dautazu ona ?
Nehor ez da ona, Jainkoa baizik.
Badazkitzu manamenduak :
Ez nehor hil, ez egin adulteriorik, ez ebats,
ez egin gezurrezko lekukotasunik,
ez egin kalterik, zure aitamak ohora.”
Harek, orduan :
“ Irakasle jauna, horiek oro begiratu ditut gazte-gaztedanik.”
Jesusek behatu zion, eta maitatzen hasi.
Erran zion :
“ Gauza bat bakarra duzu eskas:
Zoazi, ditutzun guziak sal eta eman behartsueri,
eta altxorra izanen duzu zeruan ;
gero zato eta jarraik neri.”
Hitz horiek entzutean, ilundu zen gizona,
eta atsegabeturik joan, ontasun handien jabe baitzen.
Orduan, Jesusek, ingurura behatuz, erran zioten dizipulueri :
“ Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan ! ”
Hitz horiek harriturik utzi zituzten dizipuluak.
Bainan Jesusek berriz ere :
“ Ene haurrak, bai neke dela Jainkoaren erreinuan sartzea !
Kamelua orratzaren begitik pasatzea errexago da,
aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.”
Dizipuluek, are gehiago harriturik, elkarri zioten :
“ Nor salba daiteke, orduan ?”
Heieri behatuz, Jesusek berriz :
“ Gizakiarentzat ezinezkoa da,
bainan Jainkoarentzat ez, denak baitezazke Jainkoak.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Jainkoaren Erreinuan sartzea ezinezkoa da gizonarentzat, bainan ez Jainkoarentzat, denak baitezazke Jainkoak. Fidantziarekin egin diezogun otoitz.

1. Elizarentzat: Ebanjelioaren arabera pobreki biziz Jesus bezala, oraiko gizonentzat argi eta esperantza-emaile izan dadin, egin dezagun otoitz.

2. Beren ontasunen esklabo bizi direnentzat: heien bihotza idek dadin egiazko libertaterat eta bertzen laguntzerat, egin dezagun otoitz.

3. Erresuma aberatsentzat: pobreenen griña izanik, zuzentasuna eta anaitasuna pratika ditzaten, egin dezagun otoitz.

4. Fraile, serorentzat, pobre, garbi eta obedient biziz Jesusi jarraikitzerat lehiatzen direnentzat: heien bozkarioak erakuts dezan nun den egiazko aberastasuna, egin dezagun otoitz.

5. Guretzat, gure erientzat, hemen ez direnentzat: denek jeneroski ihardets diezogun Jesusen deiari, egin dezagun otoitz.

Ezinezkoak ere egiteko ahala duzun Jainko ona,
egizu, zure Seme Jesusen soak erakar gaitzan
haren galde guzieri leialki jarraikitzerat.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du