Lehen irakurgaia

Nunbreak liburutik 11, 25-29.

Jauna hedoian jautsi eta Moisekin mintzatu zen.
Moisek zuen izpiritutik hartu,
eta hiruetan hogeita hamar herriko zaharren gainerat ixuri zuen.
Izpiritua heien baitan kokatu orduko,
profeta gisa mintzatzen hasi ziren ; bainan horrek ez zuen iraun.
Bi gizon kanpalekuan geldituak ziren,
bat Eldad deitua, bestea Medad.
Heien baitan ere kokatu zen Izpiritua ;
Batasun-etxolarat ez joanik ere,
hiruetan hogeita hamarren taldekoak ziren,
eta kanpalekuan hasi ziren profeta gisa mintzatzen.
Mutil gazte bat lasterka joan zen Moisenganat eta erran zion :
“ Eldad eta Medad profeta gisa mintzatzen ari dira kanpalekuan.”
Nunen seme Josuek, gaztedanik Moisen zerbitzari zenak,
erran zion :
“ Mois, ene jauna, debeka-zkitzu ! ”
Bainan Moisek erran zion :
“ Neregatik jeloskor zintazke ?
Nahiago nuke herri osoa profeta balitz,
eta Jaunak bere izpiritua deneri emanen baliote ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

18. Salmoa
Legea neri zait bihotz argi, boz iturri.

Jainko legea on ona da
Bihotz gogoen pizgarria.
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.

Jainko-beldurra zoin garbia !
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia,
Gezur izpirik gabekoa.

Zure hau beti naiz heiekin,
Hek nola bete dena begi.
Nork bere hutsak xuxen jakin ?
Huts gordetarik zuk ni garbi.

Handikeririk ez utz nitan,
Ez dakitala nehoiz nausi.
Garbi nindake bai orduan,
Hoben handitik arrunt garbi.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Jakoberen epixtolatik 5, 1-6.

Entzun orai, zuek aberatsek !
Egizue nigar eta garrasi,
gainerat heldu zaizkitzuen zorigaitzengatik.
Ustelak dira zuen aberastasunak, bipiek janak zuen soinekoak,
herdoilak joak zuen urre-zilarrak.
Eta herdoil hori izanen duzue lekuko zuen kontra,
eta suak bezala janen du zuen haragia.
Azkenak diren egunetan, dirua metan ezarri duzue !
Zuen lurretan uzta bildu zuten langileeri
eman ez zinieten lan-saria oihuka ari da,
eta uzta egileen deiadarra
Jaun ahalguzidunaren beharrietarat heldu da.
Goxoan bizi izan zirezte zuek hemen lurrean,
atsegineri osoki emanak ;
eta ase zirezte, sarraski egunetan.
Hobengabea kondenatu duzue eta hil : harek ez dautzue gogor egin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Allelua, alleluia.
Zure errana egia da: saindu gaitzazu denak hartan !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 9, 38-43. 45. 47-48.

Joanik, Hamabietarik batek, erran zion Jesusi :
“ Irakasle jauna, norbait ikusi dugu zure izenean debruen haizatzen,
eta debekatu nahi izan diogu,
ez baita gurekin dabiltzanen taldekoa.”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Ez debeka, ez baita nehor, nere izenean mirakuilu bat egin
eta gero nitaz gaizki-erranka ar daitekeenik.
Gure kontra ez dena, gure alde da.
Mesiasenak zireztelakotz baso bat ur emanen dautzuena,
egiaz diozuet, ez da saririk gabe geldituko.
Nitan sinesten duten ttipi hauetarik bakar bat
galbidean ezartzen duenak,
hobe luke eihera-harri bat lepotik lotu eta itsasorat bota balezate.
Eta zure eskuak galbidean ezartzen bazaitu, motzazu.
Hobe duzu eskumotz betiereko bizian sartu,
bi eskuekin gehenarat, ezin itzalizko surat joan baino.
Zure zangoak galbidean ezartzen bazaitu, motzazu.
Hobe duzu zangomotz betiereko bizian sartu,
bi zangoekin gehenarat botatua izan baino.
Zure begiak galbidean ezartzen bazaitu, atera zazu.
Hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu,
bi begiekin gehenarat botatua izan baino,
han ez baita harra hiltzen, ez eta sua itzaltzen.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Jesu Kristoren izenean otoitz egiten diogula Jainko gure Aitari, zabal ditzagun gure bihotzak haren Izpirituaren hatsari.

1. Elizaren ganik, fedetik eta girixtino urratsetarik urrun daudenentzat: ohart gaiten Izpirituaren presentziari eta lanari heien baitan, egin dezagun otoitz.

2. Bataiatu eta konfirmatu guzientzat: lan egin dezaten Ebanjelioaren zerbitzuko, eta fedearen lekuko kartsu izan diten, egin dezagun otoitz.

3. Lur huntako aberastasunen esklabo jarri diren jende, talde eta nazionentzat: libertatearen eta partekatzearen bidea ikas dezaten, egin dezagun otoitz.

4. Zuzentasunaren, partekatzearen eta pobreenen laguntzaren alde lanean ari direnentzat: heien etsenpluak susta gaitzan gu ere, egin dezagun otoitz.

5. Guhaurentzat, gure herriko girixtino guzientzat: Jesusen Izpirituak irakats diezagun gure bihotzaren zabaltzen guzieri, nehor berexi gabe, egin dezagun otoitz.

Jainko Jauna,
zure Izpirituak du sor-arazten zinezko otoitza:
argi dezala ere gure bizitzea,
gure baitan eta gure bidez bete dadin orai galdatzen dautzuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du