Josueren liburutik 24, 1-2. 15-17. 18b.
Josuek Izraelgo leinu guziak bildu zituen Zikemen ;
gero deitu zituen Izraelgo zahar, buruzagi, juje eta idazlariak :
elkarrekin Jaunaren aitzinean agertu ziren.
Josuek orduan, herri osoari erran zion :
“ Jaunaren zerbitzatzea gaizki iduri bazaitzue,
gaur zuek hauta nor zerbitza :
zuen arbasoek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbitzatu jainkoak,
ala Amortarren jainkoak, orai bizi zirezten herrialdeko jendearenak.
Nik eta nere etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.”
Herriak ihardetsi zion :
“Urrun guganik Jaunaren uztea, jainko arrotzak zerbitzatzeko !
Jauna dugu gure Jainkoa.
Jaunak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabo etxetik.
Gure begiz ikusi ditugu hark egin dituen mirari handiak ;
hark zaindu gaitu egin dugun bide guzian barna,
iragan ditugun herri guzietan.
Guk ere, Jauna zerbitzatuko dugu, hura baitugu gure Jainkoa.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
33. Salmoa
Goza ta beha zoin den gozoa
Zoin den maitea gure Jainkoa !
Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila :
Bihotz apalak pitz ditela.
Dena begi da Jauna zuzenen zaintzen ari,
Dena beharri oihueri.
Gaixtagineri Jaunak hasarrez begiratzen,
Heien izena noiz nola ken.
Zuzenek oihu eta Jainkoak entzun ditu,
Hersturetarik berak hartu.
Bihotz errautsi apaldueri hurbil Jauna :
Zaintzen du zaintzen apal dena.
Bere gaizkiak hilen du hilen gaixtagina,
Onentzat duen herrak jana.
Bere gizonen zaintzale hor da hor Jainkoa :
Hari dagona ez da joa
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5, 21-32.
Haurrideak,
izan zaitezte elkarren menpeko, Kristori diozuen errespetuagatik :
emazteak senarraren menpeko, Jesus Jaunaren menpeko bezala,
senarra emaztearen buru baita, Kristo Elizaren buru den bezala,
bere gorputz horren Salbatzailea delarik ;
Eliza Kristoren menpeko den bezala,
emazteak ere senarraren menpeko izan daitezela denetan.
Senarrak, maita zuen emaztea,
Kristok Eliza maitatu eta haren alde bere burua eman duen bezala.
Hola saindu egin nahi zuen,
bataioko urez eta biziaren hitzaz garbituz.
Beretzat prestatu nahi zuen Eliza, distiratsua,
zikinik eta zimurrik edo deus holakorik gabea, saindu eta garbia.
Gisa berean, senarrek ere beren gorputza bezala
maitatu behar dute beren emaztea.
Emaztea maite duenak bere burua maite du.
Nehork ez du bere gorputza hastio ;
aitzitik hazten du eta artatzen.
Berdin Kristok Eliza,
gu haren gorputzeko menbro baigira.
Liburu Sainduak dion bezala :
Horrengatik gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emazteari elkartuko zaio,
eta biak bat izanen dira.
Handia da mixterio hau,
eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zuk erran hitzak dire beti, bai izpiritu eta bizi.
Betiereko bizikoak ditutzu, Jauna, zure hitzak.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 60-69.
Jesusek Kafarnaumeko zinagogan errana zuen :
“Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak
betiereko bizia badu.”
Jesus hola mintzo entzun,
eta haren dizipuluetarik ainitzek erran zuten :
“ Solas hori gogorra da : nork entzun dezake ?”
Dizipuluak marmarika ari zirela oharturik bere baitan,
Jesusek erran zioten :
“ Ezin onartua iduritzen zaitzue hori ?
Eta Gizonaren Semea lehen zagon tokirat igaiten
ikusten bazinute ?…
Izpiritua da bizi-emaile, haragia ez da deusetarako.
Nik erran dauzkitzuetan hitzak izpiritu eta bizi dira.
Bainan badira zuen artean sinesten ez dutenak.”
Alabainan, Jesusek hastetik bazakien
zein ziren sinesten ez zutenak, eta nork salduko zuen.
Eta erran zuen gainera :
“ Horrengatik erran dautzuet ezin dela nehor nereganat etor,
Aitak hori emaiten ez badio.”
Ordutik, haren dizipuluetarik ainitzek gibelerat egin zuten,
eta harekin ibiltzea utzi.
Orduan, Jesusek Hamabieri erran zioten :
“ Eta zuek ez duzue joan nahi ?”
Simun Petrik ihardetsi zion:
“ Jauna, norenganat joan gintezke?
Zuk ditutzu betiereko biziaren hitzak.
Eta guk sinesten dugu,
eta badakigu zu zirela Jainkoaren Saindua.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B, 2
Jauna gure galdeen entzuten dago. Gizon guzien izenean eta heien alde egin diezogun otoitz.
1. Girixtino guziak leial egon diten Jaunari beren fedean eman dioten hitzari, egin dezagun otoitz.
2. Egiaren bila dabiltzan guziek Kristoren argia eta bozkarioa kausi ditzaten, egin dezagun otoitz.
3. Familia guziek distira dezaten Jesu Kristoren amodioaz beraz, egin dezagun otoitz.
4. Biziaren ogia mahain sainduan hartzen duten guzientzat: hor aurki dezaten egun guzietako behar duten indarra, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita,
Jesusen bitartez emaguzu galdatzen dautzuguna:
gure otoitza harenarekin bat izan dadila,
zure goresteko gizaldi eta gizaldietan.
EDO
1. Ikus-azu, Jauna, zure Eliza. Zure distiraz eder nahi duzu, deus zikin eta zimurrik gabe, garbi eta saindu. Harentzat otoizten zaitugu.
2. Ikus, Jauna, gure familiak: nahi duzu gizon-emazteek elgar maita dezaten zuk Eliza bezala; Heientzat otoizten zaitugu.
3. Ikus, Jauna, gure familiak: askotan, amodioaren sua itzaltzerat utzi dute, edo elgar ahantzi. Heientzat otoizten zaitugu.
4. Ikus, Jauna, gure familiak: maiz beren haurretan badute nahigabe, edo herioak berexirik penetan daude. Heientzat otoizten zaitugu.
5. Zure urrikalmenduari uzten diozkagu gure otoitzean ahanzten ditugunak. Zuk badakizu heien zorion, desira eta nahigabeen berri. Heientzat otoizten zaitugu.
Jauna, noren ganat ginoazke?
Zuk dauzkatzu betiereko biziaren hitzak.
Eskerrak zuri menderen mendetan.
Propositions à adapter par chaque paroissse