Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 7, 10-16.

Jaunak igorri zuen Izai profeta
Akaz erregeari erraitera :
“Galda zozu Jaunari, zure Jainkoari, ezaugarri bat zuretzat,
bai lurraren barnean, bai zeru gainean.”
Akazek ihardetsi zuen :
“Ez dut galdeginen, ez dut tentatuko Jauna.”
Izaik orduan ihardetsi :
“ Adi zazu, beraz, Dabiden etxea :
ez ote zaizu aski gizakientzat aspergarri izaitea,
nere Jainkoarentzat ere aspergarri izan behar ote duzu ?
Horrengatik, Jaunak berak emanen dautzue ezaugarria.
Huna : birjina (emazte gaztea) haurdun dago,
eta semea sortuko du,
Emanuel deituko dute, erran nahi baita “ Jainkoa gurekin.”
Esne gatzatua eta eztia janen ditu haurrak,
gaizkia baztertzen eta ongia hautatzen jakinen du.
Haurrak gaizkia baztertzen
eta ongia hautatzen jakin baino lehen
hutsik geldituko da
holako beldurra emaiten dautzueten bi erregeen lurraldea.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

23. Salmoa
Heldu da Jauna, ospe gaitzeko Erregea.

Jainkoarenak mundua eta mundukoak,
Bai lurra eta lurrekoak.
Harek du lurra itsas gainean ezarria,
Ibai artean hor jarria.

Nor iganen da Jainko Jaunaren mendiraino ?
Dagon tokian nor sartuko ?
Eskuak eta bihotza garbi dabilana,
Gezurretarat ez doana.

Eginen dio Jaun zerukoak ongi hari,
Emanen dio Jaunak sari.
Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza,
Holakoak bai badabiltza.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 1, 1-7.

Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari naizenak,
izkiriatzen dautzuet.
Jainkoak apostolu izaiteko deitu nau
eta hautatu Liburu sainduetan profeten ahoz
jadanik hitzemana zuen Berri onaren kridatzeko.
Berri on hori Jainkoaren Seme Jesu Kristori buruz da :
Hau, haragiaren arabera, Dabiden hazitik sortua da;
bainan, hiletarik piztu denaz geroz,
Izpiritu Sainduaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
Jesu Kristoren ganik ukan dut apostolu izaiteko dohaina,
haren aintzarako, nere bidez pagano herri guziek
Jainkoaren baitan sinetsi eta hari obedi diezoten.
Heietarik zirezte zuek ere, Erroman zireztenak.
Jainkoak maitatu
eta bere herri saindu izaitera deitu zaituzte.
Grazia eta bakea zueri guzieri
Jainko gure Aitaren ganik
eta Jesu Kristo gure Jaunaren ganik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Huna : Birjina gaztea zaiku amaturen ; eta seme bat du izanen.
“Gurekin Jauna”, Emanuel izanen baitu hak izena.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 1, 18-24.

Jesu Kristoren sortzea hunela gertatu zen :
Maria, Jesusen ama, Josepekin ezkontzaz emana zen ;
eta, elkarrekin bizi izan baino lehen,
haur-beharretan gertatu zen,
Izpiritu Sainduaren egitez.
Josep, Mariaren senarra, gizon zuzena zen ;
ez zuen bere emaztea salatu nahi,
eta ixilka uztea erabaki zuen.
Hori gogoan zagolarik,
Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan,
eta erran zion :
“ Josep, Dabiden semea,
ez izan beldurrik Maria, zure emaztea, etxean hartzeko,
Haren baitan sortua Izpiritu Saindua ganik baita.
Semea izanen du, eta zuk “Jesus” emanen diozu izena,
harek baitu bere herria salbatuko bere bekatuetarik.”
Horiek oro gertatu ziren
Jaunak profetaren bidez errana bete zadin :
Hara : birjina haur-beharretan gertatuko da,
eta semea ukanen du,
eta Emmanuel emanen diote izena,
erran nahi baita : “ Jainkoa gurekin.”
Josepek, lotarik atzarri zenean,
Jaunaren aingeruak errana egin zuen :
bere emaztea berekin hartu zuen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.