Lehen irakurgaia

Zirak zuhurraren liburutik 27, 4-7.

Bahea higitzen denean, hondarrak gelditzen dira ;
Halaber, gizon baten itzalak bere solasaldietan agertzen dira.
Labeak frogatzen ditu eltzegilearen untziak ;
gizonaren balioa haren solasetarik jujatzen da.
Fruituak erakusten du nola landua den arbola ;
halaber hitzak gizonaren pentsamoldea.
Ez nehor gorets, hitz egiten entzun baino lehen,
hor baita haren jujatzeko bidea.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

91. Salmoa
Hain baita ona, aipa Jauna !

On da Jaunaren aipatzea,
Jainkoa, zuri kantatzea.
Goizetan diot: zu zoin ona !
Eta gauez gau: zoin zuzena !

Zuzena nola palmondoa :
Nola zedroa goiti doa.
Jainkoarenak palmen pare,
Hek betiere dena lore.

Fruitu badute zahar ere :
Beti pitz eta gotor dire.
Dioten: Jauna zoin den zuzen !
Nere harroka ez mugitzen!

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 54-58.

Haurrideak,
azken egunean, gure izaite ustelkorra bizi ustelezinez jantziko da,
eta izaite hilkorra bizi ezhilkorrez ;
orduan beteko da Liburu Sainduak diona :
Heriotzea garaitua da.
Herioa, non duk hire garaipena ?
Herioa , non duk hire eztena ?
Herioaren eztena bekatua da,
eta bekatuak legetik du bere indarra.
Eskerrak Jainkoari, garaipena emaiten daukulakotz
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Beraz, ene haurride maiteak, ez alda asmoz, iraun sendo,
Jaunaren lanean gero eta hobeki parte hartuz,
jakinik ez dela zuen nekea saririk gabe geldituko
Jaunaren baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Atxik-azue biziaren hitza :
Munduarentzat izar argiak izaiteko.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 6, 39-45.

Jesusek parabola hau erran zioten :
“ Itsua izan ote daiteke itsuaren gidari ?
Ez ote dira biak zilorat eroriko ?
Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago ;
bainan ongi eskolatua den ikaslea irakaslea bezala izanen da.
Zergatik behatzen diozu anaiaren begiko lasto-izpiari,
eta zure begiko habeari ez ohartzen ?
Nolaz erran dezokezu anaiari :
‘ Anaia, utz nezazu begian duzun lasto-izpiaren kentzera ’
zuk zurean duzun habea ikusten ez duzularik ?
Itxurazalea ! Ken lehenik habea zure begitik,
orduan ikusiko duzu garbi,
anaiaren begiko lasto-izpiaren kentzeko.
Ez da zuhaitz onik fruitu txarra emaiten duenik ;
ez eta zuhaitz txarrik fruitu ona emaiten duenik.
Zuhaitz bakotxa bere fruitutik ezagutzen da :
elorritik ez da pikurik biltzen, ez eta sasietan mahatsik.
Ona denak ona ateratzen du bere bihotzeko gordailu onetik;
eta gaixtoak gaitza bere gordailu gaixtotik :
ahoa bihotzaren gainditik mintzo baita.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du