Zuhurtziaren liburutik 11, 23 – 12, 2.
Jauna, guziak urrikari ditutzu, dena baitezakezu.
Gizakien bekatueri ez ikusiarena egiten duzu, bihozberri daitezen.
Diren guziak maite ditutzu,
eta ez duzu zuhauk egin duzunik deus gutiesten,
zerbait hastio izan bazinu, ez baitzinuen eginen.
Eta nola iraun lezake zerbaitek, zuk nahi ez bazinu ?
Nola dirauke, zuk deitua ez denak ?
Zu bihozbera zira izaki guziekin, zureak baitira,
bizia maite duzun Jauna,
zure izpiritu ezin hila guzien baitan baitago.
Erortzen direnak pixkanaka larderiatzen ditutzu,
eta ohartarazten, zertan bekatu egin duten ezagutaraziz,
gaizkitik urrundu eta zure baitan sinets dezaten, Jauna.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
144. Salmoa
Zure izena dut goretsiko mendez mende,
Zu zaitut Jainko, zu Errege.
Bai gora Jauna, zu zaitut Jainko, zu errege :
Zure izena dut aipatuko mendez mende.
Zuri eskerrak egun guzian zeru alde,
Goretsiko dut zure izena mendez mende.
Eztia eta guziz ona da gure Jauna :
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna :
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.
Zuhauk eginek, Jauna, goraipa zaitzatela :
Zure gizonek eskerrak zuri zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala.
Egia Jaunak, beti egia erranetan ;
Saindu da eta dena bihotz da egintzetan
Jaunak laguntzen bidean ezin joan guziak :
Altxatzen ditu, berak altxatzen eroriak.
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 2a: 1,11 – 2, 2.
Haurrideak,
zuen alde otoitzean ari gira beti,
gure Jainkoak bere deiaren gai egin zaitzaten,
eta bere ahalaz beren beterat ereman ditzan
ongiaren egiteko duzuen gogoa eta zuen fedearen egitekoa.
Horrela, Jesus gure Jaunaren izena goretsia izanen da zuen baitan,
eta zuek haren baitan,
gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren graziaren arabera.
Haurrideak, Jesu Kristo gure Jaunaren etortzeaz,
eta gu haren ondoan biltzeaz,
hau eskatzen dautzuegu :
ez dezazuela lasterregi burua gal, ez eta beldur izan,
norbaitek gure gain emaiten badu
Jaunaren eguna etorria dela dion agerpen, solas edo letra bat.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jainkoak hain maite izan du mundua non bere Seme bakarra eman baitu,
Haren baitan sinesten duenak izan dezan betiereko bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 19, 1-10.
Jesus Jerikon sartu eta bazoan herrian barna.
Bazen han Zakeo izeneko gizon bat,
zergalari-buru zena eta aberatsa.
Jesus nor zen ikusi nahiz zabilan,
bainan ez zezakeen jendaldearengatik, ttipia baitzen.
Aitzinago lasterka joan eta pikondo baterat igan zen,
Jesus ikusteko, handik iragan behar baitzuen.
Jesusek, toki hartarat heltzean, goiti behatu eta erran zion :
“ Zakeo, jauts zaite laster : gaur zure etxean egon behar dut.”
Jautsi zen laster eta bozkariotan hartu zuen etxean.
Hori ikustean, denak marmarikan ari ziren :
“ Bekatari baten etxean gelditu da.”
Bainan Zakeok, xutik, Jaunari erran zion :
“ Jauna, nere ontasunen erdia behartsueri emanen diotet,
eta norbaiti makurrik egin badiot, halako lau bihurtuko diot .”
Orduan, Jesusek hartaz erran zuen :
“ Gaur salbamendua etxe huntarat etorri da,
gizon hau ere Abrahamen seme baita.
Alabainan, gizonaren Semea galdua zenaren bilatzera
eta salbatzera etorria da.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du