Lehen irakurgaia

Amoz profetaren liburutik 6, 1a. 4-7.

Dohakabeak Jerusalemen gozoki bizi direnak,
eta beren ustez gerizan direnak Zamariako mendian.
Marfilezko ohetan luze eta nagi etzanik,
artaldeko bildots hoberenak
eta barrukiko aratxe gizenenak jaten dituzte.
Kitarra soinuarekin, bertsu kantari,
Dabidek bezala, doinu berriak asmatzen dituzte.
Arnoa untzi handietan edaten dute,
eta usain on hoberenez gantzutzen dira,
bainan ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz.
Horrengatik atzerrirat eremanen dituzte,
desterratu guzien aitzinetik,
eta akabo mozkor-ondo horien besta !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

145. Salmoa
Nahi nitzaio Jainkoari
bizi naizeno kantuz ari.

Bertzek joentzat Jauna zuzen,
Harek betiko ditu zaintzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.

Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio : jeiki !
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.

Jaunak zuzenak ditu maite,
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere :
Gure Jauna Jaun mendez mende.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Timoteori 1a : 6 , 11-16.

Zuk, Jainkoaren gizona zirenak, bila zuzentasuna,
kartsutasuna, fedea, maitasuna, iraupena eta eztitasuna.
Borroka zaite fedearen borroka onean,
eta ardietsiko duzu betiereko bizia;
hartarako deitua izan baitzira,
hartarako egin baituzu fede-aitormen ederra,
lekuko askoren aitzinean.
Gauza guziak biziarazten dituen Jainkoaren aitzinean,
eta Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen ederra egin zuen
Jesu Kristoren aitzinean manatzen dautzut :
begira zazu manamendua garbirik
eta nehori deus erraitekorik eman gabe
Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte,
bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak.
Hau da Nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna.
Bera bakarrik da ezilkorra
eta ezin hurbilduzko argitan bizi dena :
nehork ez du ikusi, ez eta ikusten ahal.
Hari aintza eta nagusitasuna betiko. Amen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesu Kristo, aberats zelarik, egin zen behartsu,
bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 16, 19-31.

Jesusek erran zuen parabola hau :
“ Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jaunzten zena
eta egun guziz bazkari ederrik egiten zuena.
Lazaro izeneko eskale bat
haren ate ondoan etzanik egoiten zen, zauriz estalia.
Nahiko zuen aberatsaren mahainetik erortzen zenaz ase ;
zakurrak, bai, etortzen zitzaizkion zaurien milikatzera.
Hil zen behartsua, eta aingeruek Abrahamen ondorat ereman zuten.
Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten.
Hilen egoitzan oinazetan zagola,
begiak altxatu eta Abraham ikusi zuen urrunetik,
eta Lazaro haren ondoan.
Orduan oihu egin zion :
‘ Aita Abraham, urrikal zakizkit !
Igor zazu Lazaro bere erhiaren muturra urean busti
eta nere mihiaren freskatzera,
oinaze gorritan bainago sugar huntan.’
Abrahamek ihardetsi zion :
‘ Seme, orroit zaite zoriona izan zinuela bizian ;
Lazarok, aldiz, zorigaitza.
Orai harek kontsolamendua aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
Gainera, leize handi bat ezarria izan da zuen eta gure artean,
hemendik zuenganat joan nahi luketenek ere ezin dezaten,
ez eta hortik gureganat ere.’
Aberatsak berriz :
‘ Orduan, aita, igor zazu, otoi, Lazaro gure aitaren etxerat.
Bost anaia baditut : ezar ditzala jakinaren gainean,
heiek ere oinaze-toki huntarat etor ez daitezen.’
Abrahamek erran zion :
‘ Hor dituzte Mois eta profetak : entzun ditzatela.’
Harek berriz :
‘ Ez, aita Abraham, hiletarik norbait joaiten bazaiote,
bihozberrituko dira.’
Abrahamek ihardetsi zion :
‘ Mois eta profetak ez badituzte entzuten,
norbait hiletarik pizturik ere, ez dute sinetsiko.’ ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du