Lehen irakurgaia

Zuhurtziaren liburutik 18, 6-9.

Bazko gauaren berri bazakiten aitzinetik gure arbasoek ;
nolako agintzari sinetsi zuten jakinik, bozkariotan ziren.
Eta zure herria zintzoen salbamenduaren,
eta etsaien hondatzearen beha zagon.
Egintza berean etsaiak gaztigatu zinituen,
eta gu ohorez bete gintuzun, zureganat deituz.
Zintzoen seme-alaba fededunek
gordeka opariak eskaintzen zituzten,
eta denek, aho batez, lege saindu hau ezarri zuten :
aldi on ala txarretan elkarturik egonen zirela sainduak,
eta orduan jadanik arbasoen kantikak kantatzen zituzten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

32. Salmoa
Bai dohatsua Jaunak hautatu populua.

Bihotz garbiak bozkario,
Jaunari kantu zor baitzaio.
Garbi denari doakio
helaraztea laudorio.

Herriak badu Jauna Jainko,
hura dohatsu sekulako.
Huna bai Jauna dena begi,
Hari daudenen zain egoki.

Heriotzetik ditzan jalgi,
eta nasaiki eman ogi.
Jainko Jaunaren beha gaude,
Hura guk lagun, adiskide.

Gure gainerat ager, Jauna
zure betiko bihotz ona.
Gure bihotza baita dena
zuri osoki, Jainko Jauna.

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 11, 1-2. 8-19.

Haurrideak,
Fedea, igurikatzen denaren ardiesteko segurtamena da,
ikusten ez direnen ezagutzeko bidea.
Fede horrengatik ardietsi zuten gure arbasoek aitor ona.
Fedeari esker, Abrahamek Jainkoaren deiari obeditu zion :
ondaretzat ukan behar zuen lurralderat abiatu zen,
norat zoan jakin gabe.
Fedeari esker, atzerritar gisa bizi izan zen
Jainkoak hitzeman lurraldean ;
oihal-etxoletan bizi izan zen,
agintza bera ukan zuten Izaak eta Jakob bezala ;
eta hori, igurikatzen baitzuen oinarri sendoa duen hiria,
arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria.
Fedeari esker, Zara ere on izan zen amatzeko,
nahiz eta adinean joana,
hitza eman zuen Jainkoa fidagarria zela sinetsi baitzuen.
Horrengatik, gizon bakar batenganik, hura ere ja hilik zena,
seme ainitz sortu zen, zeruko izarrak bezainbat,
eta itsas bazterreko hondar ezin kondatuzkoa bezainbat.
Horiek guziak sinestean hil ziren,
hitzemanak zitzaizkioten ontasunak eskuratu gabe ;
bainan urrundik ikusi eta agurtu zituzten,
lur huntan arrotz eta ibilkari zirela aitortuz.
Alabainan, hola mintzo direnek garbiki adiarazten dute
aberriaren bila dabiltzala.
Utzia zuten herria izan balute gogoan,
bazuketen harat itzultzeko parada.
Bainan, aberri hobearen gutizia zuten, zerukoarena.
Horrengatik, Jainkoa ez da ahalge “heien Jainkoa” deitua izaiteko,
hiri bat ere prest ezarri baitiote.
Fedeari esker, frogatan ezarria izan zelarik,
Abrahamek eskaini zuen Izaak.
Eta bere seme bakarra zuen eskaintzen, agintzak ukanak zituelarik,
eta hitz hau entzuna :
“ Izaaken bidez izanen duzu zure izeneko ondoregoa.”
Abrahamek segurtzat zaukan Jainkoa gai dela hilak pizteko ere;
horrengatik, berreskuratu zuen semea;
eta hori profezia bat izan zen.

EDO BERTSIO LABURRA :

Hebrearreri epixtolatik 11, 1-2. 8-12.

Haurrideak,
Fedea, igurikatzen denaren ardiesteko segurtamena da,
ikusten ez direnen ezagutzeko bidea.
Fede horrengatik ardietsi zuten gure arbasoek aitor ona.
Fedeari esker, Abrahamek Jainkoaren deiari obeditu zion :
ondaretzat ukan behar zuen lurralderat abiatu zen,
norat zoan jakin gabe.
Fedeari esker, atzerritar gisa bizi izan zen
Jainkoak hitzeman lurraldean ;
oihal-etxoletan bizi izan zen,
agintza bera ukan zuten Izaak eta Jakob bezala ;
eta hori, igurikatzen baitzuen oinarri sendoa duen hiria,
arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria.
Fedeari esker, Zara ere on izan zen amatzeko,
nahiz eta adinean joana,
hitza eman zuen Jainkoa fidagarria zela sinetsi baitzuen.
Horrengatik, gizon bakar batenganik, hura ere ja hilik zena,
seme ainitz sortu zen, zeruko izarrak bezainbat,
eta itsas bazterreko hondar ezin kondatuzkoa bezainbat.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Egon zaitezte atzarririk, eta prest izan oraidanik.
Ez dakizue Kristo Jauna etortzekoa den orena.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 32-48.

Jesusek erran zioten dizipulueri :
“ Ez beldur izan, artaldetxoa,
zuen Aitari atsegin izan baitzaio Erresuma zueri emaitea.
Sal zuen ontasunak eta eman behartsueri.
Egin moltsa ezin higatua, huts eginen ez duen altxorra zeruan,
harat ez baita ohoinik hurbiltzen, ez eta han bipiek jaten.
Non ere baita zuen altxorra, han ere zuen bihotza.
Zaudezte lanerako prest eta argi-untziak pizturik.
Izan zaitezte nagusia ezteietarik noiz itzuliko den
beha dauden mutilak bezala,
etorri eta atea jo bezain laster idekitzeko.
Zoriontsuak mutil horiek,
nagusiak, etortzean, atzarririk aurkituko dituenak.
Egiaz diozuet : lanerako jauntziak hartu eta,
mahainean jarraraziko ditu, eta zerbitzatzen hasiko zaie.
Gauerditan edo goizalderat heldu bada,
hola aurkitzen baditu, zoriontsuak heiek !
Jakizue hau : etxeko nagusiak balaki
zer tenoretan etorriko den ohoina,
ez lezake bere etxearen zilatzera utz.
Egon prest zuek ere,
uste ez duzuen orenean etorriko baita Gizonaren Semea ”.
Petrik erran zuen orduan :
“ Jauna, guretzat ala denentzat erraiten duzu parabola hori ? ”
Jaunak ihardetsi :
“Nor da bada etxegizon leial eta zentzuduna,
nagusiak bere zerbitzarien buru ezarriko duena
ogi bihia bere orduan heieri emaiteko ?
Zoriontsu zerbitzari hura, bere nagusiak etortzean,
hala ari aurkituko duena.
Egiaz diozuet : bere ontasun guzien buru ezarriko du.
Bainan zerbitzari horrek bere baitan egiten badu :
‘Nagusiak berantzen du’
eta mutil eta neskatoen jotzen hasten bada,
bai eta jaten, edaten eta mozkortzen,
uste ez duen egunean eta ez dakien orduan
etorriko zaio nagusia :
kanpo ezarriko du, desleialen artean, bere ganik urrun.
Nagusiaren nahia zer den jakinik,
harek nahi bezala deus prestatu edo egin ez duen zerbitzariak
ukaldi ederrik hartuko du.
Nagusiaren nahia zer den jakin gabe,
ukaldiak merezi dituen zerbait egiten duenak, berriz,
guti baizik ez du hartuko.
Ainitz eman zaionari, ainitz eskatuko zaio;
ainitzen kargua eman zaionari, gehiago galdatuko zaio.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 35-40.

Jesusek erran zioten dizipulueri :
“ Zaudezte lanerako prest eta argi-untziak pizturik.
Izan zaitezte nagusia ezteietarik noiz itzuliko den
beha dauden mutilak bezala,
etorri eta atea jo bezain laster idekitzeko.
Zoriontsuak mutil horiek,
nagusiak, etortzean, atzarririk aurkituko dituenak.
Egiaz diozuet : lanerako jauntziak hartu eta,
mahainean jarraraziko ditu, eta zerbitzatzen hasiko zaie.
Gauerditan edo goizalderat heldu bada,
hola aurkitzen baditu, zoriontsuak heiek !
Jakizue hau : etxeko nagusiak balaki
zer tenoretan etorriko den ohoina,
ez lezake bere etxearen zilatzera utz.
Egon prest zuek ere,
uste ez duzuen orenean etorriko baita Gizonaren Semea. ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.