Lehen irakurgaia

Koheleten liburutik 1, 2 ; 2, 21-23.

Huskeria hutsa, zion Koheletek,
huskeria hutsa, dena huskeria da.
Gizon batek buruz, egoki eta trebetasunez lan egin ondoan,
azkenean denak deusik egin ez duenari utzi behar.
Hau ere huskeria eta makur handia.
Alabainan, zer gelditzen zaio gizakiari
lanaren lanez eta griñaren griñaz iguzkipean nekatu ondoan ?
Egun guziak, atsegabe, lanak, neke ;
gauaz ere ez du atsedenik haren bihotzak.
Hau ere huskeria.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

89. Salmoa
Gure geriza zaude zu, Jauna, mendez mende.

Hilkor gizonak sar diten berriz errautsean,
Zuk erran duzu : “ Gizonak, berriz errauts izan.”
Mila bat urte zure begien aitzinean,
Atzoko egun ala gauaren idurian.

Hartzen ditutzu eta hek amets baten pare,
Nola belarra hek sortu eta hil baitire.
Argi hastean handitzen eta dena lore,
Gauerakoan histen, eihartzen ez deusere.

Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul ; noiz arte, Jauna, zaude urrun ?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun !

Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz-arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona :
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Koloziarreri 3, 1-5. 9-11.

Haurrideak,
Kristorekin piztu zireztenaz geroz,
bila-zkitzue gain hartako gauzak,
han baitago Kristo, Jainkoaren eskuinaldean jarria.
Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, eta ez lurrekoetarat.
Hilak zirezte, alabainan,
eta zuen bizia Kristorekin gordea dago Jainkoaren baitan.
Kristo, zuen bizia, agertuko denean,
zuek ere, orduan, harekin agertuko zirezte, ospe betean.
Hilaraz zazue, beraz, zuen baitan lurtiar den guzia :
lizunkeria, lohikeria, jaidura eta gutizia tzarrak,
eta idolatria den dirugosea.
Ez erran elkarri gezurrik ;
ken zuen baitan den gizaki zaharraren egitateak,
eta jauntz gizaki berria,
Kreatzaileak bere idurirat beti berri egiten duena,
egiazko ezagutzarat helarazteko.
Hor ez dago jadanik ez greziar eta ez judurik,
ez Izraeldar eta ez paganorik,
ez kulturadun eta ez kulturagaberik, ez esklabo eta ez librorik,
bainan Kristo da bakarrik, guzia, guzietan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Dohatsu bihotz barnez behartsu direnak :
Heiena baita zeruetako Erresuma.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 13-21.

Jendearen arteko norbaitek erran zion Jesusi :
“ Irakasle jauna, errozu nere anaiari
etxe-ontasuna nerekin partekatzeko.”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Gizona, nork ezarri nau ni zuen artean juje,
edo zuen ontasunen partekatzaile?”
Eta jendeari erran zion :
“ Kasu ! Begira zaitezte dirugosetik,
ontasunek ez baitiote nehori bizia segurtatzen, ainitz izanik ere.”
Gero, parabola hau kondatu zioten:
“ Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion.
Eta bere baitan ari zen :
‘ Zer egin? Ez baitut uztaren sartzeko lekurik.’
Eta erran zuen:
‘ Huna zer eginen dutan :
nere salauruak bota eta handiagoak eginen ditut,
eta han sartuko nere uzta eta ontasunak.
Gero, nere buruari erranen diot:
Ea mutil ; baduk hor ontasun frango bildurik, ainitz urterentzat.
Pausa hadi, jan, edan eta besta egizak ! ”
Bainan Jainkoak erran zion :
‘ Zentzugabea ! Gau huntan berean hil behar duk.
Eta hik bilduak, norentzat izanen dituk ? ’
Horra zer gertatzen zaion , Jainkoarentzat aberats izan beharrean,
ontasunak beretzat biltzen dituenari.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du