Lehen irakurgaia

Bazko Gau-beila guzien ama den beila huntan, badira bederatzi irakurgai (zazpi Testament zaharretik). Hala beharrean guti daiteke Testament zaharrekoen lerroa, bainan oroit Jainkoaren Hitzaren irakurtzea dela Bazko-gaueko elizkizun premiatsua. Beraz Testament zaharrekoetarik hiru bakarrik har daitezke (bi, egiazki bestela ez daitekelarik), bainan beti irakur hirugarrena : Jalgitza, 14.

Lehen irakurgaia

Hasiera liburutik 1, 1 – 2, 2.

Haste hastean, Jainkoak egin zituen zerua eta lurra.

Lurra nahas-mahas hutsa zen : leizearen gainean ilunbeak zauden,
eta Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan.
Jainkoak erran zuen : “ Izan bedi argia.”
Eta izan zen argia.
Jainkoak ikusi zuen ona zela argia,
eta Jainkoak ilunbeetarik berexi zuen argia.
Jainkoak deitu zuen argia “eguna” eta ilunbeak “ gaua”.
Arratsa jin, goiza jin : lehen eguna.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Izan bedi ortzia uren artean, eta berex bitza urak uretarik.”
Jainkoak egin zuen ortzia,
eta berexi zituen ortzipeko urak ortzi gaineko uretarik.
Eta hala izan zen.
Jainkoak deitu zuen ortzia “ zerua ”.
Arratsa jin, goiza jin : bigarren eguna.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Bil bitez zerupeko urak leku bakar batean,
eta ager bedi leihorra.”
Eta hala izan zen.
Jainkoak deitu zuen leihorra “lur” eta ur bilduak “itsaso”
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
Jainkoak erran zuen :
“ Eman beza lurrak landare, belar hazidun,
eta fruitu barnean hazia duen zuhaitza,
bakotxari doakion haziarekin.”
Eta hala izan zen.
Lurrak eman zuen landare, belar hazidun bakotxa bere haziarekin,
eta zuhaitz fruitudun, bakotxa bere haziarekin.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela
Arratsa jin, goiza jin : hirugarren eguna.
Eta Jainkoak erran zuen :
“ Izan bitez argiak zeruko ortzian, eguna gauetik berexteko,
besta, egun eta urteen ezaugarri ;
argitako daudela zeruko ortzian, lurraren argitzeko.”
Eta hala izan zen.
Jainkoak egin zituen bi argi handiak :
argi handiena egunaren jaun, argi ttipiena gauaren jaun,
eta izarrak ere egin zituen.
Zeruko ortzian ezarri zituen Jainkoak, lurraren argitzeko,
gau egunen jaun izaiteko, eta argia ilunbetarik berexteko.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
Arratsa jin, goiza jin : laugarren eguna.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Irakin bezate urek hats eta bizidunez,
eta hegalda bitez lurraren gainean hegaztiak,
zeruko ortziaren aitzinean.”
Jainkoak arrain handiak egin zituen,
eta uretan purpur dabiltzan mota guzietako bizidunak,
eta mota guzietako hegazti hegaldunak.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
Jainkoak benedikatu zituen, erranez :
“ Sor-zkitzue umeak, ugaritu zaitezte, eta bete itsasoko urak ;
ugaritu bitez hegaztiak ere lurraren gainean.”
Arratsa jin, goiza jin : bosgarren eguna.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Sor bitza lurrak mota guzietako bizidunak :
abere, mamutxa eta basihizi, zein bere motakoa.
Eta hala izan zen.
Jainkoak egin zituen basihiziak, zein bere motakoak,
abereak zein bere motakoak,
eta lurreko mamutxak zein bere motakoak.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Egin dezagun gizona gure iduriko, gure eiteko.
Izan bedi itsasoko arrainen, zeruko hegaztien, abereen,
basihizi guzien, eta lurrean dabiltzan mamutxa guzien nagusi.”
Jainkoak egin zuen gizona bere iduriko,
Jainkoaren iduriko egin zuen ; gizon eta emazte egin zituen.
Jainkoak benedikatu zituen eta erran zioten:
“ Sor-zkitzue umeak eta ugaritu zaitezte,
bete zazue lurra eta zuen meneko ezar.
Menperazkitzue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak,
eta lurrean harat eta hunat dabiltzan abere guziak.”
Eta Jainkoak erran zuen:
“ Emaiten dauzkitzuet
lurraren azalean diren hazidun landare guziak,
eta hazia fruituan daukaten zuhaitz guziak;
horiek izanen dituzue janari.
Ihizi guzieri, zeruko hegazti guzieri
eta lurrean dabiltzan bizidun guzieri
belar hezea emanen diotet janari.”
Eta hala izan zen.
Berak egin guzia ikusi zuen Jainkoak:
eta huna osoki ona zela.
Arratsa jin, goiza jin : seigarren eguna.

Hola burutuak izan ziren zeru-lurrak,
eta heietan den guzia.
Zazpigarren egunerako bururatu zuen Jainkoak bere lana,
eta zazpigarren egunean, egin zuen lan guziaren ondotik
atseden hartu zuen.

EDO BERTSIO LABURRA :

Hasiera liburutik 1, 1. 26-31.

Haste hastean, Jainkoak egin zituen zerua eta lurra.

Eta Jainkoak erran zuen :
“ Egin dezagun gizona gure iduriko, gure eiteko.
Izan bedi itsasoko arrainen, zeruko hegaztien, abereen,
basihizi guzien, eta lurrean dabiltzan mamutxa guzien nagusi.”
Jainkoak egin zuen gizona bere iduriko,
Jainkoaren iduriko egin zuen ; gizon eta emazte egin zituen.
Jainkoak benedikatu zituen eta erran zioten :
“ Sor-zkitzue umeak eta ugaritu zaitezte,
bete zazue lurra eta zuen meneko ezar.
Menperazkitzue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak,
eta lurrean harat eta hunat dabiltzan abere guziak.”
Eta Jainkoak erran zuen :
“ Emaiten dauzkitzuet
lurraren azalean diren hazidun landare guziak,
eta hazia fruituan daukaten zuhaitz guziak;
horiek izanen dituzue janari.
Ihizi guzieri, zeruko hegazti guzieri
eta lurrean dabiltzan bizidun guzieri
belar hezea emanen diotet janari.”
Eta hala izan zen.
Berak egin guzia ikusi zuen Jainkoak :
eta huna osoki ona zela.
Arratsa jin, goiza jin : seigarren eguna.

Bigarren irakurgaia

Hasiera liburutik 22,1 -13. 15-18.

Egun heietan, Jainkoak frogatu zuen Abraham.
Erran zion : “ Abraham ! ”
Hunek ihardetsi zion: “ Hemen nauzu ! ”
Jainkoak erran zion :
“ Harzazu Izaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra.
Zoazi Moria lurralderat, eta han eskainiko duzu erre-opari,
Nik erakutsiko dautzutan mendi gainean.”

Jeiki zen Abraham goizean goiz, astoa pildatu
eta berekin hartu zituen bere mutiletarik biga,
eta Izaak bere semea.
Erre-oparitako egurra arraildu zuen,
eta abiatu zen Jainkoak erran tokirat buruz.
Hirugarren egunean, Abrahamek, begiak altxaturik,
urrundik ikusi zuen tokia.
Abrahamek erran zioten mutileri :
“ Zaudezte hemen astoarekin.
Haurra eta biak bagoazi hantxetaraino adoratzera.
Gero zuenganat itzuliko gira.”
Abrahamek hartu zuen erre-oparitako egurra,
eta Izaak bere semeari bizkarrerat eman zion ;
Berak hartu zituen sua eta ganibeta, eta joan ziren biak elgarrekin.
Izaakek erran zion bere aita Abrahami : “ Aita !”
Harek ihardetsi: “ Zer duzu, seme ?”
Eta semeak :
“ Huna sua eta egurra; bainan non da oparitako bildotsa ?”
Abrahamek ihardetsi :
“ Jainkoaren gain oparitako bildotsa, seme !”
Eta bazoatzin biak batean.

Heldu ziren Jainkoak erakutsi lekurat.
Abrahamek han eraiki zuen aldarea, eta egurra prestatu.
Gero Izaak bere semea lotu zuen,
eta aldare gainean ezarri, egurraren gainetik.
Abrahamek eskua hedatu zuen
eta ganibeta hartu bere semea oparitzat hiltzeko.
Bainan Jaunaren aingeruak oihu egin zion zerutik :
“ Abraham ! Abraham !”
Hunek ihardetsi : “ Hemen nauzu ! ”
Aingeruak erran zion :
“ Ez heda eskua haurraren gainerat ! Ez zozula minik egin !
Badakit orai Jainkoaren beldurra baduzula :
ez dautazu zure semea, seme bakarra errefusatu.”
Abrahamek begiak altxatu zituen
eta ikusi ahari bat sasi batean adarretarik lotua.
Joan zen ahariaren hartzera
eta erre-oparitzat eskaini zuen bere semearen orde.
Jaunaren aingeruak berriz ere deitu zuen Abraham zerutik :
“ Zin egiten dut neure buruaz – Jaunak errana –
Hori egin duzulakotz,
zure seme bakarra ez dautazulakotz errefusatu,
gaindika benedikatuko zaitut,
ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat,
itsas bazterreko legarra bezainbat ;
eta zure ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira.
Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek
elgar benedikatuko dute,
nik erranari obeditu duzulakotz.

EDO BERTSIO LABURRA :

Hasiera liburutik 22, 1-2. 9. 10-13. 15-18.

Egun heietan, Jainkoak frogatu zuen Abraham.
Erran zion : “ Abraham ! ”
Hunek ihardetsi zion: “ Hemen nauzu ! ”
Jainkoak erran zion :
“ Harzazu Izaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra.
Zoazi Moria lurralderat, eta han eskainiko duzu erre-opari,
Nik erakutsiko dautzutan mendi gainean.”

Heldu ziren Jainkoak erakutsi lekurat.
Abrahamek han eraiki zuen aldarea, eta egurra prestatu.
Gero Izaak bere semea lotu zuen,
eta aldare gainean ezarri, egurraren gainetik.
Abrahamek eskua hedatu zuen
eta ganibeta hartu bere semea oparitzat hiltzeko.
Bainan Jaunaren aingeruak oihu egin zion zerutik :
“ Abraham ! Abraham !”
Hunek ihardetsi : “ Hemen nauzu ! ”
Aingeruak erran zion :
“ Ez heda eskua haurraren gainerat ! Ez zozula minik egin !
Badakit orai Jainkoaren beldurra baduzula :
ez dautazu zure semea, seme bakarra errefusatu.”
Abrahamek begiak altxatu zituen
eta ikusi ahari bat sasi batean adarretarik lotua.
Joan zen ahariaren hartzera
eta erre-oparitzat eskaini zuen bere semearen orde.
Jaunaren aingeruak berriz ere deitu zuen Abraham zerutik :
“ Zin egiten dut neure buruaz – Jaunak errana –
Hori egin duzulakotz,
zure seme bakarra ez dautazulakotz errefusatu,
gaindika benedikatuko zaitut,
ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat,
itsas bazterreko legarra bezainbat ;
eta zure ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira.
Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek
elgar benedikatuko dute,
nik erranari obeditu duzulakotz.

Hirugarren irakurgaia - (NAHITAEZKOA)

Jalgitza liburutik 14, 15 – 15, 1.

Egiptoarrak ondotik heldu ikusi-ta, Izraeldarrak izitu ziren.
Jaunak erran zion Moisi :
“ Zer ari zira neri oihuka ? Errozute Izraelen semeeri abiatzeko !
Zuk, altxa makila, luza eskua itsas gainerat, bi erdi egizu,
eta Izraelen semeak sartuko dira itsasoan, oinik busti gabe.
Eta nik tematsu eginen ditut Egiptoarren bihotzak :
zuen ondotik sartuko dira itsasoan.
Nere aintza agertuko dut
Faraonen eta haren gudaritalde guziaren bizkar,
haren karro eta zaldizkoen bizkar.
Eta Egiptoarrek jakinen dute ni naizela Jauna,
nere aintza agertuko dutanean Faraonen bizkar,
haren karro eta zaldizkoen bizkar.”
Izraelen aitzinetik zoan Jainkoaren aingerua
tokiz aldatu zen, eta gibeletik jarri.
Lano-habea ere tokiz aldatu zen, eta gibelean kokatu,
Egiptoarren eta Izraeldarren kanpamenduen artean.
Lano hori aldiz, ilunbe eta argi zen gauaz,
bi gudaritaldeak, elgar kausitu gabe, joan baitziren gau guzian ;
Moisek hedatu zuen eskua itsaso gainerat.
Jaunak haizea atera zuen itsasoan, gau guzian,
haize zakarra, eta itsasoa lur idor egin zen.
Urak bi erdi egin ziren,
eta Izraelgo semeak itsasoan barna sartu ziren, oinik busti gabe,
ezker eta eskuin urak harresi zituztela.
Egiptoarrak ondotik joan zitzaizkoten,
eta Faraonen zaldi guziak, haren karro eta gudariak
sartu ziren itsas erdiraino.

Goizaldera, su eta lano habetik,
Jaunak Egiptoarren gudaritaldeari begiratu zion,
eta ohildu zuen gudaritaldea.
Gudu-karroen errotak makurtu ziozkaten,
nekez mugitzen zirela.
Egiptoarrek erran zuten :
“ Ihes egin dezagun Izraelenganik,
Jauna ari baita heien alde, gure kontra !”
Jaunak erran zion Moisi :
“ Luza eskua itsas gainerat ;
urak bihur ditela Egiptoarren gainerat
heien karro eta zaldizkoen gainerat !”
Moisek luzatu zuen eskua itsas gainerat.
Argi hastean, itsasoa bere lekurat itzuli zen ;
ihesi zoazilarik, Egiptoarrak hartan trabatu ziren,
eta Jaunak itsasondorat amildu zituen Egiptoarrak.
Beren lekurat itzultzean, urek estali zituzten
Izraelen ondotik itsasoan sartu ziren Faraonen gudaritalde osoa,
haren karro eta zaldizkoak :
ez zen bat bakarra ere bizirik atera.
Izraelen semeak aldiz, oinik busti gabe joan ziren itsas erditik,
ezker eta eskuin urak harresi zituztela.
Egun hartan, Jaunak salbatu zuen Izrael Egiptoarren eskuetarik,
eta Izraelek ikusi zituen Egiptoarrak hilak itsas bazterrean.
Izraelek ikusi zuen Jaunaren esku indartsuak
Egiptoarren kontra egin zuena.
Herriak ukan zuen Jaunaren beldurra,
eta sineste Jaunaren baitan, eta haren zerbitzari Moisen baitan.
Orduan Moisek eta Izraeldarrek kantu hau eman zioten Jaunari :

Laugarren irakurgaia

Izai profetaren liburutik 54, 5-14.

Jaunaren hitza Jerusalemeri :
Zure senarra, zure Egilea duzu,
haren izena: “Zeru-lurren Jauna”.
Zure Salbatzailea, Izraelen Jainko Saindua,
lur osoaren Jainkoa deitua.
Emazte baztertu eta atsegabetuari bezala,
Jaunak dei egiten dautzu.
Gaztetako emaztea nork baztertu ? dio zure Jainkoak.
Apur batez baztertu zintudan,
bainan ene amodio handian, berriz bilduko zaitut.
Hasarre aldi batean, apur batez, gorde nautzun aurpegia.
Bainan betiko maitasunez urrikaldu nitzaizu,
dio Jaunak, zure Salbatzaileak.
Noeren egunetan, horrela zin egin nuen
uholdeak ez zuela gehiago lurrik estaliko.
Berdin, zin egiten dut orai
ez nitzaizula berriz hasarretuko, ez dautzutala mehatxurik eginen.
Mendiak tokiz aldaturik ere, mendixkak kordokaturik ere,
nere maitasuna ez da zureganik aldatuko
nere bake-batasuna ez da kordokatuko,
erran du maite zaituen Jaunak.
Dohakabea zu, Jerusaleme, ekaitzak joa, kontsolatu gabea,
huna zure harriak ezarriko ditudala,
zafirozko zimendu gainean jarriko zure oinarriak.
Dorreak errubiz eginen dauzkitzut,
ateak harri-berinez, eta harri baliosez harresi guziak.
Jauna izanen dute irakasle zure seme-alabek
eta bake osoan biziko dira.
Zuzentasuna izanen duzu oinarri sendo.
Zapalkuntzatik urrun egonen zira,
ez duzu beldurrik izanen, ikara ez zaitzu behinere hurbilduko.

Bostgarren irakurgaia

Izai profetaren liburutik 55, 1-11.

Egarri zirezten guziak, zatozte uretarat ;
dirurik gabe ere, zatozte, eros eta goza,
zatozte arno eta esne erostera, dirurik gabe eta urririk.
Zergatik xahu dirua, hazten ez duten gauzetan,
zergatik ibil penatuak asetzen ez duten gauzen ondotik ?
Entzun nezazue bada, eta jan gauza onetarik,
janari gozoenez aseko zirezte.
Adi zazue ! Zatozte nereganat ! Entzun eta biziko zirezte.
Betiko batasuna eginen dut zuekin,
Dabidi hitzeman nion maitasunaren finkatzeko.
Herrientzat lekuko egin nuen Dabid, herrialdeen gidari eta buru.
Eta zuk, ezagutzen ez duzun herriari dei eginen diozu,
eta ezagutzen ez zaituen herria lasterka etorriko zaitzu,
Jauna zure Jainkoagatik,
ospez jantzi zaituen Izraelen Sainduagatik.
Bila zazue Jauna, aurki ditakeno ; dei egiozue, hurbil deno.
Utz beza gaixtoak bere bidea, eta gaixtaginak bere asmo tzarrak !
Itzul bedi Jaunarenganat, eta urrikalduko zaio.
Itzul bedi gure Jainkoaganat, nasaiki barkatzen baitu.
Zeren ene gogoetak ez baitira zuen gogoetak,
eta ene bideak ez baitira zuen bideak –dio Jaunak.
Zerua lurretik gora da ; berdin gora ene bideak zuen bideetarik,
eta ene gogoetak zuen gogoetetarik.
Euria eta elurra zerutik jausten dira,
eta ez dira berriz harat itzultzen
lurra ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe,
ereileari hazia eman dezon, eta jaleari ogia.
Berdin berdina ene ahotik ateratzen den hitza :
ez zait hutsik itzuliko,
nik nahi dutana egin gabe, bere egitekoa bete gabe.

Seigarren irakurgaia

Baruk profetaren liburutik 3, 9-15. 32 – 4, 4.

Adi, Izrael, bizirat daramaten manamenduak ;
entzun, jakitatearen ikasteko.
Zergatik, Izrael, zergatik bada zaude etsaien lurraldean,
Lur arrotzean zahartzen ari, gorputz hilekin kutsaturik,
herio-leizean daudenen lerroan emana ?
Zeren utzi baituzu Zuhurtziaren Iturria.
Jainkoaren bideetan ibili bazine,
bakean bizi zintezkeen betikotz.
Ikas non dagon jakitatea, non indarra, non adimendua,
ikas ere non dagon bizitze luzea, non begietako argia, non bakea.
Bainan nork aurkitu du Zuhurtziaren egoitza,
nor bada sartu da haren ontasunetaraino ?
Gauza guziak dakizkienak ezagutzen du haren bidea,
aurkitua du bere adimenduz.
Harek dio lurrari eman betiko apaindura,
bai eta artaldez bete.
Harek du argia igortzen, eta badoa,
deitzen du, eta ikaraz obeditzen dio.
Izarrek beren zeleta-tokietan pozik dirdiratzen dute ;
deitzen ditu, eta heiek ihardesten: “Hemen gaituzu”,
eta pozik distiratzen beren Egilearentzat.
Hura dugu Jainko,
ez da besterik hura bezalakorik.
Harek aurkitu ditu jakitatearen bideak,
eta erakutsi diozka Jakobe bere zerbitzariari,
hain maite duen Izraeli.
Hola agertu zen Zuhurtzia lurrean,
eta gizakien artean bizi izan zen.
Hura da Jainkoaren manamenduen liburua,
betikotzat irauten duen Legea :
Hura begiratzen dutenak biziko dira,
bazterrerat uzten dutenak aldiz, hilen.
Itzul harenganat, Jakobe, onar zazu :
ibil haren argiaren distiran ;
ez utz bertze bati zure aintza,
ez eta jende arrotzari zure ontasunak.
Dohatsu gu, Izrael, baitakigu Jainkoari zer zaion atsegin.

Zazpigarren irakurgaia

Ezekiel profetaren liburutik 36, 16-17. 18-28.

Hunela mintzatu zitzaitan Jauna :
“ Gizaseme, Izrael herriak, bere lurraldean bizi zelarik,
lohitu zuen lurraldea bere jokamolde eta egitateez.
Orduan, heien gainerat ixuri dut nere hasarrea,
lurraldean ixuri duten odolarengatik,
lurra zikindu duten jainkoaizunengatik.
Atzerrietan barreiatu ditut, eta lurraldeetan sakabanatu.
Jujatu ditut beren jokamolde eta egitateen arabera.
Eta joan ziren herrietan, nere izen saindua desohoratu zuten,
heietaz erraiten baitzen :
“ Jaunaren populua dira horiek,
eta haren lurraldea utzi behar izan dute.”
Orduan, nere izen saindua garbitu nahi izan dut,
zikindua baitzuen Izrael herriak, joan ziren herrietan.
Beraz errozu Izraelen etxeari : Hunela mintzo da Jauna :
Ez naiz zuengatik ari, Izraelen etxea,
bainan joan zirezten herrietan desohoratu duzuen
nere izen sainduarengatik.
Saindu agertuko dut nere izen handia,
jendaldeen artean desohoratua dena,
heien artean zuek desohoratu duzuen nere izena.
Jendaldeek jakinen dute ni naizela Jauna – dio Jainko Jaunak –
heien bixtan, zuen bidez, saindu agertuko naizenean.
Jendaldeen artetik hartuko zaituztet,
lurralde guzietarik bilduko, eta zuen lurralderat erakarriko.
Ur garbia ixuriko dautzuet gainerat,
eta garbi geldituko zirezte.
Zuen kutsadura eta idolatria guzietarik garbituko zaituztet.
Bihotz berria emanen dautzuet,
eta zuen baitan izpiritu berria ezarriko.
Harrizko bihotza kenduko dautzuet, eta haragizkoa emanen.
Nere izpiritua ezarriko dut zuen baitan :
nere legeen arabera ibiliko zirezte,
nere manamenduak beteko dituzue, eta leialki zainduko.
Zuen arbasoeri eman nioten lurraldean biziko zirezte.
Nere herria izanen zirezte, eta ni zuen Jainkoa. ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

Lehen irakurgaiaren ondotik

103. Salmoa
Jainkoa, zure Izpiritua igor guri
Mundu guzia dadin berri

Eskerrak eman, nere ari Jainkoari :
Handi zare zu , handi, Jainkoa, izigarri.
Dena dirdira, edertasuna duzu jauntzi,
Argi zabalaz inguratua zare bizi.

Zuk duzu lurra hor ezarria den bezala,
Menderen mende egonen baita beti hola.
Zeruko urak haren gainean zer oihala,
Mendi gainetan denak bildurik badaudela.

Mendi tartetik iturburuen ur bizia
Zuk manaturik xirripakari da jauzia.
Ur ondoetan dute xoriek bil tokia,
Zuhaitz artetik baitoa heien tiruria.

Zeruko urez ditutzu maldak ureztatzen,
Zure fruituak lur zabalean sor ditezen.
Abren hazteko zuri esker da belar sortzen,
Eta landare gizonek ere jan dezaten.

Zoin diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna !
Zuhurki duzu mundu guzia zuk egina.
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.
Zuri eskerrak zor dauzkitzugu, Jainko Jauna !

EDO :

32. Salmoa
Jaunaren hitzak ditu egin
zeruak beren izarrekin.

Jaunaren hitza beti zuzen,
Haren egintzek oneratzen.
Zuzenlegeak ditu maite,
Haren bihotzak lurra bete.

Jaunaren hitzak ditu egin
Zeruak beren guziekin.
Jaunaren hatsak dauzka berdin
Itsas oihanak elgarrekin.

Herriak Jauna badu Jainko
Hura dohatsu sekulako.
Zeru gainetik Jauna dago
Giza semeri so eta so.

Jainko Jaunaren beha gaude:
Hura guk lagun, adiskide.
Gure gainerat ager, Jauna,
Zure betiko bihotz ona.

Bigarren irakurgaiaren ondotik

15. Salmoa
Zaude nere zain, Jainko Jauna,
Zuri bainago, zuri dena.

Jauna, zu zaitut ondorio,
Eta biziko bozkario.
Zuk eman hori ez galtzeko,
Zuhaur beti zain zagozkio.

Biziko urrats guzietan,
Jauna dut beti aitzinean ;
Egoiki baitzait aitzinean,
Nork nau ni joko, nork sekulan ?

Bihotza dut nik lorietan,
Zer boza dudan nere baitan!
Gorputza ere zer bakean,
Pausatuko zait hilobian.

Nere arima duzulako
Zuk ifernutik aterako.
Zure den huni ez etzaio
Bere gorputza ustelduko.

Bizirat nauzu lagunduko,
Gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so,
Zer zoriona sekulako!

Hirugarren irakurgaiaren ondotik

Jalgitza 15
Jaunari kanta, denen jaun eta nausi baita.

Jaunari kanta, denen jaun eta nausi baita :
Zaldi ta karro itsasperaino ditu bota.
Nere indarra, nere kantua, Jainko Jauna :
Hari zor diot salbamendua, osasuna.

Hura dut jainko, eta kantuz dut aipatuko :
Nere aitaren Jainko Jaunari laudorio.
Gudukatzaile eta garaile dugu Jauna.
Jaunen Jaun eta zeruko Jauna du izena.

Faraon karro eta armadak bota ditu,
Kapitainekin itsas gorrian urperatu.
Itsas uhainek dituzte denak hor iretsi :
Harrien pare itsasperaino dire jautsi.

Zure eskua indarraz, Jauna, miragarri,
Zure eskua nausi da, Jauna, etsaieri.
Nor da nola zu, nor jainkoetan, Jainko Jauna,
Saindutasunez eta egintzez den gorena ?

Zuk sarrarazi ditutzu eta finkarazi,
Zure mendian, han baitzare zu, han zu bizi.
Han duzu, Jauna, zuretzat egin egon-toki,
Menderen mende zu han errege, Jauna, beti.

Laugarren irakurgaiaren ondotik 

29. Salmoa
Jaunari kantu, zerutik gaitu eskuz hartu.

Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna,
Egin dut oihu eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik ;
Zaindua nauzu hil-ziloraino lerratzetik.

Jainko Jaunari haren gizonak has kantari :
Eman gogotik eskerrak haren izenari !
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute ;
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.

Gauerakoan soari nigar jauzten zaio,
Eta goizean zerurainoko bozkario.
Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik betiko bozez nauzu jauntzi
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu ;
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.

Bostgarren irakurgaiaren ondotik

Izai 12
Zatozte oro salbamenduko iturriraino !

Jauna da nere Jaungoiko eta Salbatzaile,
Harekin nago beldur gabe.
Jainkoa baita nere indarra, goresmena,
Hura, salbatu ninduena.

Zuek duzue ateratuko ura pozik
Salbamenduko iturritik.
Eskerrak eta goresmen eman Jainkoari,
Dei egin haren izenari.

Miragarriak nasaiki egin dauzkigula
Mundu guzian da jakina.
Zutan, Izrael, Jainko saindua handi baita,
Zionen egin jauzi, kanta.

Seigarren irakurgaiaren ondotik

18. Salmoa
Betiereko bizirako
hitzak dituzu, Jesu Kristo !

Jainko legea on ona da,
Bihotz gogoen pizgarria.
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.

Haren manuak beti zuzen,
Bihotzarentzat bozkario.
Garbiki dute joanarazten,
soari argi baitzaizkio.

Jainko beldurra zoin garbia,
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia,
Gezur izpirik gabekoa.

Urrea ez da hain dirdira,
Den garbiena balitz ere.
Eztiak ez du gozo hura :
Jaunaren hitzak non zer pare ?

Zazpigarren irakurgaiaren ondotik

41-42. Salmoa
Egarriz noa, deika noa :
Noiz ikus ote, noiz Jainkoa ?

Orkatzak udan iturriraino zer lehia !
Zu ganat, Jauna, nik ere dudan egarria !
Joanen naiz joanen Jainko Jaunaren etxeraino,
Bertzen artean dena irrintzin, laudorio.

Argia eta egia igor aitzindari,
Igan nakion egoitza duzun mendiari.
Jainko Jaunaren aldareari noakio,
Hartan baitut nik gazte-su eta bozkario.

Bataio bat balitz, har litake Izairen kantua 12 edo ere 50. salmoa :

50. Salmoa
Bihotz berri bat eman guri,
Pitz gutan, Jauna, gogo berri.

Bihotz garbia ezar nitan,
Eta funtsezko xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez izpiritu saindua kenduz huts bihotza.

Pitz berriz nitan zure boza ;
Zerurateko gogo zabalak bete neza ;
Gaixtoak ditut argituko,
Bekatoreak zu ganat dire itzuliko.

Eskaintzak oro deus dauzkatzu :
Guziak oro eman banitza hotz zaude zu.
Har beraz nere urrikia :
Har, otoi, Jauna, bihotz apaldu errautsia.

Bigarren irakurgaia

Testament zaharreko azken irakurgaia eta haren otoitzaren ondotik, aldareko argiak pizten dira ; kantatzen da «Aintza zeruetan», ezkilak jotzen direla.  Gero mezako otoitza eta irakurtzen da epixtola (Er. 6, 3-11).

Jondoni Paulok Erromanoeri 6, 3-11.

Haurrideak,
Jesu Kristo baitan bataiatuak giren guziak,
haren heriotzean gira bataiatuak izan.
Bataioaren bidez Harekin heriotzean hilobiratuak izan gira,
Aitaren aintzari esker Kristo hilen artetik piztu den bezala,
guk ere bizi berria bizi dezagun.
Harena bezalako heriotzean harekin bat egin bagira,
harekin bat eginen gira harena bezalako piztean ere.
Badakigu, lehen ginen gizaki hura
Kristorekin gurutzean ezarria izan dela,
bekatuzko gizaki hura suntsitua izan zadin
eta bekatuaren esklabo izan ez gintezen gehiago.
Alabainan, hila dena, bekatutik libratua da.
Kristorekin hil bagira,
sinesten dugu harekin biziko ere girela.
Badakigu: Kristo hilen artetik piztuz geroz, ez da berriz hilen ;
herioak ez du gehiago eskurik haren gainean.
Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko.
Bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi.
Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela,
bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristoren baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

117. Salmoa
Alleluia, alleluia, alleluia !

Jaunari kanta, ona baita :
Amodioa betiko baitu betikoa.
Jainkozaleek, gora kanta :
Amodioa betikoa du betikoa.

Jainko eskua, esku gaitza :
Jainko eskuak, esku azkarrak, zer laguntza !
Joan zait hiltzeko oren beltza :
Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza.

Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 1-12.

Astearen lehen egunean, goizean goizik,
hilobirat joan ziren emazteak,
prestatuak zituzten gantzugailuak berekin zituztela.
Harria hilobitik baztertua aurkitu zuten.
Sartu ziren,
bainan ez zuten Jesus Jaunaren gorputza han aurkitu.
Zer pentsa ez zakitela,
bi gizon agertu zitzaizkioten, soinekoak dirdiran.
Emazteak ikaraturik zauden, begiak lurrerat so.
Gizon heiek erran zioten :
“ Zer zabiltzate hilen artean bizi denaren bila?
Ez dago hemen, piztu da.
Orroit zaitezte zer erran dautzuen
Galilean zagolarik oraino :
Gizonaren Semea bekatarien eskuetarat eman beharra zela,
gurutzefikatu, eta hirugarren egunean piztu behar zuela.”
Orduan, haren hitzez orroitu ziren.
Eta hilobitik itzulirik,
horien guzien berri eman zioten Hamekeri eta beste guzieri.
Emazte hauk ziren Maria Madalena,
Joana, eta Maria, Jakoberen ama.
Heiekin ziren beste emazteek ere
gauza bera erraiten zioten apostolueri.
Bainan ele horiek xorokeriak iduritu zitzaizkioten,
eta ez zituzten sinesten.
Halere Petri lasterka joan zen hilobirat ;
ukurturik, hil-mihisea bakarrik ikusi zuen ;
eta etxerat itzuli zen gertatuaz harriturik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.