C urtea / Jaunaren igaitea – Salbatore

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 1,1-11.

Teofilo maitea, nere lehen liburuan,
hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte
Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan,
bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan :
horren froga ainitz eman zioten,
berrogoi egunez bere burua ikustera emanez,
eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten
ez zitezen Jerusalemetik urrunt,
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten :
“ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
Joanesek urez bataiatu zuen,
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte
egun guti barne.”
Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten :
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua ? ”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea.
Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
Bainan hartuko duzue
zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra.
Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian
eta lurraren azken mugetaraino.”
Horiek erran eta, heiek so zaudela,
Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik,
huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten :
“ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha ?
Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori,
zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

46. Salmoa
Zeru lurreko Jaun eta Jainko,
Zaude zu, Kristo, betiereko.

edo : Alleluia.

Egin herrriek esku zarta,
Jaunari denek airos kanta!
Errege gaitza Jauna baita,
Hartaz bertzerik jaunik ezta.

Jainkoa doa zeruz zeru,
Jaunari denek adar-soinu.
Egin Jaunari soinu-kantu
Mundu zabala bere baitu.

Errege baita munduz mundu,
Hari guziek soinu-kantu.
Herriak oro bere ditu,
Zeruetan du alki saindu.

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 9, 24-28 ; 10, 19-23.

Kristo ez zen sartu giza eskuz eginikako saindutegian,
egiazkoaren iduri baizik ez zen saindutegian,
bainan sartu zen zeruan berean,
orai Jainkoaren aitzinean gure alde agertzeko.
Ez du behin eta berriz bere burua opari eskaintzerik,
apez nagusia berea ez duen odolarekin saindutegian
urte oroz sartzen den bezala.
Bestela Pasionea sofritu behar izanen zuen askotan,
munduaren hastapenetik gaur arte.
Bainan ez, Kristo behin bakarrik agertu da orai,
azkenak diren garai hauetan,
bere buruaren opariaz bekatuaren ezeztatzeko.
Eta gizakiak behin bakarrik hil behar duen bezala,
eta gero jujatua izan, erabakia den bezala,
berdin Kristo ere :
Behin bakarrik bere burua eskaini du,
guzien bekatuen kentzeko,
eta gero bigarren aldikotz agertuko da , ez bekatuarengatik,
bainan haren beha daudenen salbatzeko.
Badugu segurtamena zeruko saindutegian sartuko girela,
Jesu Kristoren odolari esker:
Jesusek oihalean barna, erran nahi baita, bere gorputzean barna,
bide berri eta bizia ideki baitauku.
Eta badugu apez nagusi handia,
Jainkoaren etxearen buru ezarria.
Hurbil gaiten, beraz, Jainkoarenganat,
bihotz zintzoz eta fede osoz,
gure kontzientzia zikintzen duten guzietarik bihotza garbiturik,
eta gorputza ur garbiz ikuzirik.
Atxik dezagun, kordokatu gabe, aitortzen dugun esperantza,
hitzekoa baita agintza egin duena.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jauna igan da oihu alaien artean,
Jarria dago bere alki sainduan.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 46-53.

Hiletarik piztu eta, Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Bete beharrak ziren izkiriatuak zirenak :
Mesiasek sofrituko zuela,
hilen artetik hirugarren egunean piztuko zela,
eta bihozberritzea haren izenean predikatua izanen zela
bekatuen barkamendurako
nazione guzieri, Jerusalemetik haste.
Zuek zirezte horren lekuko.
Eta nik, zuen gainerat igorriko dut nere Aitak hitzemana.
Zuek, zaudezte hemen, hirian, goiko indarraz jantziak izan arte.”
Gero, Jesusek Betania alderat ereman zituen,
eta, eskuak altxaturik, benedikatu zituen.
Benedikatzen zituela, heienganik berexi zen,
eta zerurat eremana izan zen.
Heiek, Jesusen aitzinean ahuspez eman ondoan,
Jerusalemerat itzuli ziren bozkario handitan.
Eta beti Tenpluan ziren, Jainkoa goresten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.