Lehen irakurgaia

Hasiera liburutik 15, 5-12. 17-18.

Jauna Abrahami mintzatu zitzaion ikuspen batean.
Kanpora aterarazi zuen, eta erran zion :
“ Beha zerurat, eta konda izarrak, ahal baduzu.”
Erran zion ere :
“ Horrenbeste izanen dira zure ondokoak.”
Abrahamek sinetsi zion Jaunari,
eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.
Gero erran zion :
“ Ni naiz Jauna, Kaldeako Ur hiritik atera zaitudana,
lurralde hunen jabe egiteko.”
Abrahamek erran zion :
“ Jainko Jauna, nondik ezagutuko dut lurraldearen jabe naizela?”
Jaunak ihardetsi zion :
“ Ekarkidatzu hiru urteko behi bat, hiru urteko ahuntz bat,
hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usokume bat.”
Ekarri zituen Abrahamek horiek guziak eta bi erdi egin ;
puskak bat bestearen parrean ezarri zituen,
bainan hegaztiak ez zituen erditik egin.
Hegazti harrapariak sarraskira heldu baitziren,
Abrahamek haizatu zituen.
Iguzkia sartzean, lo misteriotsu batek hartu zuen Abraham,
eta ikara handi bat sartu zitzaion.
Iguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean,
labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren.
Egun hartan, Jaunak elkargo egin zuen Abrahamekin, erranez :
“ Zure ondokoeri emaiten diotet lurralde hau.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

26. Salmoa
Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?
Jauna dut lagun: nork behar nau ni dardarazi ?
Entzun, Jainkoa, otoizka dagon nere boza ;
Urrikal zaite, ihardets neri : otoi, mintza.

Bihotza deika, beha ta beha banabila,
Zure zeruko begitartea gaupez bila.
Etzadazu ba begitartea hola gorde,
Ez hasarrean zure zure hau utz debalde.

Badut sineste: ikusiko dut zoin den ona
Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.
Egon bakean Jaunaren beha : izan gizon,
Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 3, 17 – 4,1.

Haurrideak,
izan zaitezte nere iduriko,
eta beha ni baitan duzuen etsenpluaren arabera bizi direneri.
Alabainan maiz erran dautzuet,
eta berriz erraiten orai, nigarretan :
ainitz Kristoren gurutzearen etsai bezala bizi dira.
Holakoak galtzera doatzi.
Sabela dute jainko ;
egiten dutenaz ahalgetu behar eta harro dabiltza;
lurreko gauzeri baizik ez dute pentsatzen.

Guk, ordea, zeruan dugu egoitza ;
eta handik igurikatzen dugu Salbatzailea,
Jesu Kristo Jauna.
Harek aldatuko du gure gorputz ahula,
eta bere gorputz aintzatsuaren iduriko eginen,
gauza guziak bere menpe ezartzeko duen ahalari esker.
Horrela, nere haurride maiteak,
zuen ikusteko gutizia bizian nagola,
nere bozkario eta korona zireztenak,
zaudezte Jaunari tinko atxikiak.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 3, 20 – 4, 1

Haurrideak,
Guk, ordea, zeruan dugu egoitza ;
eta handik igurikatzen dugu Salbatzailea,
Jesu Kristo Jauna.
Harek aldatuko du gure gorputz ahula,
eta bere gorputz aintzatsuaren iduriko eginen,
gauza guziak bere menpe ezartzeko duen ahalari esker.
Horrela, nere haurride maiteak,
zuen ikusteko gutizia bizian nagola,
nere bozkario eta korona zireztenak,
zaudezte Jaunari tinko atxikiak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Hedoi argitik, Aitaren mintzoa entzun da :
“Hau da nere Seme maitea, entzun-azue.”

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 28b-36.

Jesusek berekin hartu zituen Petri, Joani eta Jakobe,
eta mendirat igan zen otoitz egitera.
Eta otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu zitzaion,
eta soinekoak xuri distiratsu bilakatu.
Eta horra bi gizon harekin mintzo : Mois eta Eli.
Aintzan agerturik,
Jerusalemen gertatzekoa zen Jesusen joaiteaz mintzo ziren.
Petri eta haren lagunak logaleak zauden.
Bainan atzarririk, Jesusen aintza
eta harekin zauden bi gizonak ikusi zituzten.
Hauek urruntzean, Petrik Jesusi erran zion :
“Irakasle, zein goxoki gauden hemen !
Egin ditzagun hiru etxola: bat zuretzat,
beste bat Moisentzat eta beste bat Elirentzat.”
Ez zakien zer erraiten zuen.
Hola mintzo zelarik, hodei batek estali zituen,
eta hodeian sartzean, beldurrak hartu zituen.
Mintzo bat atera zen hodeitik, ziona :
“ Hau da nere Semea, nere hautetsia, entzun zazue !”
Mintzoa ixildu zenean, Jesus bakarrik gelditu zen.
Dizipuluak ixilik egon ziren,
eta egun heietan, ikusi zutenetik deus ez zuten nehori erran.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du