Apostoluen Egintzetarik 13, 14. 43-52.
Paulo eta Barnabe Pisidiako Antiokiarat etorriak ziren.
Larunbatkari zinagogan sartu ziren.
Batzarra barreiatu zelarik, Judu eta Juduberri jainkozale ainitz
Paulo eta Barnaberi jarraiki zitzaizkien.
Hauek, heiekin mintzatuz,
Jainkoaren graziari atxikiak egoiteko sustatzen zituzten.
Ondoko larunbatean, kasik hiri osoa bildu zen
Jaunaren hitza entzuteko.
Hainbeste jende ikustearekin, Juduak bekaizkeriaz bete ziren ;
eta laidoz ihardesten zioten Paulok erraiten zuenari.
Orduan, Paulo eta Barnabe ausartziarekin mintzatu ziren:
“ Zueri adiarazi behar zitzaitzuen lehenik Jainkoaren hitza.
Bainan arbuiatu duzuenaz geroz,
eta zuen burua betiko bizirako ez baituzue gai ikusten,
paganoenganat joanen gira.
Hola manatu baitauku Jaunak :
Nazioneen argitzat ezarri zaitut,
salbamendua lurraren mugetaraino ereman dezazun.”
Hori entzutean, bozkariotan ziren paganoak,
eta Jaunaren hitza goresten zuten ;
betiko bizirako zirenek sinetsi zuten.
Horrela, Jaunaren hitza zabaltzen ari zen eskualde hartan guzian.
Bainan Juduek andere handiki jainkozaleak,
eta hiriko jauntxoak berotu zituzten ;
Paulo eta Barnaberen kontra pertsekuzione bat pizturik,
beren lurraldetik haizatu zituzten.
Paulo eta Barnabe, beren oinetako errautsa heien kontra inarrosirik,
Ikoniorat joan ziren.
Dizipuluak, aldiz, bozkarioz eta Izpiritu Sainduaz beterik ziren.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
99. Salmoa
Gu, Jaunarena den jendea,
Haren etxeko artaldea.
Kanta Jaunari, lur guzia :
Egin airoski hak nahia.
Sar hari beha, sar, loria :
Loria eta bozkaria.
Jainko da Jauna : bere gaitu ;
Harek gaitu bai gu moldatu.
Gu Jaunarena den jendea,
Haren etxeko artaldea.
Ona da ona Jainko Jauna ;
Betiereko bihotz ona.
Betikotz eta mendez mende
Jaunaren hitzak hitz badaude.
Jondoni Joaniren Apokalipzatik 7, 9. 14b-17.
Nik, Joanik, jendetza handia ikusi nuen, nehork ezin kondatuzkoa,
nazione, arraza, herri eta hizkuntza guzietako jendea,
Tronuaren eta Bildotsaren aitzinean xutik,
soineko xuritan, eta palma-adarrak eskuetan.
Zaharretarik batek erran zautan :
“ Horiek herstura handitik heldu dira ;
beren soinekoak garbitu dituzte, Bildotsaren odolean xuritu.
Horregatik daude Jainkoaren Tronu aitzinean,
gau eta egun hura bere tenpluan zerbitzatzen dutela.
Eta Tronuan jarria dagona heiekin biziko da.
Ez dira gehiago gose ez egarri izanen,
ez ditu iguzkiak ez beroak joko,
Tronuaren erdian dagon Bildotsa izanen baitute artzain,
ur biziko iturrietarat eremanen baititu.
Eta Jainkoak begietako nigar guziak xukatuko diozkate.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jesus, Artzain onak bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezagutzen dute,
heientzat bere bizia emaiten baitu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 10, 27-30.
Jesusek Judueri errana zioten: “ Ni naiz Artzain Ona.”
Erran zioten ere :
“ Nere ardiek nere mintzoa entzuten dute;
nik ezagutzen ditut , eta jarraikitzen zaizkit.
Betiereko bizia emaiten diotet: ez dira sekulan galduko,
nehork ez dauzkit eskutik kenduko.
Eman dauzkitan nere Aita, denak baino handiagoa da,
eta nehork ezin du deus kendu Aitaren eskutik;
Aita eta ni, BAT gira. ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du