Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 5, 12-16.

Jerusalemen, Apostoluen eskuz,
seinale eta egintza harrigarri ainitz gertatzen ziren herrian.
Gogoz bat, fededun guziak Zalomonen aterpean egoiten ziren.
Beste nehor ez zen heienganat biltzera ausartatzen,
herriak goraipatzen bazituen ere.
Gero eta gehiago ziren fedearen bidez
Jaunari elkartzen zitzaizkionak, gizon eta emazte.
Eriak karrikarat ateratzen zituzten, eta ohe eta andetan ezartzen,
Petri pasatzean haren itzalak bederen bat edo beste hunki zezan.
Jerusalem inguruko herrietarik ere
jendalde handiak etortzen ziren,
eriak eta izpiritu gaixtoen menean zaudenak ekarriz,
eta denak sendatzen ziren.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

117. Salmoa
Jaunari kanta, ona baita :
Amodioa betiko baitu betikoa !

edo : Alleluia.

Jaunari kanta, ona baita :
Amodioa betikoa du betikoa !
Jainkozaleek gora kanta
Amodioa betikoa du betikoa !

Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina
Gure begien, gure bihotzen miragarri.

Hau da eguna Jaunarena,
Pitz eta kanta : zer zoriona ! Zer eguna !
Oi, Jauna, izan salbagarri !
Oi, Jauna, eman ontasun, indar eta sari !

Ongi-etorri ! Agur zuri !
Jaun izenean heldu denari, on-iturri.
Jaunari kanta, ona baita :
Amodioa betikoa du betikoa.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 1, 9-11a. 12-13. 17-19.

Ni, Joani, zuen anaia eta laguna
hersturan, erregetzan eta iraupenean Jesusen baitan,
Patmos deitu uhartean nindagon
Jainkoaren hitzagatik, eta Jesusen lekuko izaiteagatik.
Jaunaren egunean, Izpirituak hartu ninduen,
eta nere gibelean mintzo ozena entzun nuen tronpetarena bezalakoa.
Hau zion :
“ Izkiria zazu liburu batean ikusiko duzuna,
eta igor Asia ttipiko zazpi eliz elkarteetarat.”
Gibelerat itzuli nintzen, nor mintzo zitzaitan ikusteko.
Itzulirik, urrezko zazpi argi-mutil ikusi nituen;
eta heien erdian gizaseme iduriko bat, soineko luzez jantzia,
bularraldea urrezko gerrikoz lotua.
Ikusi nuenean, hila bezala erori nintzen haren oinetarat,
bainan eskuineko eskua gainean ezarri zautan, erranez :
“ Ez beldur izan ! Ni naiz Lehena eta Azkena,
Ni naiz Bizi dena ;
hilik egon nintzen,
bainan orai bizirik nago menderen mendetan,
eta nik dauzkat herioaren eta hilen egoitzaren giltzak.
Izkiria zazu, beraz, ikusi duzuna,
orai dena eta gero izanen dena.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Tomasek Jauna ikusi eta du sinetsi.
Bai dohatsua, ikusi gabe sinesduna !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 20, 19-31.

Jesus hil-eta, asteko lehen egunean, ilunabarrean,
ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez.
Jesus etorri zen, eta heien erdian zagola, erran zioten :
“ Bakea zueri ! ”
Hori erran-eta, erakutsi ziozkaten eskuak eta sahetsa.
Dizipuluak bozkarioz bete ziren, Jauna ikustearekin.
Jesusek berriz erran zioten :
“ Bakea zueri !
Aitak igorri nauen bezala, nik ere zuek igortzen zaituztet.”
Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran :
“ Har zazue Izpiritu Saindua.
Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue,
barkatuak izanen zaizkio;
nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio.”
Hamabietarik bat, Tomas (hitz horrek erran nahi du : biritxi)
ez zen heiekin, Jesus etorri zenean.
Bertze dizipuluek erran zioten :
“ Jauna ikusi dugu.”
Harek aldiz ihardetsi :
“ Ez badut ikusten haren eskuetan itzeen marka,
ez badut emaiten ene erhia itzeen tokian,
ez badut ezartzen ene eskua haren sahetsean, ez dut sinetsiko.”
Handik zortzian, dizipuluak berriz etxean zauden,
eta Tomas ere heiekin.
Etorri zen Jesus, ateak hetsirik zirela,
eta heien erdian zagola, erran zioten :
“ Bakea zueri ! ”
Gero erran zion Tomasi :
“ Hurbil hunat erhia, eta ikus ene eskuak ;
hurbil eskua eta ezar ene sahetsean,
ez izan sinesgogor, bainan izan sinesdun.”
Tomasek ihardetsi zion :
“ Ene Jauna eta ene Jainkoa !”
Jesusek erran zion :
“ Ikusi nauzulakotz duzu sinetsi ?
Dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak.”
Beste ezaugarri asko egin zituen Jesusek bere dizipuluen aitzinean.
liburu huntan izkiriatuak ez direnak.
Hauek aldiz izkiriatu dira, sinets dezazuen
Mesias eta Jainkoaren semea dela Jesus,
eta sinetsiz, bizia ukan dezazuen haren izenean.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.