Mikeas profetaren liburutik 5, 1-4.
Hunela mintzo da Jauna :
Zu, Betleem Efrata, Judako leinuetan ttipiena,
zureganik sortuko dut Izraelen errege izanen dena.
Aspaldikoa da hunen sortzea, betiereko egunetakoa.
Horrengatik, Jaunak utziko du herria, amak haurra ukan arte.
Orduan atzerrian bizirik gelditu haurrideak
Izraelen semeenganat itzuliko dira.
Xutituko da eta Jaunaren indarraz alhatuko ditu,
bere Jainkoaren izen handiaz.
Lasai biziko dira herritarrak,
handi agertuko baita hura lurraren azken mugetaraino,
eta Bera bakea izanen da.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
79. Salmoa
Gu itzularaz berriz zugana :
Begitarteaz gu salba, Jauna.
Izraeldarren artzain, entzun :
Zure ardiak, lehen bezala, otoi, lagun.
Zure indarra berpitz-azu :
Zato, Jainkoa, salba gaitzazun etor ba zu.
Guganat itzul, Jaungoikoa !
Zerutik beha, gure zain heda zuk besoa.
Zain mahasti hau, zain zazu ba :
Zure eskuinak lantu mahatsa, otoi, salba.
Zure gizona zuhauk lagun,
Hautatu duzun gizasemea hel dakigun.
Zure gaitutzu sekulako :
Pitz gaitzazu, pitz, guk zuri beti kantatzeko.
Hebrearreri epixtolatik 10, 5-10.
Haurrideak,
Kristok, munduan sartzean, hau dio, salmoaren arabera :
Ez zinuen opari eta eskaintzarik nahi izan,
bainan gorputza moldatu zinautan.
Erre-opari eta bekatuen barkamen-oparirik ez duzu atsegin izan.
Orduan, erran nuen :
Hemen nauzu, nere Jainkoa, zure nahiaren egiteko,
nitaz horrela baita Liburuan idatzia.
Lehenik dio : Ez zinuen nahi izan, ez atsegin izan
opari eta eskaintzarik, ez erre-opari,
ez bekatuen barkamen-oparirik,
nahiz eta gauza horiek legeak manatuak diren.
Gero beste hau dio :
Hemen nauzu, heldu naiz zure nahiaren egitera.
Horrela lehen kultua kentzen du, berria jartzeko.
Eta Jainkoaren nahi horren indarrez saindu eginak gira,
Jesu Kristok behin betiko egin zuen
bere gorputzaren eskaintzari esker.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Boztu eta kanta, Birjina Maria
Zu baitan dago zeru-lurrek kabi ez dezaketena
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 39-45.
Egun heietan, Maria bizi-bizia abiatu zen
Judeako mendialdeko herri baterat.
Zakariasen etxean sarturik, Elixabeti agur egin zion.
Elixabetek Mariaren agurra entzun orduko,
haurrak jauzi egin zion sabelean.
Orduan, Izpiritu Sainduaz bete zen Elixabet,
eta oihu handi batean erran zuen :
“ Benedikatua zu emazte guzien artean,
eta benedikatua zure sabeleko fruitua !
Nor naiz ni, nere Jaunaren ama etor dakidan ?
Zure agurra nere beharrietarat heldu orduko,
huna non haurrak bozkarioz jauzi egin dautan sabelean.
Zoriontsua zira, sinetsi baituzu
Jaunaren partez erran zaitzuna beteko dela.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Andiazabal, “Mezetako deiak”, C urtea – sail berria)
Dohatsu, Jaunaren agintzak beteko direla sinesten dutenak, bai eta ere lehia handirekin hori bera eskatzen diotenak.
1. Eskerrak zuri, zure Elizaren ganat heldu baitzira, eta haren baitan bizi; munduaren erdian zure presentziaren egiazko seinale egizu, otoi, Jauna.
2. Eskerrak zuri, zure Izpiritua emaiten baitaukuzu zure bila ibiltzeko: munduaren erdian zure ezagutzea emaguzu, otoi, Jauna.
3. Eskerrak zuri, zuzentasun eta bake-egileak sustatzen baititutzu : beti eta beti zure bideen prestatzen aritzea emozute, otoi, Jauna.
4. Eskerrak zuri, elgarrentzat haurride izaitea emaiten baitaukuzu : amodio hortan bizitzea gizon guzieri emozute, otoi, Jauna.
Bai, zato, Jesus Jauna, zorion-agintzen betetzerat:
Horren beha gaude, horren berri-emaile gira.
Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.
Parropia bakotxak egokitu behar du