Bestak / Ekainaren 29a – Jondoni Petri eta Paulo apostoluak – Eguneko Meza

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 12, 1-11.

Aldi hartan, Herodes-Agrippa erregea
Elizako batzuren pertsegitzen hasi zen.
Jakobe, Joaniren anaia, ezpataz hilarazi zuen.
Hori Judueri laket zitzaiotela ikusirik, Petri ere preso hartu zuen.
Bazko astea zen.
Arrastatu eta presondegian sarrarazi zuen, bada,
eta launa soldaduko lau talderi zaintzera eman,
Bazko ondoan herriaren aitzinean jujatu nahi baitzuen.
Petri presondegian zaintzen zutela,
Eliza Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Herodesek auzitegirat atera behar zuen aitzineko gauean,
Petri lo zagon bi soldadoen artean, bi katez loturik,
eta, ate aitzinean, goardiak kartzela zaintzen.
Bat-batean, Jaunaren Aingerua agertu
eta gela guzia argiz bete zen.
Aingeruak Petri sahetsean hunkitu zuen eta iratzarri, eta erran zion :
“ Jeiki laster ! ”
Kateak ekuetarik erori zitzaizkion.
Orduan Aingeruak erran zion :
“ Lot gerrikoa eta oinetakoak ! ”
Petrik hala egin zuen, eta Aingeruak aitzina :
“ Jantz soingainekoa eta jarraik neri.”
Petri haren ondotik atera zen,
bainan ez zakien Aingeruaren bitartez gertatzen zitzaiona egia zela :
ikuspen bat zela uste zuen.
Lehen eta bigarren zaintzale-taldearen ondotik iragan eta
hirirat zeraman burdinezko ateraino heldu ziren.
Atea berez zabaldu eta kanporat atera ziren.
Karrika batean zoatzilarik,
bat-batean Aingeruak Petri bakarrik utzi zuen.
Petri bere baitaratu zen, orduan, eta erran zuen :
“ Orai badakit egia dela : Jaunak bere Aingerua igorri daut
Herodesen eskuetarik eta judu-herriak nahi zuenetik libratzera.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

33. Salmoa
Fededunen zain xutitua
dago Jaunaren aingerua.

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila :
Bihotz apalak pitz ditela.

Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna
Eta goraipa Jaun izena ;
Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna :
Beldurra baitaut urrun joana.

Jaunari beha egon begiak dirdiraka :
Ez zaitezten gal, ez ahalka.
Dohakabeak dei egin dio : Jaunak entzun ;
Hersturik ez dut hura lagun.

Armaden pare dago Jaunaren aingerua :
Fededunen zain xutitua.
Gozatuz goza, beha ba zoin den gozo Jauna :
Dohatsu hari darraikona.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Timoteori 2a : 4, 6-8 . 17-18.

Ni, jadanik oparitan eskainia nago,
gainean dut joaiteko tenorea.
Borroka ona egin dut, lasterketa bururatu, fedea begiratu.
Orai, nere beha dago garailearen korona :
Jaunak, Juje zuzenak, emanen daut egun hartan,
eta ez neri bakarrik,
bainan ere haren aintzazko etortzea
maitasunez igurikatu duten guzieri.
Denek bakarrik utzi ninduten ;
bainan Jauna nerekin izan nuen, eta indar eman zautan,
nere bidez bururaino iragarria izan zadin Ebanjelioa,
eta pagano herri guziek entzun zezaten.
Lehoinaren ahotik atera naiz.
Jaunak aterako nau gaitz guzietarik.
Salbatuko nau eta zeruan, bere erreinuan, sarraraziko.
Hari aintza menderen mendetan. Amen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Petriren fedearen gainean Jaunak jarri du bere Eliza
eta herioaren indarrak ez zaizkio nausituren.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 16, 13-19.

Jesus Filiperen Zezareako eskualderat etorri zen,
eta bere dizipulueri galdegin zioten :
“ Gizonaren Semea nor dela dio jendeak ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Batzuek Joanes Bataiatzailea dela ; beste batzuek Eli,
beste batzuek Jeremi, edo profetetarik bat.”
Jesusek berriz :
“ Eta zuek, nor naizela diozue ? ”
Zimun Petrik ihardetsi zuen, erranez :
“ Zu Mesias zira,
Jainko biziaren Semea ! ”
Orduan, Jesusek erran zion :
“ Dohatsu zira, Zimun, Jonaren semea,
hori ez baitauzu ez haragiak ez odolak agertu,
bainan bai zeruko nere Aitak.
Eta nik erraiten dautzut : zu zira Petri (Harri)
eta harri horren gainean eraikiko dut nere Eliza,
eta herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko.
Zeruetako Erreinuko gakoak emanen dauzkitzut :
lur huntan lotuko duzuna, zeruan ere lotuza izanen da,
eta lur huntan libratuko duzuna, zeruan ere libratua izanen da.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du