Lehen irakurgaia

Zuhurtzia liburutik 2, 12. 17-20.

Gaizkia asmatzen dutenek beren baitan erran dute :
“ Heda ditzogun sareak zintzoari, aspergarri baitzaiku :
gure bizimoldearen kontra dago,
gure lege-hausteak aurpegirat botatzen dauzkigu,
eta gure ohiduren kontrako hutsak salatzen.
Ikus dezagun erraiten duena egia den ala ez,
iker dezagun nola bururatuko den.
Zintzoa Jainkoaren seme balinbada,
Jainkoa etorriko zaio laguntzera,
eta etsaien eskuetarik libratuko du.
Laidoak eta oinazeak jasanaraz ditzogun ;
haren goxotasuna ezagutuko dugu eta pazientzia neurtuko.
Kondena dezagun heriotze lotsagarrira,
erran duenaz geroz zaintzailea baduela.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

53. Salmoa
Zatozkit laster, otoi, Jauna !
Zu zaitut lagun, zu laguntza !

Nere Jainkoa, zure izenaz eman indar,
Zure argiaz beirale jar.
Otoi, Jainkoa, nere otoitza gogotik har :
Deiak ditela zu baitan sar.

Buru harroak oldartu zaizkit tzarki neri,
Bizia kendu nahiz ari.
Heien begiak ez daude beha Jainkoari :
Herra daukate jan-edari.

Huna Jainkoa, lagun heldu zait, neri beha :
Zer biziaren zaintzalea.
Eginen ditut kantuz eskaintzak zuri, Jauna :
Zure izena baita ona.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Jakoberen epixtolatik 3, 16 – 4, 3.

Haurrideak,
bekaizkeria eta norgehiagokeria diren tokian,
han dira nahasmendua eta gaixtakeria mota guziak.
Gain hartarik heldu den zuhurtzia, aldiz, garbia da lehenik ;
gainera, baketsua, eztia, amor-emailea,
urrikalmenduz eta egitate onez betea,
alderdikeria eta zurikeriarik gabea.
Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.
Nondik dira zuen artean ditutzuen gerla eta kalapitak ?
Ez ote zuen baitan borrokan ari diren jaidura tzarretarik ?
Zerbaiten gutizia izanki eta hura ezin eskura,
orduan hiltzen duzue ;
zerbait nahi eta ezin ardiets duzuenean,
kalapita sortu eta borroka egiten duzue.
Ez duzue ukaiten, eskatzen ez duzuelakotz ;
eskatzen duzue eta deus ez ukaiten,
gaizki eskatzen duzuelakotz, zuen jaidura tzarren asetzeko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Berri Onaren bidez Jainkoak deitzen gaitu
Jesu Kristo gure Jaunaren aintzan parte hartzera.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 9, 30-37.

Jesus Galilean barna zoan bere dizipuluekin,
eta ez zuen nahi nehork jakin zezan.
Heieri irakasten ari baitzen, erranez :
“ Gizonaren Semea gizonen eskuetarat emanen dute ;
hilen dute, hil eta hiru egunen buruan piztuko da.”
Bainan heiek solas horiek ez zituzten konprenitzen,
eta argitasunak eskatzeko beldur ziren.
Kafarnaumerat etorri ziren,
eta etxean, Jesusek galdegin zioten :
“ Zertaz ari zinezten bidean ?”
Heiek ixilik zauden,
beren artean handiena nor ote zen ari izan baitziren bidean.
Jarri zen Jesus, Hamabieri dei egin eta erran zioten :
“ Lehena izan nahi duena
izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria.”
Gero haur bat hartu zuen, heien erdian ezarri,
besarkatu eta erran zioten :
“ Holako haur bati neregatik ongi etorri egiten dionak,
neri daut egiten ;
eta ongi etorri egiten dautanak,
ezdaut neri egiten, bainan ni igorri nauenari.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Gure otoitzean ekar ditzagun lur huntako ttipi, pobre eta pertse- kutatu guziak.

1. Munduko haur guzientzat, gaizki erabiliak direnentzat, torturatuak, desterrurat igorriak, berexiak, sofritzen duten guzientzat, egin dezagun otoitz.

2. Bakea eta elgarren errespetua heda diten gizonen, populuen eta arraza guzien artean, egin dezagun otoitz.

3. Lur huntako kargudun guzientzat, eta beren burua bertzeen zerbitzuko eman duten guzientzat, egin dezagun otoitz.

4. Elizarentzat, izan dadin umil eta pobre munduaren erdian, bake eta libeertate iturri, egin dezagun otoitz.

Jainko gure Aita, onhar-azu gure otoitza,
zure Seme maitearena bezala.
Errege baita gizaldi eta gizaldietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du