Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 50, 5-9a.

Jainko Jaunak beharria ideki daut,
Eta nik ez diot kontra egin, ez dut gibelerat jo.
Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri,
eta matelak , bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri.
Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik.
Jauna dut laguntzaile; horrengatik ez naiz laztu ;
horrengatik begitartea harri gogorra iduri egin dut,
eta badakit ez naizela ahalgetuko ;
Ondoan dut xurituko nauena : nork ereman ni auzitarat ?
Ager gaitezen elkarrekin !
Nor dut partida ? Datorrela !
Hara : Jainko Jauna dut laguntzaile :
nork kondenatuko nau ?

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

114. Salmoa
Ibiliko naiz Jauna baitan,
bizi direnen eskualdetan.

Maite dut Jauna, entzun baitu
Nik dudanean minki deitu.
Nere galdeak hartu ditu,
Nik egitean oihu kantu.

Hor zen orroaz herioa,
Hor dena sare ifernua.
Galdua nintzen, ezindua,
Oihu egin dut : “ Hel, Jainkoa ! ”

On eta zuzen dugu Jauna :
Jaunak betiko bihotz ona.
Begiratzen du den xumena :
Kendu daut harek nuen mina.

Harek hiltzetik jali gaitu,
Begiak boztu, oinak piztu.
Ibiliko naiz Jauna baitan,
Bizi direnen eskualdetan.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Jakoberen epixtolatik 2, 14-18.

Ene haurrideak,
zertarako dut norbaitek “Nik badut fedea” erraitea,
egintzetan ez badu agertzen ?
Holako fedeak salba ote dezake ?
Anaia edo arreba batek soinekorik
edo egun guzietako janik ez badu,
zuetarik batek erraiten badiote :
“ Zoazte bakean, bero zaitezte eta ase ”,
bainan behar duten laguntza eman gabe, zer balio du horrek ?
Berdin fedea ere : egintzarik gabe bada, hila da.
Norbaitek erran dezake : zuk fedea duzu, nik, aldiz, egintzak.
Erakuts ezadazu egintzarik gabeko zure fedea,
eta nik, egintzen bidez erakutsiko dautzut nere fedea.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Nik ez dut Jaunaren gurutzeaz baizik harro izan nahi !
Hari esker mundua gurutzeratua baita neretzat, eta ni munduarentzat.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 8, 27-35.

Jesus joan zen bere dizipuluekin
Filiperen Zezarea inguruko herrietarat buruz.
Bidean bere dizipulueri galde hau egin zioten :
“ Ni nor naizela dio jendeak ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Batzuek Joanes Bataiatzailea zirela,
beste batzuek Eli , besteek profetetarik bat.”
Jesusek galdegin zioten aitzina :
“ Eta zuek, nor naizela diozue ? ”
Petrik ihardetsi zion : “ Zu Mesias zira.”
Orduan, Jesusek manatu zioten hartaz nehori ez mintzatzeko.
Eta irakasten hasi zitzaioten
Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar zuela,
zahar, apezburu eta lege-irakasleek arbuiatuko zutela, eta hilen,
eta hiru egunen buruan piztuko zela.
Argi eta garbi mintzo zitzaioten hortaz.
Berex harturik, Petri Jesusen larderiatzen hasi zen.
Bainan Jesusek, itzuli eta dizipulueri behatuz,
Petri larderiatu zuen, erranez :
“ Ken nere ondotik, Satan !
Zure gogoetak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Kristoren eskaintza da munduko otoitzaren bihotza. Haren baitan erakuts ditzogun Jainkoari gure haurride guzien beharrak.

1. Gose eta egarri, hotzak daudenentzat, eta heien ondoan heien laguntzeko ahala dutenentzat, egin dezagun otoitz.

2. Beren fedea haurrideen zerbitzuraino hedatzen ez dakitenentzat, eta beren haurrideen zerbitzari egin direnentzat, egin dezagun otoitz.

3. Beren kurutzea Kristoren ondotik eremaitea onhartzen dutenentzat, eta oinazeen kurutzeak leherturik daudenentzat, egin deiagun otoitz.

4. Girixtinoen biziak, Kristo Salbatzailearen lekuko izanik, lagunt ditzan gizonak Kristoren ezagutzen, egin dezagun otoitz.

Jainko gure Aita,
ikus-azu zure Semea bere haurrideentzat eskainia.
Haren baitan entzun gaitzazu, eta zure ganat itzul-araz,
gure fedearen araberakoa izan dadin gure karitatea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du