Lehen irakurgaia

Erran Zaharren liburutik 9, 1-6.

Zuhurtziak bere etxea eraiki du, zazpi zutabe landu ditu.
Abereak hil ditu, arnoa prestatu, eta mahaina ezarri.
Bere neskatoak igorri ditu, eta hiri gainetan oihu egin :
“ Zuhurtziarik ez baduzue, zatozte niganat ! ”
Zentzugabeari erraiten dio :
“ Zatozte nere ogitik jatera,
eta prestatu dutan arnotik edatera !
Utz xorakeriak, eta biziko zirezte ;
ibil zentzuzko bidean.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

33. Salmoa
Goza ta beha zoin den gozoa,
Zoin den maitea gure Jainkoa !

Jaunari beti esker emaiten nagokio :
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila :
Bihotz apalak pitz ditela !

Jainkoarenek, izan Jaunaren beldur saindu :
Fede duenak dena badu.
Handi-mandiak hits eta gose badabiltza,
Jainkozaleak dena gauza.

Etor semeak, nahi dautzuet erakutsi
Jaunaren beldur nola bizi.
Non ote da non bizi egarri den gizona,
Nahi bailuke zoriona?

Zure mihia begira zazu tzarkeritik,
Zure ezpainak gezurretik.
Gaizkitik urrunt eta zuzenki bizi zaite,
Bila bakea urtez urte.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5, 15-20.

Haurrideak,
kasu nola zabiltzaten ; ez joka ergelki, bainan zentzuz.
Ongi balia oraiko denbora, egun txarrak baititugu.
Beraz, ez izan burugabe, bainan konpreni Jaunak zer nahi duen.
Ez mozkor, arnoa galbidea baita ;
aitzitik, bete zaitezte Izpiritu Sainduaz.
Zuen artean, salmoak, gorazarreak eta kantika goi-argituak emanez,
kanta eta gorets Jauna bihotz-bihotzez.
Gauza guziengatik eta beti eskerrak eman Jainko Aitari,
Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Guzi guzien begiak daude, Jauna, zuri,
Eta heieri behar orduan zuk janari :
Eskainia den Bildotsaren gorputz-odolak.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 51-58.

Jesusek erran zion jendeari :
“ Ni naiz ogi bizia, zerutik jautsia :
ogi huntarik jaten duena betiere biziko da.
Nik emanen dutan ogia nere haragia da,
mundua bizi dadin emana.”
Juduak eztabadan ari ziren beren artean:
“ Nola eman diezaguke hunek bere haragia jatera ? ”
Jesusek erran zioten orduan :
“ Egiaz-egiaz diozuet :
ez baduzue Gizonaren Semearen haragia jaten,
eta haren odola edaten,
ez duzue bizirik izanen zuen baitan.
Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak,
betiereko bizia badu ;
eta nik piztuko dut azken egunean.
Zeren nere haragia egiazko janaria baita,
eta nere odola egiazko edaria.
Nere haragia jaten eta nere odola edaten duena
ni baitan dago, eta ni haren baitan ;
Bizia den Aitak ni igorri nauen bezala,
eta ni Aitari esker bizi naizen bezala,
halaber, ni jaten nauena, neri esker biziko da.
Hau da zerutik jautsi ogia :
ez zuen arbasoek jan zutena bezalakoa, heiek hil baitziren.
Ogi hau jaten duena, betiere biziko da.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Esker ona bihotzean, egin ditzogun Jaunari gure eskariak.

1. Girixtinoentzat: mundu huntako errokeriari uko eginik, Ebanjelioko zuhurtzian bizi ditezen, egin dezagun otoitz.

2. Elizarentzat: oraiko munduari helaraz diezazkion zuhurtziazko eta bakezko erakaspenak, egin dezagun otoitz.

3. Jainkoa ezagutzen ez dutenentzat: jakin dezaten Jaunak bere Erreinuko mahainerat deitzen dituela, egin dezagun otoitz.

4. Beren bizia bertzentzat higatzen dutenentzat: ezagut dezaten Jainkoa dela amodio guzien iturria, egin dezagun otoitz.

5. Berenaz bakarrik axola dutenentzat: Jaunaren ganik ikas dezaten besteen maitatzen, egin dezagun otoitz.

6. Bakantzetan direnentzat: denbora hortaz balia diten Jaunaren ganat hurbiltzeko, haren nahia konpreniturik hobeki betetzeko, egin dezagun otoitz.

Egizu, Aita gure baitan bete dadin Jesusen nahia:
guziek bat egitea, eta elgarrentzat bizitzea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du