Lehen irakurgaia

Erregeen lehen liburutik 19, 4-8.

Eli profeta ihes zoan Jezabel erreginaren beldurrez.
Egun bateko bidea egin ondoan basamortuan barna,
sasi baten itzalean jarri zen, eta heriotzea eskatu beretzat, erranez :
“ Aski, Jauna! Harrazu nere bizia,
ez bainaiz nere arbasoak baino hobea.”
Gero, sasiaren itzalean etzan eta lokartu zen.
Bainan huna non aingeru batek hunki eta erraiten dion :
“Jeiki zaite eta jan ! ”
Behatu zuen eta buru ondoan ikusi opil erre berria eta pitxer bat ur.
Jan zuen, edan eta berriz etzan.
Bigarren aldikotz Jaunaren aingeruak hunkitu zuen, eta erran zion :
“ Jeiki zaite eta jan! Bestela bidea luzeegi liteke zuretzat.”
Jeiki zen Eli, jan eta edan zuen; gero, janari horrek azkarturik,
bide egin zuen berrogoi egun eta berrogoi gau
Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

33. Salmoa
Goza ta beha zoin den gozoa
Zoin den maitea gure Jainkoa !

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila,
Bihotz apalak pitz ditela.

Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna,
Eta goraipa Jaun izena.
Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna:
Beldurra baitaut urrun joana.

Jaunari beha egon begiak dirdiraka :
Ez zaitezten gal, ez ahalka.
Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun.
Hersturik ez dut, hura lagun.

Armaden pare dago Jaunaren Aingerua :
Fededunen zain xutitua.
Gozatuz goza, beha ba zoin den gozo Jauna :
Dohatsu hari darraikona


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 4, 30 – 5, 2.

Haurrideak,
nahigaberik ez eman Jainkoaren Izpiritu Sainduari :
horrekin markatuak baitzirezte zuen erospen egunerako.
Ken zuen baitarik garrazkeria, samurgoa, haserrea,oihu eta laidoak,
beste gaixtakeria guziekin.
Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz,
Jainkoak zueri Kristoren baitan barkatu dautzuen bezala.
Izan zaitezte, beraz, Jainkoaren iduriko,
haren haur maiteak zireztenaz geroz.
Bizi zaitezte maitasunean, Kristo bezala :
harek maitatu baigaitu, eta bere burua guretzat eman baitu,
Jainkoari atsegingarri zaion oparitzat eskainiz.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Zu zira, Jauna, zerutik jautsi ogi bizia !
Ogi hortarik jaten duena bizi da beti !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 41-51.

Jesusek errana zuelakotz : “ Ni naiz zerutik jautsi ogia ”,
Juduak marmarika hasi ziren haren kontra :
“ Ez ote da hori Josepen semea ?
Ezagutzen ditugu horren aita-amak.
Nolaz dio, orai, zerutik jautsia dela ?”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Ez ar marmarika zuen artean.
Nehor ez daiteke nereganat etor,
igorri nauen Aitak erakartzen ez badu ;
eta nik piztuko dut azken egunean.
Profeten liburuan izkiriatua da :
Jainkoaren ikasle izanen dira denak.
Aita entzuten eta harek irakatsia ikasten duena, nereganat dator.
Segur, nehork ez du Aita ikusi, Jainkoarenganik datorrenak baizik :
horrek, bai, ikusi du Aita.
Egiaz-egiaz diozuet ; ni baitan sinesten duenak betiereko bizia badu.
Ni naiz biziaren ogia.
Zuen arbasoek mana jan zuten basamortuan, eta hil ziren.
Hau da zerutik jausten den ogia, huntarik jaten duena ez da hilen.
Ni naiz ogi bizia, zerutik jautsia ;
ogi huntarik jaten duena betiere biziko da.
Nik emanen dutan ogia nere haragia da,
mundua bizi dadin emana.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

“Nehor ez daiteke ni ganat etor, non ez duen ni igorri nauen Aitak erakartzen.” Jainkoak guzientzat duen amodioaren oiharzun izan bedi gure otoitza. Hel-araz ditzogun Jaunari gure haurrideen deiak.

1. Mundu hunen gidatzeko eginbidea dutenentzat: ukan dezaten aski bertute pobreenen zerbitzatzeko, egin dezagun otoitz.

2. Beren neke eta nahigabeen desertuan etsiturik daudenentzat: ukan dezaten beren bideari jarraikitzeko behar duten janaria, egin dezagun otoitz.

3. Herioa hurbiItzen ikusten dutenentzat: ukan dezaten fede eta esperantza gizonen beldurrak jabaltzen dituenaren baitan, egin dezagun otoitz.

4. Bakantzetan direnek estima eta errespeta dezaten heien zerbitzuko ari direnen lana, egin dezagun otoitz.

5. Egun guzietako ogia segurtatua dutenentzat: ez ditzaten beharriak hets miserian diren guzien deiadar samineri, egin dezagun otoitz.

6. Jaunaren mahainetik urrundu direnentzat: ukan dezaten egiazko Ogiaren gutizia. Ardura kominiatzen dutenentzat: lehia diten dohain horren zoriona hedatzerat, egin dezagun otoitz.

Jesus Jauna, egiazko biziaren ogia zira,
eta zu jaten zaituena egiten da bertzentzat ogi.
Ereman gaitzazu denen emaiterat zuk bezala,
zu goresteka gizaldi eta gizaldietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du