B urtea / Ostegun Saindu – Jaunaren azken Afaria

Testu guziak telekargatu Iruzkinak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 12, 1-8. 11-14.

Egiptoko lurretan,
Jaunak Moisi eta Aaroni erran zioten :
“ Hilabete hau izanen duzue hilabete nagusia, urte guziko lehena.
Errozue Izraeldarren elkarte osoari :
Hilabete hunen hamarrean,
familia bakotxak har dezala bildots bat,
familia eta etxe bakotxeko bana.
Abere osoa jateko familia aski ez bada,
lehen auzoarekin har dezala, zenbat lagun diren ikusiz.
Bildotsa hartuko duzue, bakotxak jan dezakeenaren arabera.
Bildotsa hutsik gabea izan bedi,
arra, urtekoa, arkume edo antxume.
Hilabetearen hamalaua arte begiratuko duzue,
eta ilunabarrean hilen dute Izraeldar elkarteko guziek.
Haren odoletik hartuko duzue eta ezarriko
bildotsa janen duten etxetako ateburu eta habeetan ;
Gau hortan haragia suan errerik janen dute,
altxagarri gabeko ogiarekin eta belar kiretsekin.
Hunela janen duzue: gerrikoa gerrian,
oinetakoak soinean, makila eskuan;
presaka janen duzue, Jaunaren Bazkoa baita.
(Erran nahi baita : Jaunaren iragaitea).
Gau hortan, Egipto osoan gaindi iraganen naiz,
eta hilen ditut Egiptoko lurraldean lehen ume guziak,
bai gizakienak, bai abereenak.
Eta nere jujamendua emanen diotet Egiptoko jainkoeri
nik, Jaunak.
Odola izanen duzue ezaugarri zaudezten etxetan.
Odola ikustean, aitzina iraganen naiz :
eta ez da izanen zuen kontra herio-zigorrik,
nik Egiptoko lurraldea jotzean.
Egun hau orroigarri izanen duzue,
eta besta handi eginen diozue Jaunari.
Besta hunen ospatzea betiko lege izanen duzue, gizaldiz gizaldi.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

115. Salmoa
Zeru kalitza dut hartuko
Jaun izenari kantuz ari !

Zer dut Jaunari bihurtuko,
Hainbertze baitaut eman neri ?
Zeru kalitza dut hartuko,
Jaun izenari kantuz ari.

Jainkoarentzat gauza gaitza
Bere sainduen heriotza.
Zuri naiz, Jauna, dena zuri,
Ez dut orai nik deus lokarri.

Nik zor eskerrak sarri zuri,
Jaun izenari kantuz ari.
Nik zer eskerrak Jainkoari,
Jaunaren haurrak, bil kantari.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 11, 23-26.

Haurrideak,
Jaunarenganik ikasia irakatsi dautzuet :
Jesus Jaunak, saldu zuten gau hartan, ogia hartu zuen,
eta eskerrak emanez, zatitu zuen, eta erran :
“ Hau nere gorputza da, zuentzat emana.
Egizue hau nere orroigarri.”
Afal ondoan, gauza bera egin zuen kalitzarekin, erranez :
“ Kalitza hau Batasun berria da ene odolean.
Edanen duzuen aldi oroz, egizue nere orroigarri.”
Beraz, ogi hau jaten
eta kalitza huntarik edaten duzuen bakotxean,
Jaunaren heriotzea iragartzen duzue, bera etorri arte.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Dugun denek elgar maita, Zuk maitatu bezala.
Huna emaiten dutan manu berria :
Denek elgar maita zazue Nik maitatu bezala.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 13, 1-15.

Bazko besta aitzinean, Jesusek baitzakien
mundu huntarik Aitarenganat iragaiteko ordua etorria zuela,
maite izan baitzituen munduan ziren bereak,
azken bururaino maitatu zituen.
Afaltzen ari ziren.
Ordurako debruak buruan sartua zion
Judas Izkariot, Zimunen semeari, Jesusen saltzeko xedea.
Baitzakien Aitak dena eskuetan ezarria ziola,
Jainkoarenganik etorria zela, eta Jainkoarenganat zoala,
Jesus mahainetik xutitzen da, soingainekoa kendu
eta oihal bat harturik, lotzen du gerrian.
Gero, untzi baterat ura ixurtzen du,
eta hasten da dizipuluen oinen garbitzen,
eta gerrian zuen oihalaz xukatzen.
Heldu da beraz Zimun Petriren aitzinerat.
Hunek erraiten dio : “ Jauna, zuk neri oinak garbi ? ”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Zer ari naizen, zuk ez dakizu orai, bainan gero jakinen duzu.”
Petrik berriz :
“ Ez, zuk sekulan ez dautazu oinik garbituko.”
Jesusek ihardetsi :
“ Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nerekilakorik izanen.”
Zimun Petrik erraiten dio :
“ Jauna,orduan ez oinak bakarrik, bainan, eskuak eta burua ere.”
Jesusek erraiten dio :
“ Mainatu denak ez du garbitze beharrik, osoki garbi baita ;
eta zuek garbi zirezte, bainan ez denak.”
Alabainan, bazakien nork salduko zuen ;
eta horren gatik erran zuen : “Ez zirezte denak garbi.”
Heien oinak garbitu ondoan, soingainekoa jantzirik,
berriz mahainean jarri zen, eta erran zioten :
“ Ba ote dakizue zer egin dautzuetan ?
Zuek, Irakaslea eta Jauna deitzen nauzue :
eta arrozoin duzue, hala bainaiz.
Beraz, nik Jaun eta Irakasle naizenak,
oinak garbitu badauzkizuet,
zuek ere behar ditutzue elkarri oinak garbitu.
Etsenplua eman dautzuet,
nik zueri bezala zuek ere egin dezazuen”.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Haurrideak, Jesusek arrats huntan egin duena amodiozko urrats eta haurrideen zerbitzu da:
berdin izan dadila gure otoitza.

1. Aita sainduarentzat, apezpiku eta apezentzat: Eukariztiaren zerbitzari zintzo eta kartsu izan diten, egin dezagun otoitz.

2. Apez izaiterat prestatzen ari direnentzat, eta hortarako deia entzunen dutenentzat, gogotik ihardets dezoten, egin dezagun otoitz.

3. Bataiatu guzientzat, hobeki konpreni dezaten zer den Eukariztiaren sakramendua eta maizago hurbil diten mahain saindurat, egin dezagun otoitz.

4. Jesusek gau huntan eman duen maitasunaren manu berriari hobeki jarraikiz, girixtinoek ez dezaten nehor bazterrerat utz, egin dezagun otoitz.

Aita guziz ona, egizu munduak ezagut dezan
Jesu Kristo baitan agertu duzun maitasuna,
haren bitartez baitzira goretsia menderen mendetan.

Parropia bakotxak egokitu behar du