B urtea / Jesusen Bihotz Sakratuaren besta

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Ose profetaren liburutik 11, 1. 3-4. 8-9.

Hunela mintzo da Jauna :
Izrael haurra zela, maite izan nuen,
eta, Egiptotik ateratzeko, dei egin nion nere semeari.
Nik erakutsi nion oinez ibiltzen Efraimi, besoetan ereman nuen ;
halere ez zen ohartu nik zaintzen nuela.
Amodio-lokarriz erakartzen nuen, maitasun loturaz ;
haurtxoa musuraino altxatzen duena bezala nintzen harentzat ;
ukurtu eta jatera ematen nion.
Bainan ez dute nereganat itzuli nahi izan : gaztigatuko ote ditut ?
Ez. Ikaraz jartzen zait bihotza, eta sutan dauzkat errainak.
Ez diot biderik emanen nere hasarrearen garrari,
ez dut gehiago Izrael hondatuko,
Jainkoa bainaiz, eta ez gizakia ;
Jainko Saindua zuen artean, eta ez naiz suntsitzera heldu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

Izai 12
Zatozte oro salbamenduko iturriraino !

Jauna da nere Jaungoiko eta Salbatzaile,
Harekin nago beldur gabe.
Jainkoa baita nere indarra, goresmena,
Hura, salbatu ninduena.

Guziek erran jendeari :
Haren egintzak miragarri.
Jaunari kanta, gora kanta :
Haren izena handi baita.

Mundu guzia, da jakina :
Miragarriak nasaiki egin dauzkigula.
Zionen egin jauzi, kanta,
Zutan, Izrael, Jainko saindua handi baita !


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 3, 8-12. 14-19.

Haurrideak,
neri, fededun guzien artean ttipiena naizenari,
dohain hau eman zait :
Kristoren neurrigabeko aberastasuna paganoeri hots egitea,
Eta deneri argitan erakustea nola ari den betetzen mixterioa,
Jainkoa baitan, gauza guzien egilearen baitan
betidanik gordea zagon mixterioa.
Hola, agerian ezartzen zaiote orai, Elizaren bitartez,
zeruetako aitzindari eta botereduneri
Jainkoaren gisa guzietako zuhurtzia.
Hori da Jainkoak betidanik zuen asmoa,
Kristo Jesus gure Jaunaren baitan obratu duena.
Kristoren bitartez eta haren baitan dugun fedeari esker
ausartatzen gira konfiantza osoz Jainkoaganat hurbiltzera.
Horrengatik, belaunikatzen naiz Aitaren aitzinean,
bai zeruan eta bai lurrean familia ororen sorburu denaren aitzinean.
Bere aintzaren aberastasunari esker
barnez azkar zaitzatela bere Izpirituaren indarrez.
Kristo bizi dadila zuen bihotzetan sinestearen bidez,
eta maitasuna izan dadila zuen biziaren erro eta oinarri
Horrela konprenitzen ahalko duzue, fededun guziekin batean,
zein den zabala eta luzea, gora eta barna.
Ezagutuko duzue
ezagutza oro gainditzen duen Kristoren maitasuna.
Eta horrela, Jainkoaren betearen beteaz beteko zirezte.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesu Kristo, Jainkoaren Semea, uraz eta odolaz etorri da;
Haren heriotzeak bizia eman dauku!

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 19, 31-37.

Bazkoko prestaketen egiteko eguna zen,
eta juduek ez zuten nahi gorputzak
larunbatez gurutzean gelditzea,
larunbat hura besta egun handia baitzen.
Horrengatik, gurutzefikatueri zangoak hautsi,
eta handik kenarazteko eskatu zioten Pilatori.
Joan ziren, bada, soldaduak, eta zangoak hautsi ziozkaten
Jesusekin gurutzefikatu zituzten bieri.
Jesusenganat heltzean, orduko hila zela ikusirik,
ez ziozkaten zangoak hautsi.
Bainan, soldadu batek lantzaz sahetsa zilatu zion,
eta berehala odola eta ura atera ziren.
Ikusi duena lekuko da, zuek ere sinets dezazuen.
(Haren lekukotasuna egia da
eta Jaunak badaki egia diola).
Horiek gertatu dira, Liburu Sainduak diona bete zadin :
“ Ez diote hezurrik hautsiko.”
Eta beste pasarte batean ere hau dio :
“ Zilatu dutenari behatuko diote.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, Mezetako deiak, B, 2

Itzul ditzagun gure begiak Kristoren Bihotzari buruz. Eta Aitaren dohain guzien iturria baita, fidantziarekin egin dezagun otoitz.

1. Elizak behar du agertu Jainkoak denentzat duen amodioaren mixterioa: girixtino bakotxaren bihotza zabal dadin guzietarat, egin dezagun otoitz

2. Elizaren bidez guzien gainerat ixuriak dira Kristoren bihotzetik jali diren ura eta odola: handi dadin gutartean sakramenduen amodioa eta errespetua, egin dezagun otoitz.

3. Gizon guziak deituak dira Jainkoaren amodio beretik maitatzerat: ezkon-gaiek, ezkonduek, burasoek, adixkidek Jainkoa baitan bila dezaten beren modela eta indarra, egin dezagun otoitz.

4. Badira ainitz amodiorik gabe bizi, edo amodio makurretarat erortzeko irriskuan: esperantza galdu gabe, jakin dezaten Jainkoaren gisa barkatzen, egin dezagun otoitz.

5. Hemen bilduak girenentzat: gure bokazionearen arabera bizi gaiten, Jainkoak maite gaituelako bozkarioan, amodio horren ezagutarazteko lehiarekin, egin dezagun otoitz.

Jainko gure Aita, Izrael zure herria maitasun lokarriez gidatu duzu.
Irakats-aguzu gure bizitze osoa maitasun hortan iragaiten.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Parropia bakotxak egokitu behar du