Apostoluen Egintzetarik 9, 26-31.
Konbertitu-eta,
Paulo Jerusalemerat etorri zen,
eta dizipuluekin elkarretaratu nahiz zabilan,
bainan denak haren beldur ziren,
ez baitzuten sinesten Kristoren dizipulu zela.
Orduan Barnabek berekin hartu eta apostolueri ereman zioten.
Kondatu zioten nola Damaserateko bidean Paulok Jauna ikusi zuen,
nola Jauna mintzatu zitzaion,
eta nolako ausartziarekin Jesusen izenean mintzatu zen Damasen.
Ordutik, apostoluekin ibili ohi zen Jerusalemen,
Jaunaren izenean ausartziarekin mintzatuz.
Greko-hizkuntzako Juduekin hizketan eta eztabadan ari zen ;
bainan hauek Paulo hil nahi zuten.
Haurrideek, hori jakitean Zezarearat ereman zuten,
eta handik Tarzorat igorri.
Eliza bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Zamarian.
Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen,
eta Izpiritu Sainduaren laguntzari esker emendatuz zoan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
21. Salmoa
Zutaz dezagun kantu eman,
Jauna, fededun-biltzarrean.
edo : Alleluia.
Zu zaitut, Jauna, zu bihotz-kantu biltzarrean,
Jainkoa maite duten gizonen aitzinean.
Janen dute bai behartsu jendek ausarkian.
Jainkozaleek orduan kantu denek betan.
Mundu huntako guziak dira orroituko,
Eta guziak Jainkoa ganat itzuliko.
Jauna da-eta, Jauna, zuzenez denen Jainko.
Herri guziak behar baititu bere peko.
Nere arima, nere bizia Hari dena,
Nere ondoko jendea ere Jaunarena.
Erranen baitu gerokoeri nor den Jauna,
Sortuko diren jenderi : “ Hau du hau egina”.
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3, 18-24.
Ene haurtxoak,
ez dezagun hitzez eta mihiz maita, bainan egitez eta egiaz.
Hortarik jakinen dugu egiarenak girela,
eta Jainkoaren aitzinean bihotza bakean izanen dugu.
Zeren gure bihotzak kondenatzen bagaitu ere,
gure bihotza baino handiagoa da Jainkoa, eta denak badazki.
Nere maiteak, gure bihotzak kondenatzen ez bagaitu,
fidantzia osoan jo dezakegu Jainkoarenganat.
Eta eskatu guzia ardiesten dugu harenganik,
haren manamenduak begiratzen baititugu, eta atsegin zaiona egiten.
Eta huna Jainkoaren manamendua :
sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan,
eta elkar maita, manatu daukun bezala.
Haren manamenduak begiratzen dituena
Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.
Eta gure baitan dagolako seinalea hau da :
Berak eman daukun Izpiritua.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Bai dohatsua Jaunaren baitan bizi dena :
Iduri luke ur bazterrean den zuhaitza,
Ordu denean fruitu onak baitakartza.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15, 1-8.
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastizaina.
Nitan fruiturik emaiten ez duen aihena kentzen du,
eta fruitua emaiten duena garbitzen, fruitu gehiago eman dezan.
Zuek garbi zirezte jadanik, erran dautzuetan hitzari esker.
Zaudezte nere baitan, eta ni zuen baitan.
Aihenak, mahatsondoan egoiten ez bada,
fruiturik eman ez dezakeen bezala,
zuek ere berdin, ez bazirezte ni baitan egoiten.
Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak.
Nere baitan dagonak, eta ni haren baitan,
harek fruitu ainitz emaiten du, ni gabe ez baitezakezue deusik egin.
Nere baitan ez dagona
kanporat botatzen eta eihartzen den aihena bezala da.
Aihen eiharrak biltzen dira, surat botatzen eta erretzen.
Nere baitan bazaudezte, eta nere hitzak zuen baitan badaude,
eska nahi duzuena, eta ukanen duzue.
Huntan agertzen da nere Aitaren aintza :
fruitu ainitz eman dezazuen ;
orduan nere dizipulu izanen zirezte.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Jesusek erran dauku: “Nitan balinbazaudezte, galda zazue nahi du-zuena, eta ukanen duzue”.
Fede horrekin dei egin diezogun.
1. Elizarentzat: Izpiritu Sainduari leial izanez eta zuzentasunezko fruitu ainitz emanez, Jainkoa gorets dezan, egin dezagun otoitz.
2. Elizaren menbroen arteko batasunarentzat: Jerusalemeko elizaren idurirat izan dadin, heldu zaizkon haur berrieri ongi etorri eginez, eta denak lagunduz fedean bizitzen, egin dezagun otoitz.
3. Erientzat, sofritzen dutenentzat, Kristorekin bat direlako segurtamenak eman dezoten indar eta kuraia, egin dezagun otoitz.
4. Hemen girenentzat, gure herriko gazte eta haurrentzat: Jainkoaren manamenduak beti hobeki errespetatuz, gure baitan azkar begira dezagun Jaunak eman daukun bizia, egin dezagun otoitz.
Jesus Jauna, zu gabe deus ez baitezakegu, zuri deika gaude.
Emaguzu, otoi, zure baitan bizitzea,
eta zuk nahi duzun fruitua emaitea Aitaren osperako,
Harekin baitzaude gizaldi eta gizaldietan.
Parropia bakotxak egokitu behar du