Lehen irakurgaia

Lebitarren liburutik 19, 1-2. 17-18.

Jaunak erran zion Moisi :
“ Mintza zaite Izraelen semeen biltzar guziari ; eta erran :
Izan zaitezte saindu,
ni, Jauna, zuen Jainkoa, saindua bainaiz.
Ez izan bihotzean herrarik zure haurridearentzat.
Erraitekoak erran dudarik gabe zure lagunari,
ez dezazun har zure gain haren bekatua.
Ez egin mendekurik,
ez izan aiherkunderik zure herritarrarentzat.
Maita zure hurko laguna, zure burua bezala.
Ni naiz Jauna ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

102. Salmoa
Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren Izenari !
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari !

Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori ;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.

Ona da Jauna eta guzien urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Gaizkien arau ez zauku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.

Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri :
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Hala da Jauna jainkozaleen urrikari.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 3, 16-23.

Haurrideak,
ez ote dakizue Jainkoaren tenplua zireztela,
eta Jainkoaren Izpiritua zuen baitan bizi dela ?
Jainkoaren tenplua hondatzen duena, Jainkoak hondatuko du ;
Jainkoaren tenplua saindua baita :
tenplu hori zuek zirezte.
Nehork ez beza bere burua engana :
zuen arteko norbaitek mundu huntako gisan zuhur dela uste badu,
zoro egin bedi, zuhur izaiteko.
Zeren, mundu huntako zuhurtzia
zorokeria baita Jainkoaren aitzinean.
Liburu Sainduak dion bezala :
Zuhurrak beren maltzurkerian harrapatzen ditu.
Eta beste hau ere dio :
Badaki Jaunak zuhurren asmoak hutsalak direla.
Beraz, ez bedi nehor harro izan gizakiez, dena zuena baita :
Paulo, Apolos, Petri, mundua, bizia, heriotzea,
oraikoa eta gerokoa, dena zuena da.
Zuek, ordea, Kristorenak zirezte, eta Kristo Jainkoarena.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Kristoren hitza betetzen duenaren baitan
Jainkoaren maitasuna osoa dago.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 38-48.

Jesusek erran zioten dizipulueri :
“Entzun duzue aitzinekoeri errana :
Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain.
Nik, aldiz, diozuet : ez ihardok gaizkileari ;
bainan, eskuineko matelan jotzen zaituenari, eskain bestea ere.
Soinekoaren kentzeko auzitarat ereman nahi zaituenari,
utz soingainekoa ere.
Norbaitek mila urratsen egitera bortxatzen bazaitu,
egin bi mila harekin.
Eskatzen dautzunari emozu,
eta presta diezozun galdegiten dautzunari, ez bizkarrez itzul.
Entzun duzue aitzinekoeri errana :
Maita zure hurko laguna, eta hastia etsaia.
Nik, aldiz, diozuet : maita zuen etsaiak,
eta egin otoitz gaizki erabiltzen zaituztenen alde,
zeruetan dagon zuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten ;
harek bere iguzkia gaixtoen eta onen gainerat ateratzen baitu,
eta euria zuzenen eta zuzengabeen gainerat ixurtzen.
Maite zaituztenak bakarrik maite baditutzue, zer sari zor zaitzue ?
Zergalariek ere ez ote dute beste hainbeste egiten ?
Eta zuen haurrideak bakarrik agurtzen baditutzue,
zer egiten duzue berezirik ?
Paganoek ere ez ote dute beste hainbeste egiten ?
Zuek, beraz, izan zaitezte guziz onak,
zeruetako zuen Aita guziz ona den bezala.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du