Lehen irakurgaia

Ziraken liburutik 15, 15-20.

Nahi baduzu, manamenduak bete ditzazkezu,
zure esku dago leial izaitea.
Jaunak sua eta ura ezarri dauzkitzu aitzinean :
luza eskua nahi duzunera.
Bizia eta heriotzea daude gizakiaren aitzinean ezarriak,
zer duen hautatzen, hura emanen zaio.
Handia da, bai, Jaunaren zuhurtzia,
handia haren ahala, eta denak ikusten ditu.
Begiak haren beldur direnenganat itzuliak ditu,
eta ezagutzen ditu gizakien egintza guziak.
Ez dio nehori fedegabe izaiteko manatu,
ez eta nehori bekatu egiteko baimenik eman.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

118. Salmoa
Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

Dohatsu bide garbi garbian ari dena,
Jainko legean dabilana.
Dohatsu Jaunak manatueri jartzen dena,
Bihotzez bila doakona.

Zuk dauzkigutzu manamenduak guri eman,
Osoki gaiten ibil hoitan.
Nere bideak agian zuzen doatzila,
Legeari jar nondik nola.

On izan zaite zure hunentzat, bizi nadin,
Zuk manatua dudan egin.
Zabal-zkidatzu neri begiak, dudan goza
Zure legeen argi gaitza.

Zure nahien bidea erran nondik non den,
Hartan artoski bainaiz joanen
Argi nezazu zure legean sartu arte,
Bihotz guziaz dudan bete.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 2, 6-10.

Haurrideak,
fede helduko girixtinoeri zuhurtzia irakasten diotegu, guk ;
bainan zuhurtzia hori ez da mundu huntakoa,
ez eta laster galduko diren mundu huntako buruzagiena ere.
Guk, Jainkoaren mixterioaren zuhurtzia irakasten dugu,
harek gordean atxikia
eta betidanik gure aintzarako zaukana.
Mundu huntako buruzagietarik batek ere
ez du zuhurtzia hori ezagutu,
zeren, ezagutu izan balute,
ez baitzuten gurutzefikatuko aintzaren Jauna.
Bainan Liburu Sainduak dion bezala :
nehork ikusi eta entzun ez duena,
gizakiari sekulan bururatu ez zaiona,
Jainkoak maite dutenentzat prestaturik zaukana,
hori dauku guri Jainkoak agertu Izpirituaren bidez.
Izpirituak, alabainan, denak ikertzen ditu,
bai eta Jainkoaren barne-barnea ere.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jaunaren Legea bihotzaren asegarri, begien argi !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 17-37.

Egun hartan, Jesusek erran zioten dizipulueri :
“ Ez uste izan Legearen eta Profeten ezeztatzera etorria naizela :
ez naiz ezeztatzera etorria, bainan heien beterat eremaitera.
Egiaz diozuet : zeru-lurrek dirauteno,
ez letra bat, ez marra ttipiena ere ez da galduko Legetik
guzia bete arte.
Beraz, manamendu ttipi horietarik bat bakarrik hautsiko duena,
eta gizoneri hola egiten irakatsiko,
ttipiena ekarria izanen da zeruetako Erreinuan.
Beteko dituena, aldiz, eta irakatsiko,
handi ekarria izanen da zeruetako Erreinuan.
Zeren nik diozuet :
Zuen zuzentasuna lege-irakasleena eta farisauena
baino handiagoa ez bada,
ez zirezte sartuko zeruetako Erreinuan.
Badakizue lehengoeri errana izan zaiotela : ez nehor hil,
eta norbait hiltzen duena, hobendun izanen da auzitegian.
Nik, aldiz, diozuet : bere anaiari hasarretzen zaiona,
hobendun izanen da auzitegian.
Bere anaiari zoroa erraiten diona,
hobendun izanen da batzar nagusian.
Arnegatua erraiten diona, ifernuko sutarako hobendun izanen da.
Beraz, zure oparia aldarean eskaintzean
orroitzen bazira zure anaiak zerbait baduela zure kontra,
utz han zure oparia, aldare aitzinean,
zoazi lehenik zure anaiarekin baketzera,
eta gero, zato zure opariaren eskaintzera.
Bakea egizu lehenbailehen zure kontrakoarekin,
harekin bidean zireno,
kontrakoak ez zaitzan jujearen esku ezar,
jujeak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten.
Egiaz diozuet: ez zira handik aterako azken sosa ordaindu arte.
Entzun duzue errana izan dela : ez egin adulteriorik.
Nik, aldiz, diozuet : emazte bati gutiziaz behatzen dionak
jadanik adulterioa egina du harekin bere bihotzean.
Eskuineko begia galbide bazaitzu,
atera zazu eta bota zuganik urrun :
hobe duzu gorputz-zati bat galdu,
oso-osorik ifernurat botatua izan baino.
Eskuineko eskua galbide bazaitzu,
motzazu eta bota zureganik urrun :
hobe duzu gorputz-zati bat galdu,
oso osorik ifernurat joan baino.
Errana da ere :
Bere emaztea uzten duenak, eman diezola dibortzio-ageria.
Nik, aldiz, hau diozuet : bere emaztea uzten duenak,
– non ez diren legez kontra elkartuak –
adulteriora erakartzen du emaztea,
eta emazte utziarekin ezkontzen denak
adulterioa egiten du.
Entzun duzue ere lehengoeri erran zitzaiotena :
Ez egin gezurrezko zinik,
bainan bete Jaunari egin zure zinak.
Nik, aldiz, diozuet : zinik ez egin batere,
ez zeruaz, Jainkoaren tronua baita,
ez lurraz, haren oinpekoa baita,
ez Jerusalemez ere, Errege handiaren hiria baita.
Ez egin zinik zeure buruaz ere,
ez baitezakezu zure ileetarik bat ere zuri edo beltz egin.
Zuek errazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean.
Gaineratekoa Gaixtoarenganik dator.”

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 20-22a. 27-28. 33-34a. 37.

Egun hartan, Jesusek erran zioten dizipulueri :
Zeren nik diozuet :
Zuen zuzentasuna lege-irakasleena eta farisauena
baino handiagoa ez bada,
ez zirezte sartuko zeruetako Erreinuan.
Badakizue lehengoeri errana izan zaiotela : ez nehor hil,
eta norbait hiltzen duena, hobendun izanen da auzitegian.
Nik, aldiz, diozuet : bere anaiari hasarretzen zaiona,
hobendun izanen da auzitegian.
Entzun duzue errana izan dela : ez egin adulteriorik.
Nik, aldiz, diozuet : emazte bati gutiziaz behatzen dionak
jadanik adulterioa egina du harekin bere bihotzean.
Entzun duzue ere lehengoeri erran zitzaiotena :
Ez egin gezurrezko zinik,
bainan bete Jaunari egin zure zinak.
Nik, aldiz, diozuet : zinik ez egin batere.
Zuek errazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean.
Gaineratekoa Gaixtoarenganik dator.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du