Ezekiel profetaren liburutik 33, 7-9.
Hunela mintzatu zitzaitan Jauna :
“ Gizaseme, Izrael etxearen begirale jarri zaitut.
Nere ahotik hitza entzuten duzunean,
ohartarazi behar dituzu nere izenean.
Nik gaixtoari erraiten badiot : “ Hil behar duzu”,
eta zuk ez baduzu ohartarazten,
ez badiozu erraiten bere bide makurretik bazter dadin,
bera, gaixtoa, bere hobenez hilen da,
bainan zuri eskatuko dautzut haren odolaren kontua.
Aitzitik, zuk ohartarazten baduzu gaixtoa,
bere bidetik bazter dadin,
eta hura ez bada baztertzen, bere hobenez hilen da,
bainan zuk, salbatu duzu zure bizia.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
94. Salmoa
Guziek egun bihotzez dugun Jauna entzun !
Zatozte, kanta Jainkoari,
pizten gaituen Harrokari !
Joan gitzaiola soinuz ari,
Jaunari denak jauz kantari !
Zatozte, kanta Jainkoari,
pizten gaituen Harrokari !
Zatozte haren otoizteko,
gauden ahuspez belauniko.
Jaunak eginak garelako,
hura dugu bai denek Jainko.
Gu Jaunarena den jendea,
eskuz dabilan artaldea.
Egun agian, zuek egun,
Jainko Jaunaren deia entzun.
Ez bihotz gogor, otoi, izan,
nola Meriban eta Mazan.
Aitek han gogor egin zuten,
nik eginez hotz egon ziren.
Jondoni Paulok Erromanoeri 13, 8-10.
Haurrideak,
ez izan zorrik nehorekin, elkar maitatzea baizik,
zeren besteak maite dituenak betea baitu legea.
Alabainan, manamendu hauek :
Ez egin adulteriorik, ez nehor hil, ez ebats, ez gutizia,
eta beste manamendu guziak hitz hauetan biltzen dira :
Maita zure hurko laguna zure burua bezala.
Maitasunak ez dio gaizkirik egiten lagunari.
Beraz, maitatzea Legearen osoki betetzea da.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Kristoren baitan, Jainkoak berekin baketu zuen mundua,
Gure ezpainetan baketzearen hitza ezarriz.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 18, 15-20.
Jesusek erran zioten bere dizipulueri :
“ Zure haurrideak bekatu egiten badu,
zoazkio eta buruz buru egin zure arrangurak.
Entzuten bazaitu, zure haurridea irabazia duzu.
Ez bazaitu entzuten, har zurekin lagun bat edo bi,
auzi guzia bi edo hiru lekukoren erranetik xuri dadin.
Heiek ez baditu entzun nahi, errozu eliz-elkarteari ;
eta Eliza ere ez badu entzun nahi,
pagano eta zergalari baten pare izan bedi zuretzat.
Egiaz diozuet :
lur huntan lotuko duzuen guzia, zeruan ere lotua izanen da,
eta lur huntan libratuko duzuena, zeruan ere libratua izanen da.
Berriz ere erraiten dautzuet :
zuetarik biga lur huntan akortean jartzen badira
zerbaiten eskatzeko,
zeruko nere Aitarenganik ardietsiko dute.
Alabainan, bizpahiru lagun biltzen badira nere izenean,
han nago ni heien erdian.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du