Lehen irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 8, 5-8. 14-17.

Filipe, Zazpietarik bat, Zamariako hiri baterat jautsi zen,
eta han Kristoren berri ona oihukatzen zuen.
Jendea, gogoz bat, dena beharri zagon Filipen erraneri,
denek entzuna baitzuten haren mirakuiluen berri,
bai eta berek ere ikusten.
Ezen debrudun askorenganik
Izpiritu gaixtoak ateratzen ziren deiadarka.
Parlesiatu eta maingu ainitz sendatuak izan ziren.
Eta bozkario handia izan zen hiri hartan.
Jerusalemen ziren Apostoluek jakin zutenean
Zamariak Jainkoaren hitza onartu zuela,
Petri eta Joani igorri zituzten heienganat.
Harat heldu-eta, Zamariarrentzat otoitz egin zuten,
Izpiritu Saindua ukan zezaten.
Alabainan, Izpiritua ez zen oraino
heietarik nehoren gainerat jautsia :
Jesus Jaunaren izenean bataiatuak ziren bakarrik.
Orduan, Petrik eta Joanik eskuak gainean ezarri ziozkaten,
eta Izpiritu Saindua ukan zuten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

65. Salmoa
Kanta Jaunari, lur guzia
Kanta Jaunaren izenari !

edo : Alleluia.

Kanta Jaunari, lur guzia,
Kanta Jaunaren izenari.
Bihur Jaunari zor loria :
Zoin zaren, Jauna, miresgarri.

Lurrean daude kantuz denak,
Hain zare, Jauna, goresgarri.
Zatozte beha, izan beldur :
Egintzak Jaunak gaitzak ditu.

Hak itsasoa egin du lur,
Hor denak oinez joan baititu.
Hari eskerrak, hari kantu :
Betiereko indarra du.

Jainkozaleak etor, entzun,
Nere arimak zer zor dion.
Esker kantuak Jainkoari :
Gogotik bainau ni entzuna.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 3, 15-18.

Haurrideak,
Kristo Jauna behar duzue aitortu zuen bihotzetan
saindu bakarra dela.
Eta beti prest egon, zuen baitan den esperantzaren arrazoina
galdatzen dautzueteneri ihardesteko,
bainan eztiki eta errespetuz.
Atxik kontzientzia garbi :
hola, Kristo baitan duzuen bizimolde onaz
gaizki erranka ari direnak beren hitz gaixtoez ahalgetuko dira.
Hobe da, alabainan, ongia egiteagatik sofritzea,
Jainkoak hala nahi badu, gaizkia egiteagatik sofritzea baino.
Kristo bera ere bekatuengatik hil zen, behin betiko,
hobengabea hobendunengatik,
zuek Jainkoarenganat eremaiteko.
Bere gorputzean hil zuten,
izpirituan, bizirat itzuli zen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Izpiritu Saindua baitan egin aitormen :
Jesus Jainkoaren Semea dela, Izpiritua egia baita.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 15-21.

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean
Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Maite banauzue, nere manamenduak begiratuko ditutzue.
Nik Aita otoiztuko dut,
eta beste Laguntzaile bat emanen dautzue,
betiko zuekin izanen dena :
Egiaren Izpiritua.
Munduak ezin du hartu, ez baitu ikusten, ez ezagutzen ;
bainan zuek ezagutzen duzue,
zuen ondoan baitago eta zuen baitan izanen.
Ez zaituztet umezurtz utziko : berriz etorriko nitzaizue.
Laster munduak ez nau gehiago ikusiko,
zuek ordea ikusiko nauzue bizirik,
eta zuek ere biziko zirezte.
Egun hartan, konprenituko duzue nere Aitaren baitan nagola,
zuek nere baitan, eta ni zuen baitan.
Nere manamenduak onartu eta begiratzen dituenak,
harek nau maite.
Ni maite nauena nere Aitak maitatuko du
eta nik ere maitatuko dut, eta agertuko nitzaio.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.